euskaljakintza_logo_txikia.gifjakintza_avatar.gifMaite Goñi (euskaljakintza)

2008ko martxoaren 15eko IRAKURMENA

(EGA: 2007-2008 azterketak liburutik hartua)

Ondoko testua arretaz irakurri eta eskuinean datozen galdera guztiak erantzun itzazu. Erantzun okerrengatik ez da punturik kentzen; kalifikazioa erantzun zuzenena izango da.

2008ko martxoaren 15eko IRAKURMENA

AFRIKAKO SUGEA

Utzidazu orain, esnatzerakoan, maite, istorio bat kontatzen. Jolm Henry Patterson ehiztaria Tsavo-ko oihanean zihoala izutu egin zen bat-batean, belarretan, epelean zegoen sugetzar bat ikustean. Laster izuak lilurari utzi zion lekua: sugearen larma urre zaharraren kolorekoa zen, berde koloreko arrasto distiratsuz zeharkatuta, eguzkipean dirdai eginez. Larru hura etxeratzeko apeta sartu zitzaion.

Tiro egin zion burura, eta asmatu. Larrutu zuen gero labanaz, eta lehortzen utzi orduko samindurik ikusi zuen larma kolorea galtzen ari zela. Aurki urrea txuria zen, berde distiranta beltz zurahil eta triste bilakatua. Bertan bota zuen bere desioaren hondakina. Maitasuna ere azal desiragarria duen izaki misteriotsua da, liluratu eta izutu, biak egiten gaituena.

Ausartzen bagara, plazera eman eta hartzearen jokoan aurkituko gara: ahoa zabalduz musuari, eskuaren laztanez gorputza iratzarririk, gerriaren besarkadan geureganatzen dugu maitemin hautsez edertutako larma.

Askotan, ordea, ehiztari bilakatzen gara, eta posesibitatearen bidez persona horren berezitasunak haustu egiten ditugu, bere aberastasuna ezabatu monotoniaren kainoiarekin, bere azala geureganatzeko gorde nahian, ezin konturatuz bizitzarik gabe azal horrek ez duela ezer balio, desioaren hondakin hits bihurtua. Pake Aristi. Udan lan egiten zuen gizona. Erein (Moldatua)

ANAIA ZAHARRENA, BIGARRENA BAINO AZKARRAGOA

Neba-arrebek duten ordenaren eta adimenaren arteko harremanaz eztabaida asko egin izan da aspaldidanik. Orain, 18 eta 19 urteko norvegiar gazteen artean egindako azterketa batek argi pixka bat ekarri du gai honi buruz. 80ko eta 90eko hamarkadetan, soldaduskara iritsi bezain laster, 240.000 mutikori egindako adimen-koziente neurketak erakutsi duenez, anaia zaharrenek emaitza hobea lortu zuten, batez beste, bigarren anaiek baino. Aldea, hain zuzen ere, 2,3 puntukoa izan zen: lehenengoek 103 puntu erdietsi zituzten eta bigarrenek 100,7.

Ikerketa ondo diseinatuta dago, familia-egoera eta beste faktore batzuk kontuan hartuta. Eta adimen-kozientean agertzen den alde hori horrelaxe azaltzen da, baita anaia zaharrena biologikoki hala ez denean ere, alegia, beti ere hala balitz bezala hazi izan baldin bada. Bestela esanda, adimenean azaltzen den alde hori ez dagokio ordena biologikoari, mutikoak familian hartzen duen edo jokatzen duen maila sozialari baizik.

Science aldizkariak ekainean argitaratu zuen ikerketa, eta haren egileek, Setter Kristensen eta Tor Bjerkedal zientzialariek diotenez, lehenengoen eta hurrengoen alieko diferentzia mutil horiek bai bere familia-inguruarekin bai elkarrekin izandako interakzio sozialari zor zaio. Anaia zahanenak, bere anaia txikiagoaren tutore modura jokatuz, hobeto garatzen omen ditu trebetasun kognitiboak, eta gero horiexek neurtzen dira probetan. Hipotesi honek argitzen du zergatik lortzen duten seme bakarrek anaia zahanagoek baino puntuazio okerragoa, ez baitaukate inor erakutsi eta zaintzeko.

Erronka berria zabaldu zaie orain ikertzaileei: ea Norvegiakoaren moduko datu-banku zabalak erabiliz, emakumezkoetan ere antzeko emaitzak lortzen diren. Eta bestetik, ea diferentzien jatorriak orain artean erabiltzen ziren hipotesiak berresten dituen: faktore genetikoaren eta ingurumenaren arteko eragina, anaia bikietan esaterako, horiek anaia zaharragoek baino puntuazio okerragoa lortzen baitute. Javier Agirre. Argia, 2007-10 (Moldatua)

MENS SANA

Kirolzale amorratua naiz eta, zorionez, lasai aitor dezaket hala naizela. Lehen, berriz, amasa hartzeko ere baimena eskatu behar izaten zenean, ezkutuan gozatu beharreko bizio itsusia zen kirolzaletasuna. Progrea progre zenak, behintzat, ondotxo ikasia izaten zuen horri buruzko dotrina, eta gisa honetako gauzak esaten zituen gaia ateratzen zen aldiro: populuaren opioa da kirola; agintari gaiztoek, herriari benetako arazoak burutik kentzeko asmoz asmatutako amarru ogiz eta zirkoz osatua: panis et circenses.

Orain ez zaizu inor horrelakorik esaten ausartuko. Aitzitik, oraingo dotrinaren arabera, gauza ezinago ederra da kirola: bizitzako eskolarik onena. Eskola on horretako irakaslelik onenak; berriz, eliteko kirolariak dira. Ohore, beraz, eliteko kirolariei, haiena izango da-eta ospearen zeru gozo itzaltsua. Amen.

Zergatik dira, ordea, eliteko kirolariak hain irakasle on? Zergatik egiten zaizkio, adibidez, hainbeste omenaldi lnduraini, eta bakar bat ere ez tropeleko Gregorio izengabe beti gregario ibili behar izaten duten horiei? Gure gizarte aho biko honek badu horrentzat ere erantzun egokia. Esan, zera esaten digu gizarteak bere aho bitako batekin: eliteko kirolaria eredugarria delako, ahor! Eta zergatik da eredugarri? Gizakiaren berezko mugak gainditzeko ahalegin etengabean diharduelako beti.

Zentzuzko erantzunak dirudite, baina, pixka bat sakonduz gero, berehala ikusten zaie amarrua. Gizakiaren berezko mugak gainditzeko ahalegina saritu nahi bada, zergatik saritzen da beti ahalegin horretan arrakasta izan duena? Ahalegina balitz kontua, Gregoriok izango luke zer irakatsia, lndurainek adinakoa edo gehiago. Galdera horientzat ez du gizarte honek erantzunik. Aho biko mintzoa darabil, baina aho baten jarduna bakarrik entzuten dugu. Bestea, benetako arrazoiak dakizkien ahoa, mutu dago beti.

Ez ahalegina: arrakasta bakarrik saritzen da hemen, eta preziatzen, eta laudatzen. Arrakasta hori aldian aldiko lehiakideen mieko nor-gehiagokoan erabakiko balitz, gaitzerdi. Grekoek hala egiten omen zuten. Baina ez. Ari direnen arteko onena izatea ez da, antza, aski arrakasta gu bezalako sibaritentzat. Ari direnen arteko onena ez ezik, historian zehar aritu izan direnen arteko onena ere izan beharra dauka bizitzaren eskola omen den horretan irakasle eta izar izan nahi duenak. Gizarteak ezartzen dio kirolariari presio hori. Guk geuk alegia. Markarik hausteko arriskurik ez duen meetinga apenas inork aintzat hartzen duen. Parte halizaileen senitarteko eta lagunek, eta modaz pasatutako txororen batek edo bestek baino ez. Zergatik ezartzen diegu, ordea, halako presioa kirolariei? Behar dugulako, horrexegatik.

Arrunt-arrunta da gure bizitza arrunta: betiko gauza betiko moduan egiten ematen ditugu egunak. Guk ezin, eta markaz kanpoko zerbait egingo duen norbait behar dugu, harekin bat egin, eta haren markak geure egiteko. Mugatuegi ikusten dugu geure burua, eta hargatik nahi dugu norbait, mugarik ez dugula erakutsiko diguna. Geure burua hobetzeko ahaleginik egin nahi ez dugulako eskatzen diegu eliteko kirolariei markaz gorako ahalegina. Baina ez da ahalegina estimatzen dieguna, markak eta -markekin- giza mugak haustea baizik.

Har dezagun, esaterako, Joko Olinpikoetako probarik handiena: ehun metroak. Puntua arte, hamar segundoz beherako marka egitea zen ametsa. Dozena bat lasterkari badabil orain muga horren azpitik. Ez alferrik: bederatzi segundo doi eskatuko diegu aurki, eta, hori lor dezatenean, zortzi. Eta gero zazpi. Azkenean, etorriko da eguna, abiatu aurretik helmugara iristea eskatuko dieguna. Hori bai: giza handiko marka hori hausteko -eta, bide batez, gure heroi-premia asetzeko- kirolariren batek lagungarriren bat, drogaren bat hartu duela jakinez gero, Munduko plazan eskegiko dugu lotsagabe halakoa, paperetako sitsa beltzek, uhinetako bele are beltzagoek eta Sareko armiarma ezinago beltzek beren bazka izan dezaten.

Eta orduan entzungo dugu gizartearen bigarren ahotsaren mintzoa: «lkusten? Begira, begira ezazue zer datorkien zintzo eta jator jokatzen ez dutenei!»

Mens sana in corpore sano: Gorputza osasuntsu, burua ere halatsu. Hala dio gure aho bietako batek. Beste ahoak, berriz, honako beste lelo hau korapilatzen du isilaren amaraunean: Bai zera! Mens sana in corpore in sepulto. Joxerra Gartzia. Itsasoan euri. Alberdania, 2003 (Moldaiua)