euskaljakintza
Aza
29

Memoria galduak

Egilea: maria.dejuan    arazoak,gizartea       Trackback

Batzuetan begirada batek dena esan ohi digu. Nahikoa da begietara begiratu hura zer pentsatzen edo sentitzen ari den jakiteko. Istant batean, ordea, ispilu hark norabidea galdu eta espresioa apaldu zitzaion, poliki-poliki iluntasunak aurpegia indarrez hartuko balu bezala. Orduan, begi haietan hiri handi batean galduriko haur baten begirada bera ikusi nuen: tristura, ezintasuna… pentsamendu hutsalen islapenak besterik ez ziren agerian. Behin, izenak ahaztu zituen; hurrena, gaztaroko oroimenak behin eta berriz gogoratu zituen, berak zioen zoritxarreko bizitzaren jabe izatearen tristura malkoak isuriz; hitz egiteko zailtasunak ondoren, aldi batez hiztun izan zena mutu geratu zen. Eta azkenik, erabat galdu genuen, buruak norabide galdua hartu zuen. Behin galdu denean ez dago atzera bueltarik; aurrera jarraitzea besterik ez dago, noizbait izan dena izateari utziko baitio.

Memoria galera, eguneroko lanak egiteko zailtasunak, mintzairarekin arazoak, denbora eta espazioaren nahastea, umore, nortasun eta jokabide aldaketak dira, besteak beste, Alzheimerren gaixotasunaren sintomak. Gaixotasun hau adinekoetan sortzen den dementziaren arrazoietako bat; nahasmendu larri eta endekapenezkoa da garuneko neuronen gutxikako galerak eragiten duena.

1902an, Auguste deituriko 50 urteko emakume bat Frankfurteko ospitalean sartu zen dementzia arazo ezezagun batekin. Emakume honek nahaste konstante, antsietate eta asaldura sintomak pairatzen zituen. Eta Alois Alzheimer doktorearen idatzien arabera: “Auguste aztertzea ezinezkoa izaten zen”. Gauetan gela isolatu batean egiten zuen lo, sala nagusiko gaixo guztiak esnatzen baitzituen ezin zuelako loak hartu. Eta behin bere gela pribatuan, kuxinarekin estaltzen zuen bere burua, izararekin estali beharrean. Orduan, sendagileari tratamendu bat bururatu zitzaion: gaixoa lasaitzea eta inongo botikarik gabe zaintzea. Alzheimerrek hainbat ordu edota egun egon iztekeen bainuekin gaixoa lasaitzen eta, horrez gain, korronte elektriko ahulak ere erabiltzen zituen.

Aloisek August bisitatzen jarraitu zuen gaixotasunaren egoera azkenekoetan egon arren. “Momentu horietan behar-beharrezkoa da buruzagitza moral sendo bat mantentzea gaixoari zaintza on bat eskaintzeko”, diote bere idatziek. Eta zera nabarmenduko dute: “Lan goresgarri hau, ordea, desagertzeko arriskuan dago”. Izan ere, haren ustez, gero eta kontaktu gutxiago egon ohi zen gaixoaren eta hura tratatzen zuen medikuen artean.

Honekin guztiarekin zera esan nahi dut: gaixotasunaren ondorioz gaixoak jasango dituen faseetan zehar ingurukook hoberantz aurrera pausoak ematen dituelako irudimen faltsuak izaten ditugun arren, ez dago atzera bueltarik: bere bizitzan parte hartu duten pertsonak ahaztuko ditu hark eta bere munduan erabat murgilduko da. Ez dago neuronen galera geldituko duen inongo medikamenturik, itxarotea besterik ez dago eta denbora izango da epaile bakarra.

Momentu horietan, edonori egoki dakiokeen lanik gogorretako bat zamatzea da sendabiderik egokiena: bere ondoan egotea. Baina egungo gizartean, medikuntzak mirariak egin ditzakeela uste dugun gizarte honetan, ez gara errealitateaz jabetzen. Horrelakoetan, dagoenari aurre egin, eta gaixoari azkenera arte laguntza eta sostengua ematea baino ez dugu.

Informazio gehigarria:

Aza
25

Jakintza ikastolako DBH 4koen ekimena genero indarkeriaren aurkako egunean

Egilea: Maite    arazoak,gizartea       Trackback

Gaur, azaroak 25, Genero Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da. Asko izango dira egun osoan zehar genero indarkeria salatuko duten pertsona zein erakundeak. Nik, horien guztien artetik, ikastolako DBH 4. mailako ikasleek nire lankide Elena Riañorekin grabatu duten bideo bat ekarri nahi izan dut gure txoko honetara. Lengua Castellana y Literatura gaian gauzatu dute, eta aitortu beharra daukat izugarri gustatu zaidala. Itzela iruditzen zait, gainera, ikasleek euren xumetasunetik horrelako egitasmoak burutzea, eta ildo honetan lanean jarrai dezaten animatu nahi ditut bai ikasleak, baita bideratu dituen lankidea ere. Zorionak guztioi!

Aza
24

Aurten ere Buber sarietan finalistak!

Egilea: Maite    euskaljakintza       Trackback

Aurten ere Buber sarietan finalistak gara! Eta hori horrela izan da zuen laguntza jaso dugulako; beraz, bihotzez, esker mila. Dakizuen bezala, gure txoko hau Euskal Hizkuntza eta Literatura lantzeko asmoz jaio zen, eta baita sarean zehar euskara barreiatzeko ere. Gure hizkuntza maite dugu eta ezin dugu hori ezkutatu. Horregatik, lantzeaz gain, maite dugun hizkuntza zabaltzen eta sustatzen jarraitzeko asmoa daukagu.

Jakin badakigu gure mailan -euskara ongien sustatzen duen webgunea- gurekin batera finalera iritsi direnak euskararen alde gogoz eta gogor ari direla lanean:

Beraz, zorte on guztiontzat eta zorionak beste kategorietako finalista guztiei!

Buber Sariekin lotura duten artikuluak:

Hurrengo orrialdea »
top
Who links to my website?