euskaljakintza_logo_txikia.gifjakintza_avatar.gif2004ko martxoaren 6ko IRAKURMENA

Maite Goñi (euskaljakintza)

EGA: 2003-2004 azterketak liburutik hartua

Ondoko testua arretaz irakurri eta eskuinean datozen galdera guztiak erantzun itzazu. Erantzun okerrengatik ez da punturik kentzen; kalifikazioa erantzun zuzenena izango da.

SEXUA: BEHARRA ETA PLAZERA

Lehen gizaki klonatua benetan klonatua dela frogatzen ez den artean, gizakiak ugaltzeko modu bakarra sexu bidezkoa da. Ikuspuntu biologikotik, sexua bi organismoren arteko truke genetikoa da, ondorengoak sortzeko helburuarekin. Baina ikuspegi zabalago batetik, sexua plazera ere bada, eta baita giza kulturaren eragileetako bat ere.


Landare eta animalia gehienak sexualki ugaltzen dira. Horretarako, bizidun horiek informazio genetikoaren erdia duten zelulak sortzen dituzte, gametoak alegia. Eskuarki, gameto arrei espermatozoide deitzen zaie eta emeei obulu, eta biak elkartzean sortzen da bizidun berria. Gametoak sortzeak, ordea, bi desabantaila ekartzen ditu.


Batetik, gametoak sortzeko energia asko gastatzen du gorputzak, eta espezieari ere gehiago kostatzen zaio bi sexuko banakoak mantentzea bakarrekoak baino. Bestetik, biren informazio genetikoa nahasten denez, guraso bakoitzak ondorengoari egindako ekarpena erdibitu egiten da. Aldiz, ugalketa asexualean, gene guztiak transmititzen dira ondorengora. Orduan, zein da sexuaren abantaila? Zergatik irauten dute ugalketa sexuala duten espezieek?


UGALTZEKO MODUAK

Izan ere, sexuala ez da ugaltzeko modu bakarra. Esaterako, bakterioak, besterik gabe, erdibitu egiten dira. Belakiek nahikoa dute zelula bat askatzea; zelula bakar horrek kolonia bat sortzen du beste nonbait. Itsas izarrek, berriz, beren gorputz zati batetik banako oso bat sortzen dute. Badira gemazioz ugaltzen diren izakiak ere: izaki helduaren albo batean kopia oso bat sortzen da, eta, nahikoa hazitakoan, banandu egiten da. Hori egiten du, adibidez, hidrak. Kasu guztietan, ondorengoek aurrekoaren informazio genetiko berbera dute.


Ugaltzeko beste era bat partenogenesia da. Ornogabe ugari ugaltzen dira modu horretan; ornodunetan, aldiz, 74 espezie baino ez dira ugaltzen partenogenesi bidez: 22 arrain-espezie, 23 anfibio eta 29 narrasti. Espezie horien arrautzak ernaldu gabe garatzen dira, eta jaiotzen direnak beren amen klonak dira. Bestetik, espezie batzuk partenogenesi bidez edo sexualki, ingurumenaren baldintzen arabera, era batera edo bestera ugaltzen dira.


Ia ornodun guztiak eta ornogabe eta landare batzuk, berriz, sexu bidez ugaltzen dira.


Sexu-bidezko ugalketa beste erak baino geroago sortu zen, eta orain arte iraun badu abantai­laren bat duelako izango da. Eta halaxe da: sexuak espeziearen aldakortasun genetikoa handitzen du; ondorioz, inguruan espeziearentzat kaltegarria den aldaketa bat gertatzen bada, banako batzuek aurrera egiteko aukera izango dute eta espezieak irautea lortuko du.


Ugalketa asexuala duten espezieetan, aldiz, aldakortasun genetikoa oso txikia da, eta egoera larrietan, askoz aukera gutxiago dute aurrera egiteko. Horretaz gain, ugalketa sexualak mutazio kaltegarrien eragina gutxitzeko aukera ematen du.


SEXUAREN GATZA ETA PIPERRA

Hala ere, espezieentzat sexua ez da musu-truk izaten. Bi sexu behar izatea garestia da espeziearentzat, espeziearen banakoen erdiek (arrek) beste erdia (emeak) ernaltzeko bakarrik balio dutelako. Gainera, bi sexu izateak dezenteko saltsa sortzen du.


Espezie gehienetan, genetikak erabakitzen du enbrioiaren bilakaera: y kromosoma daramatenak arrak dira, eta gainerakoak emeak. Nolanahi ere, banako batek sexu baten edo bestearen ezaugarriak izatea ez da kromosomen araberakoa bakarrik, hormonek ere eragiten dute, eta gerta daiteke genetikoki sexu batekoa izanda bestearen ezaugarriak azaltzea.


Beste espezie batzuetan, berriz, sexu batekoa edo bestekoa izatea tenperatura-kontua da. Adibidez, krokodiloetan, tenperatura baxua bada enbrioia eme bihurtzen da, eta arra tenperatura altua bada; dortoketan juxtu alderantzizkoa gertatzen da. Badira espezie hermafroditak ere; horietan organismoak berak sortzen ditu gameto arrak eta emeak.


Ugaltzeko estrategietan ere barietate handia dago. Atera kontuak: eme batzuek, ernalduak izan eta gero, arra akabatu egiten dute! Hala ere, jokaera hori espezie gutxi batzuetan baino ez da gertatzen. Bestalde, hainbat espezietan, arrek bikotekide bakarra izaten dute bizitza osoan, eta euren geneak transmitituko direla bermatzeko erabiltzen dute duten energia guztia, kumeak zaintzen hain zuzen. Beste hainbatetan, aldiz, bikote­kidea etengabe aldatzen dute, baten bat ernalduta geratuko delakoan.


Emeetan ere denetik dago: bikotekide bakarra duten espezieetan, kumeak zaintzeko, janaria ekartzeko eta familia babesteko aproposa den arra bilatzen du emeak. Beste espezie batzuetan, berriz, araldian dagoenean, emea ahalik eta ar gehienekin uztartzen saiatzen da.


Ondorengoari erreparatuz gero, bi estrategia nagusi bereizten dira: espezie batzuek, arrainek adibidez, ondorengo ugari izaten dute, baina banakakoek bizirauteko aukera gutxi izaten dute. Beste estrategia aurkakoa da; kume gutxi izaten dituzte, eta ondo zaintzen dituzte heldutasunera irits daitezen. Hori da, adibidez, giza espezieak egiten duena.


Argi dago ugaltzeko hamaika modu eta aldaera daudela. Eta plazera ... , zertarako balio du plazerak? Adituen esanean, emearen ugalkortasuna agerikoa ez den espezieetan, ugalketa gertatuko dela bermatzeko modu bat besterik ez da. Beraz, dena da ugaltzearen mesedetan.


Ana GaIarraga. GARA, ZAZPlKA astekaria, 236. zk. 2003ko abuztuaren 3a. (Moldatua)