Museoek 60ko hamarkadaren amaiera aldera norabide aldaketa izan zuten. Eraberritzen saiatu ziren, beren eginkizun pedagogikoa hobeto betetzen eta jarduera berriak aztertzen ahalik eta bisitari gehien erakartzeko. Eta ugaritu egin ziren: munduan dauden 25.000 museoetatik erdiak baino gehiago azken berrogeita hamar urteotan ireki dira. Museo kontzeptua bera ere aldatu egin zen.
Museoak XVIII. mendearen amaieran sortu ziren, gizakiak egindako obrarik ederrenak bildu, kontserbatu eta jendeari erakusteko. Lehenengo museoek, alabaina, maiz ez zuten bitartekorik artelan horiek behar bezala mantentzeko eta era erakargarrian erakusteko. Horren ondorioz, museoak bizitasunik gabeko leku gris bihurtu ziren.
Gaur egun, ordea, grisa ez da ia erabiltzen. Eta oso zehatzak ez diren zazpi museo-kategoria handiei kolore berriak eman dakizkieke.
LARANJA: INTERPRETAZIOAREN HELBURUAK
Mugimendu hori 50eko hamarkadan hasi zen Estatu Batuetako parke nazionaletan eta, gerora, ingurune anglosaxoian hedatu zen. Interpretazioa gertaera gogoangarria da museoen historian: gaiari garrantzi handiagoa ematen dio, museoan gordeta dagoen objektuari baino. Objektuari iraganaren lekuko bailitzan begiratzen zaio, eta ez da jada arreta-gune bakarra. Interpretazioak ez du probokazioaren eta aldez aurreko ideien aurka joatea baztertzen; esanahi didaktikoa ez da, beraz, jadanik funtsezkoa. Bisitariak duen jakituria zientifiko hutsa baino gehiago, bere esperientzia erabiltzea du helburu, bisitariaren eta atzemandako esperientziaren arteko harremana maila berekoa izatea, alegia. Parke nazionalez gain, ehunka leku historikok hartu du interpretazio ikuspuntu hori munduan zehar.
70eko hamarkadaren amaieraz geroztik mugimendu horrek beste aurkezpen modu batzuk proposatu ditu. "Bisita-esperientzia" nozioan oinarritzen dira modu berri horiek. Bisitariek historiaz beteta dagoen leku baten izpiritua, eman ditzakeen ezagutzak eta jakintzak edo lekuari berari buruzko gogoeta egiten dute. Interpretazioak historiaren itaun berrien, hipotesien eta ikuspegi berrien aurre-aurrean jartzen ditu ikusleak. Adibidez, Mendebaldearen Konkista Estatu Batuetan, beltzen salerosketa edo kolonialismoa beste ikuspuntu batetik erakusten dira.
BERDEA: EKOMUSEOEN MUGIMENDUA
70eko hamarkadan museoen demokratizazioak beste pauso bat eman zuen ekomuseo formularen eskutik. Joera honek zalantzan jarri .zituen museoaren oinarrizko hiru osagaiak: eraikina, bildumak eta kanpoko ikusleak. Eraikin kontzeptuak desagertu egin behar zuen eta horren ordez lurralde zehatza jarri, tipologia-erakusketek lekua utzi behar zioten in situ-ko ondasunari (naturazkoa eta kulturazkoa, zabala edo mugatua); ikusleak lurralde horretako biztanle izan behar zuen, aldi berean hor zegoen ondasunaren erabiltzaile eta zaintzaile. Besteak beste, aipatu beharrekoak dira Maison du Fier-Monde (langile ingurunea) Montrealen, eta Margerie (Auverniako nekazari ingurunea) zein Quessant uhartekoa (itsas ingurunea) Frantzian.
HORIA ETA URDINA: IKUSPUNTU KOMUNITARIOA ETA ELKARBANATUTAKO JAKITURIA, HURRENEZ HURREN
Ekomuseoen mugimendua landako mugimendua zen bereziki. Eta izan zuen parekorik hirian, Ipar Amerikako hiri handietan laugarren mundu bat ere bazegoela ohartu zirenean, 70eko eta 80ko hamarkadetan. Neighborhood museums-ak (auzotarren museoak) New York, Washington, Chicago edo Tucson hirietako -hiri batzuk soilik aipatzearren- auzorik behartsuenetan sortu ziren. Sarritan leku publikoak izandakoetan kokatzen ziren, etxe edo hangar soiletan. Leku horietako herri kulturaren adierazle ziren, eta honako oinarri hauek zituzten: etnia, langileria edo eskulanak.
Estu lotuta dauden kolore horiaren eta urdinaren paleta berean bi mugimendu sortu dira munduko hainbat lekutan. Bata, 80ko hamarkadaren erdialdean sortutakoa, "konprometitua" da: museoa komunitate garapenaren tresna bihurtzen da, bere baliabideak zabalduz eta aprobetxatuz. Saheleko (Niger, Burkina Faso, Mali) hainbat museok ikuspuntu hori aukeratu dute, aurkezten duten kultura animistaren objektuen inguruan.
Bigarren mugimendua, elkarbanatutako jakintza mugimendua, batez ere, natur zientzia museoetan eta zientzia eta teknologia museoetan aurki daiteke. Sarritan, horien helburua zientziari buruzko interesa -eta askotan baita grina ere- piztea da eta gazteak ikasketa zientifikoak egitera bultzatzea.
URREA ETA ZILARRA: IKUSGARRITASUNA ETA NEGOZIOAK
Azken bi hamarkada hauetan, aldaketa eta gorabehera ekonomiko sakonak nabarmendu dira.
Hainbat herrialdetan kulturarako eta museoetarako aurrekontuak murriztu egin dira. Egoera horri aurre egiteko, museo batzuek aurkezpen eta merkaturatze estrategiak aukeratu dituzte.
Arte museoetan bereziki, ikusgarritasunak garrantzi handia lortu du bakarra eta esklusiboa eta antzeko erakusketa handiak direla medio. Ikuskizun horietan, publizitate kanpainen bidez, hainbat eremu ustiatzen dira: artisten lan argitaragabeak aurkezten dira, bilduma partikularren ohiz kanpoko erakusketak antolatu, bakarrak diren altxorrak, exotikoa edo apartekoa den zerbait iradokitzen duten gauzak, eta abar. Erakusketa horiek museoek irabazi handiak izatea lortu behar dute, defizitak murriztu ditzaten edota erakusketa berriak eskaini.
MOREA: HILERRI-MUSEO MUGIMENDUA
Museoa gizartearen dolu tresna ere izan daiteke, aldi berean inoiz itzuliko ez den urrezko garaia gogoratu nahi duen, eta orainari eta etorkizunari aurrez aurre begiratu nahi dion gizartearena. Bilduta eta erakusteko dauden gauzen bitartez errazagoa da iraganeko jazoera eta gertakariak gainditutzat ematea, eta hiltzat edo ezinbestean galdutzat jotzea. Suediarrek, adibidez, orain dela mende bat, lehen kanpoko edo skansen museo a sortu zuten, nekazari-gizarte tradizionalari behin betiko agurra emateko.
Orain dela hamabost urtetik hona, hilerri-museo berri horiek non-nahi agertu dira: sarritan unibertsala den oroimen kolektiboan gordetzen diren basatikeriak eta hondamendi handiak ez ahazteko sortzen dira. Horrela, Ipar Amerikan, Europan eta Israelen Holokaustoari, Vietnameko gerrari eta bestelako zorigaitzei buruzko museoak ireki dira. Beste museo batzuk natura hondamendiak oroitzeko sortu dira: uholde handiak, sumendien erupzioak, lurrikarak, eta abar.
XXI. mendea iristear dagoen honetan, museoen pintura amaigabe hori osatuz joango da eta koloreak ugaritu egingo ditu gizakiaren beharren infinitura heldu arte.