euskaljakintza
ira
23

Google aplikazioak lantzeko txokoa

Egilea: Maite    gure ekoizpenak,tutorialak       Trackback

Azkenaldian, behin baino gehiagotan suertatu zait Google aplikazioei buruzko ikastaroak ematea (Hik Hasi Udako Topaketak, Garatu…). Jakina den bezala, posta kontu bat baino ez da behar Googlen, Gmailen hain zuzen, postaz gain, beste hamaika aplikaziora sarbidea izateko une horretantxetik aurrera. Aplikazio horietako asko eta asko guztiz interesgarriak, praktikoak eta erabilerrazak dira, eta ezaugarri horiek egiten dituzte aproposak hezkuntza munduan IKTak txertatzen hasteko, batik bat, urrats hori emateko errezeloa erakusten duten irakasleen artean. Aurreko guztiari erantsi behar zaio Googlek Google Apps for education deituriko aplikazio pakete osoa eskaintzen duela, doan, irakaskuntzan erabili ahal izateko. Hari horretatik tira eginez, gero eta ikastetxe gehiago ari da sartzen Google Apps aplikazio bilduma euren ikastetxeetan.

Erabili, beraz, erabiltzen da/dugu. Ezin dugu ahaztu, baina, Google aipatzean, badaudela alderdi batzuk albo batera utzi ezin ditugunak. Alde batetik, gutako batzuk hainbatetan aldarrikatu dugun euskararen presentzia. Hainbat aplikazio euskaratuta badago ere, osotasunean ez. Aplikazio zehatzak euskaraz erabili nahi baditugu, aplikazioen arteko nabigazio menua desagertu egiten da eta horrek batetik bestera ibiltzeko aukera zaildu egiten du. Hori horrela izanik, askok gaztelaniaz edo ingelesez erabiltzeko hautua egite dute. Bestalde, ezin dugu ahantzi hain kritikatua izan den Google ahalduna hartzen ari den monopolio itxura. Noraino lagundu behar dugu irakasleok bide horretan?

Guztiarekin ere, Google Unibertsoa deituriko txoko bat sortu nuen Google Sites aplikazioa erabilita (guneak modu errazean egiteko aukera ematen duena), handik eta hemendik topatzen nituen erreferentzia eta baliabide interesgarriak biltzeko asmoz. Nire baratzeko baratxuri batzuk, hau da, nik sortutako hainbat baliabide (bideotutorial eta aurkezpen) ere bertan txertatu ditut. Txoko hau ikastaroetan erabili izan dut, eta beste norbaiti ere erabilgarria gerta dakiokeela irudituta, hementxe uzten dut denon eskura.

Bideotutorial bat, adibide gisa:

  • Google Unibertsoa
  • ira
    05

    Euskal aditza lantzeko gunea berrituta eta ariketa gehiagorekin

    Egilea: Maite    denetarik       Trackback

    Duela urte batzuk euskal aditza berrikusi eta praktikatzeko gune bat sortu genuen. Bertan, handik eta hemendik topatutako aditz taulak, teoria eta, batez ere, guk sortutako ariketak plazaratzen joan gara. Aspaldi genuen Weeblyn egindako hasierako txoko hura berritzeko gogoa; beraz, udako etenaldia aprobetxatuz, eduki guztiak Google Site batera pasatu eta iazko ikasturtean sortutako ariketa berriak txertatu ditugu.

    Antolaketa

    • Goiko menuan: taula guztiak (aditz trinkoenak barne).
    • Ezkerreko menuan: teoria eta praktika (guk sortutako ariketak: ikus adibidea). Ezetz asmatu dena?

    Kokapena

    Hemendik aurrera, aditzarekin zerikusia duen oro gure EUSKAL ADITZA gunean topatu ahal izango duzue. Hara joateko, bi aukera:

    Ekarpenak

    Euskal aditzarekin erlazionatutako baliabideren bat ezagutu edo akatsen bat topatzen baduzu, eskertuko genizuke jakinaraztea (hementxe bertan erantzun bat utziz edo gurekin zuzenean harremanetan jarriz). Horrela, denon artean jarraituko genuke hobetzen eta osatzen txoko hau. Gure aldetik, aurtengo ikasturtean ariketa gehiago atontzen jarraitzeko asmoa dugula esatea baino ez. Baliagarria izango zaizuelakoan, hortxe uzten dugu.

    top
    Who links to my website?