euskaljakintza_logo_txikia.gifjakintza_avatar.gif2003ko martxoaren 22ko IRAKURMENA

Maite Goñi (euskaljakintza)

EGA: 2003-2004 azterketak liburutik hartua

Ondoko testua arretaz irakurri eta eskuinean datozen galdera guztiak erantzun itzazu. Erantzun okerrengatik ez da punturik kentzen; kalifikazioa erantzun zuzenena izango da.

FBIK EZABATUTAKO ARTXIBOAK

Legeak agintzen duen berrogeita hamar urteko epea igaro bada ere, oraindik informazio gehiena sekretua da.


Alemania nagusi zen ordurako Europa osoan, eta Estatu Batuak sartu berriak ziren gerran, Pearl Harbourri japoniarrek egindako erasoaren ondoren. Nazien espioitzarekin obsesionaturik, AEBetako zerbitzu sekretuek eurek ere espioiak nahi zituzten, kontraespioiak, eta gertu nahi zituzten gainera. Kuban, esaterako. Ingurukoengana jo zuten, noski. Habana inguruan euskaldun saldoa zen garai hartan, 1942an, Francoren aurka borrokatutakoak gehienak. Pilotariak, itsasontzi kapitainak, merkatariak, apaizak. Gehienek uste zuten aliatuek gerra irabazita Franco ere eroriko zela ...


FBIk haiengana jo zuen. Baina Emest Hemingwayrekin zeuden ordurako, urpekariak harrapatzeko honek eratutako The Crook Factory (Gaizkileen Faktoria) taldearen barruan asko. Horien artean Andres Untzain, Kanalako apaiza izandakoa.


Egunkaria-k 2000. urtean argitaratutako izen bereko liburuari erreparatu, eta Mundaka inguruan bertan haritik tiraka hasi zen Edorta Jimenez. Berak gogoan zituen, etxean adituta, Indalezio Trebisarrosperenak. Ez zekien, ordea, Untzain nor zen. Hemingway ere ez zitzaion kitzikagarri. Ipuinak bai. Fiesta nobela, esaterako, ez. Baina hasi egin zen. Laurak Bat aldizkarian Untzainen gainean artikulua aurkitu zuen lehendabizi, eta Polixene Trabuduaren aipuak gero. Eta, ondoren, 1959an El Correo Español egunkarian argitaraturiko artikulua, eta José María Uzelai pintorearen lana ere bai ... Kubara joatea erabaki zuen.


Liburua, "dokudrama"


Untzainen arrastoa bizirik aurkitu zuen Melena del Sur-en, eta Hemingwayren Finca Vigian apaizaren bi eskutitz, baina gehiago ez. Estatu Batuetara joan beharra zegoen, artxiboetara, FBIra. Eta joan egin zen. Eta liburua idatzi behar zela erabaki zuen. Idatzita dauka ia. Susa argitaletxearekin argitaratuko du. Kuban Hemingwayk eta euskaldunek izan zituzten harremanei buruzko dokudrama izango da, berak dioenez.


Lau hilabete eman ditu bertan. Itzuli berri da. Handik ekarri du 800 orrirekin kutxa betea. SIS (Basque) du izenburutzat. Artxiboak desklasifikatuta daude eta denek dute Confidential zigilua. Bertan ikusi ahal izango zuen benetan urpekarien bila aritu ote ziren Ibarluzea, Duñabeitia eta besteak Pilar itsasontzi mitikoan; noraino iritsi zen euren parte-hartzea zerbitzu sekretuen mesedetan, zein izan zen emaitza. Zein, zerbitzu sekretuen balantzea.


Orriak begiztatzen hasi, ordea, eta batean orriak belztuta, hurrengora jo eta pasarte osoak markatuak, ez irakurtzeko moduan. Hurrengoan berdin, eta hurrengoan, eta hurrengoan. Galipota. «Informazio benetan interesgarri edo garrantzitsu guztia ezabatuta dago», dio idazleak. «Munta gutxiko kontuak baino ez dira irakurgarri».


Zergatik ezabatuko zituen FBIk berez denentzat eskuragai dauden artxiboen pasarte esanguratsuenak? «Hori oraindik bizirik dagoen jendeari kalte ez egiteko egin ohi da», dio Jimenezek. «Edo datu garrantzitsuak daudelako». «Edo Hemingwayren irudia zaintzeagatik».


Gero pixka batean Bermeon ibili, eta ondoren Mundakarantz abiatu gara. Itsasoa harro dabil, eta surflari asko ari dira olatuen artean dantzan. Eta isilik geratu gara apur batean. Biok dakigu idazlea ibili zela harreman estuan zerbitzu sekretuetako kide askorekin. Maite zituela akzioa, armak eta armadak. Berak eta euskaldun talde hark arazo askotxo izan zituztela Batistaren polizia sekretuarekin, arma mugimendu handi samarra zebilelako Finca Vigian, eta parte-hartzea ere izan zutela Castroren bizartsuek abiatu zuten iraultzan. Denak ibiliak zirela 36ko gerran, Trujillo ere inguruan zela, eta Galindez ... Gehiegi mende honetako amerikar handienetakoarentzat. Gehiegi, akaso, orain azalarazteko.


Horri buruz izango da liburua. Dokudrama. «Orduko garaiez egin diren liburu guztiak amerikarren ikuspuntutik jorratu dira, baina bada beste Hemingway bat. Kuban urteetan bizi izan zena euskaldunen artean, euskal gramatika bat bazuena, Ibarluzeari poemak dedikatu zizkiona, eta etxea zaindu behar zuenean euskaldunak hautatzen zituena. Asko aipatzen da bere harremana Espainiarekin, baina pilotari guztiekin hainbesteko lotura izan zuenak jakin behar zuen, derrigorrez, Euskal Herria zer zen».


«Badakizu? Edaten eta jaten ibili eta gero, hurrengo egunean, lanerako prest zeuden denak, Hemingway eta euskaldunak». Mahaian zain ditugu babarrunak. Itsasoa leihotik dakusagu. «Hori da klabea», dio.


Nevadako Unibertsitatean beste artxibo bat


Idazlea buru-belarri dabil azken lan honekin. Beste ezertarako abagunerik ez, ezta gogorik ere. Renon (Nevada) hango artxiboak miatzen emandako hilabeteen ondoren, burua asmoz beterik ekarri du, eta itzultzeko gogoa du gainera, Bostongo John Fitzgerald Kennedy Libraryren artxiboa miatzeko. Aurreneko bisitan ez zuen aukerarik izan, eta hori da Hemingwayren inguruko artxiborik osoena.


Baina han ez da aritu laster argitaratuko duen libururako bakarrik lanean. Ez bakarrik orriak eta orriak begiratzen eta berriro begiratzen. Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikerketetarako Zentroan harremanak egin, eta asmoa du, orain, artxiboa osatzeko.


Hemingway eta Euskal Herriaren arteko artxiboa izango litzateke. Oraindik asmoa besterik ez da, baina txibiritak darizkio aipatzen duenean. Bertan bilduko litzateke idazlea eta Euskal Herria lotzen duen oro: argazkiak, idazkiak, artikuluak, aipamenak, eskutitzak. Proiektua egina du, eta erantzunaren zain dago orain.



Alberto Barandiaran EGUNKARIA,
2003ko urtarrilaren 24a. (Moldatua)