euskaljakintza_logo_txikia.gifjakintza_avatar.gifMaite Goñi (euskaljakintza)

2008ko urriaren 4ko IRAKURMENA

(EGA: 2007-2008 azterketak liburutik hartua)

Ondoko testuak arretaz irakurri eta eskuinean datozen galdera guztiak erantzun itzazu. Erantzun okerrengatik ez da punturik kentzen; kalifikazioa erantzun zuzenena izango da.

IRAKURMENA

AUTISMOA

FAOren goi bilkura Erroman elikadura segurtasunaren inguruan. Horixe da izendapen ofiziala. Horixe da eufemismo ofiziala. Bilkura, bistan da, goseteari buruzkoa izan da. Gosea indar handiz hedatzen ari baita munduan barrena, XXI. mendearen hasiera honetan. Merkatuaren diruzalekeria aseezinak krisia eragin du herrialde aberatsetan, espekulazioa baita burtsaren krisiaren eragilea, espekulazioa baita krisi inmobiliarioaren gibelean. Merkatuaren diruzalekeria gosetea eragiten ari da mundu osoan, besteak beste, espekulatzaileak baitaude jakien garestitzearen atzean. Eta, harrigarriki, oraindik badira liberalismo ekonomikoaren alde sutsuki egiten dutenak. El País-ek krisiari aurre egiteko zergak jaisteko eskatu zuen ostiraleko editorialean. Merkatua da handiena, galtzea litzateke galtzea dena.

Zorrozki azaldu du zer gertatzen ari den Eduardo Galeano idazle uruguaiarrak: «Ez dago aski elikagai guztientzat. Eta nor elikatu eta nor utzi gosez hiltzen aukeratu behar izan dugunean, autoaren aldeko apustua egin dugu, autoari eman diogu jaten, eta txiroak gosez hiltzen ditugu. Izan ere, familiako kiderik garrantzitsuenak garajean egiten du lo». Ona. Autismoa da nagusi egungo gure gizartean. Autismoa, besteen egoera, sufrimendua, heriotza berdin zaigulako. Autismoa, autoa gurtzen dugulako. Autonomia nahi dugu, autoa izan dadin gugan agintzen duen bakarra. Automatak gara, autoak agindu bezala mugitzen garen gizakiak. Eta garai txarrak datozenez, zapal dezagun azeleragailua. Juan Kruz Lakasta eta Zaldieroa. Berria, 08/06/8 (Moldatua)

EZ DUZU IDAZLEA EMATEN

Gustuko ditut ematen duzu / ez duzu ematen esaldiak. Asko ematen dute. Judith Montero saxo-joleak esaten du askotan entzun dituela, baita musikari profesionalen abotan ere «Joe, itxura hutsari begiratuta ondo jo behar du horrek» bezalako esaldiak. Imajinatu dezakegu udako gau bat eta nazioarteko musikarien topaketa baten osteko afaria terraza batean. Eta gizon bat, altua, gabardinarekin. Eta ilea atzera. Eta «ondo jo behar du horrek». Baina Judithi ez omen zaio, begiratu batean, ondo ala gaizki jotzen duen igartzen ... Emakumeei orokorrean ez omen zaie saxoa ondo ala gaizki jotzen duten igartzen ... Bitxia.
Esana zidaten «ez duzu bertsolaria ematen».

Ez nuen ulertu Elgoibarren «Hitzak egin gaitu ezer» bertsolaritzari buruzko erakusketan bisita gidatuak egin nituen arte. Oholtza bat zuen erakusketak, eta haurrei bertara igo eta bertsolariak imitatzeko eskatzen genien. «Egin bertsolariarena!» animatzen genituen. Orduan ulertu nuen: haur guztiek -neska zein mutiko- gizonezko bat imitatzen zuten; gehien-gehienek purua pizteko imintzioa egiten zuten, hankak zabaldu eta eskuak atzean gurutzatzen zituzten, burua altxa eta ahots nasalarekin hasten ziren boz gora kantuan ... «Egia da, ez dut bertsolaria ematen!», pentsatu nuen, «eta eskerrak!».

Chillida-Lekun joan zitzaidan itzala ihesi hurrena. Alaia Martin bertsolariak eta biok kantatu behar genuen bertan. Goiz xamar iritsi ginen, eta kafe makinaren aldamenean ari ginen hizketan segurtasun agente bat hurbildu eta «las azafatas?», galdetu zigunean. «No, las bertsolaris», erantzun genion. Baina, benetan, halakoetan zalantza gelditzen da: akaso erretiluak mikroak baino hobeto ematen dit?

Joan den astean hautsi zidaten beste ispilu bat. Durangoko liburutegian izan nintzen Aulki bat elurretan liburuari buruz hizketan, pare bat orduz, lagun giroan, gustura oso. Solasaldiaren amaieran, arrastaka ari ziren aulkien eta despedida-diosalen artean entzun nuen: <Joe, Uxue, ze naturala zaren. Ez duzu idazlea ematen!». Klin-klin-klin!!! Kanpaitxoa berriz ere ... Hau ere ez al dut ematen? Antinaturala izan behar ote dut idazle izateko? Lentillen ordez betaurrekoak jantzi behar ote nituen? Ez al dut kokotsean behar bestetan hatz egin? Esan izan didate idazle izateko irribarre gehiegi egiten dudala ere ... Txarrena da, neure burua Sautrela-n ikusi nuenean ni neu lotsatu nintzela: «Joe, etxeko salan nagoela ematen du. Ez dut idazlea ematen!», esan nion pisukideari. «Eta eskerrak!», erantzun zidan porroari kalada bat ematen zion bitartean.

Baina, nork ematen du ematen duena? Uxue Alberdi. Jakin, 164. 2008ko urtarrila-otsaila (Moldatua)

GARAPEN EMOZIONALA

Gustatu edo ez, uneoro ari gara emozioak bizitzen eta horiei esker triste, alai, kezkati, lotsati ... era askotara senti gaitezke ("menua" ikaragarri zabala da!). Emozioak, gertaera jakin batzuek barnean
eragiten dizkiguten bulkadak dira. Bulkada horiek era batera edo bestera jokatzera bultzatzen gaituzte eta horretan datza hain zuzen ere emozioen garrantziak: askotariko egoeratara egokitzeko informazioa erraztu eta horren arabera jokatzea ahalbidetzen digute. Askotan, emozioak eta sentipenak, "positiboetan" eta "negatiboetan" sailkatzeko tentaldia izaten dugu, baina ... Zuzena al da halakorik egitea? Ba al daude emozio positiboak eta negatiboak? Lehen aipatutakoaren arabera ez du ematen horrela denik. Emozio bakoitzak funtzio jakina betetzen du eta atseginagoak edo mingarriagoak izanik ere, guztiak behar-beharrezkoak ditugu bizirauteko. Guztiek laguntzen digute egoera berrietara moldatzen.

Abiapuntu hori aintzat harturik, emozioen aurrean bi modutara joka dezakegu. Batetik, bizitzen ditugunean, emozioei heldu, ulertu eta horien arabera joka dezakegu. Bigarren aukera, emozioa ukatzea eta berau biziko ez bagenu bezala aritzea da, bizipenari inolako garrantzia eman barik. Bistakoa da lehenengo aukera dela bietatik osasungarriena eta pertsona moduan hazten lagun gaitzakeen bakarra. Izan ere, gure emozioak eta ingurukoenak ulertzeak, horiei erreparatzea eta horietan sakontzeak, gure jarrerak malgutzen eta harreman afektibo eraikitzaileagoak izaten lagunduko digu. Izan ere, emozioek hainbat egoeraren inguruko informazio erabilgarria ezagutarazten digute eta horrek, erreflexuen arabera jokatu beharrean, lasai pentsatuz, gure jokaeraren aurrean kontrol maila handiagoa izaten laguntzen digu.

Hortaz, gure haur eta gaztetxoen hazkuntza emozional egokia bermatu nahi badugu esparru afektiboari tartea egingo dion hezkuntza eredua funtsezkoa izango dela ondoriozta dezakegu. Bistakoa da orain gutxi hasi garela emozioei duten garrantzia aitortzen. Sarritan, ikasleen emozioen aurrean era oldarkorrean jokatu izan dugu, izututa, egoerak gaindituta bezala, emozioa apaldu, ezabatu edota ukatu nahian. Pentsa dezagun triste dagoen ikaslearengan: «Unax triste dago. Hortaz, harengana gerturatuko naiz eta argudio baikorrak eskainiz, kontakizun polit bat azalduz, pasadizo barregarri bat gogoratuz, alaitzen ahaleginduko naiz ... ». Jarrera horiek eskolan ere isla zuzena dute, eta horrek haurraren edota gaztetxoaren garapen emozionalari onura baino, kaltea besterik ez dio eragiten. Horrek ez dio ikasleari emozioak naturalki bizitzen uzten, onartzen eta behar bezala adierazten laguntzen. Lor dezakegun efektua oso bestelakoa da, ikasleari igortzen diogun mezua hau dela kontuan hartuta: «Unax, ez itzazu gainerakoen aurrean emozioak adierazi, ingurukoak urduritu egiten dituzu eta. Hobe zenuke momentuko sentipenak zuretzako gordetzea edota ukatzea, ezer gertatu ez balitz bezala ... ». Egokiagoa izan daiteke haurrari emoziora heltzen laguntzea, nola sentitzen den aztertzen laguntzea, jokatzeko aukerak lasaitasunez hausnartzen irakastea ... Beti ere momentuan sentitzen duena errespetatuz eta saihestu barik.

Emozioak eta genero-aldagaia

Oso ohikoa izaten da, emozio adierazpenak behar bezala jaso beharko lituzkeen pertsonak (gurasoa, irakaslea ... ), haurraren sexuaren araberako erantzuna ematea. Gauzak horrela, badira ikasleei, neska edo mutila izateagatik, baimendu edota ukatu ohi zaizkien emozioak. Esaterako, neskek emozioak adieraz ditzakete (beti ere modu kontrolatuan), estereotipoen arabera emozioen gaia emakumearen esparru naturala dela ulertzen delako (izaki pasionala). Mutilei, ordea, ahuldadearekin lotzen diren emozioen bizipena ukatu egiten zaie. Estereotipoaren arabera, gizonezkoa izaki arrazionala izango zatekeen. Horrela, mutilei, jokabide erasokorrekin oso lotuak dauden amorrua eta haserrea naturaltasunez bizitzera baimentzen zaien bitartean, neskei errua edota beldurra bezalako emozioak onartzen zaizkie. Generoaren araberako emozio banaketa antinatural eta bortxatu horrek haurraren garapenean izugarrizko eragina izan dezake. Izan ere, emozioen "mutilazioa" eragiteaz gain, neskak zein mutilak, era batera edo bestera ekitera behartzen ditu, norberaren beharrak eta garapen pertsonala zeharo baztertuz. Beraz, esan genezake, gure ikasgeletan jarduera hezkidetzailea integratzeak, besteak beste, heziketa emozionala gogoan izatea eskatuko digula. Alfontso Cantera. Hik hasi, 126 zenb (Moldatua)