Archive | urria, 2009

Zinemaldia, krisia, etorkizuna…

Zinemaldia09_saridunakDudarik gabe, urtero irailaren bigarren hamabostaldian Euskal Herriko Donostia hirian antolatzen den Zinemaldia zine-jaialdirik garrantzitsuena da estatu mailan, eta Europan ere sona eta antzinatasun gehien duenetarikoa. Bere lehen ekitaldia 1953ko irailaren 21ean izan zen. Azken urteotan, egoitza nagusia Kursaal elkargunean izan du; halere, pasa berri den Zinemaldia 2009ko zenbait ekitaldi garantzitsu Victoria Eugenia antzokian ere egin da.

Zinemaldiak irauten duen bitartean, hiria zinemazale, kritikari, komunikabideetako langile, aktore, zuzendari, ekoizle eta ikuslez betetzen da, Donostia zinemaren gune bilakatuz egun horietan. Aurtengo Zinemaldiak, ordea, beste urteetan baino egun bat gutxiago iraun du: Zinemaldiaren 57. edizioa irailaren 18an hasi eta 26an amaitu da. Finantza krisia dela eta hartutako neurria da hori. Hartu den beste neurrietako bat izan da amaierako gala, azken egunean sari banaketa egiteko antolatzen den ekitaldia, pitt_zinemaldianmurriztea. Aurreko edizioetan, sariak banatu ondoren, festa bat egiten zen; eta bertan, janari, edari… ugari egon ohi zen. Aurten, gala garesti samar ateratzen zela kontuan hartuta, sari banaketarekin amaiera ematea besterik ez zaie geratu. Zinemaldiaren aurrekontu estuak ekarritako beste ondorioetako bat Donostiara etorri den izar kopurua mugatzea izan da. Halere, ekonomia krisia eta aurrekontu murrizketa jasan arren, zinema-jaialdiak arrakasta izan du; zan ere, aurtego edizioko 9 egunetan, 180.000 biztanleko hirian, 178.000 ikusle zenbatu dira, 200 film baino gehiago ikusteko aukera izan da, eta 500 proiekziotik gora eskaini dira.

Garbi dago ikusleak funtsezko elementu direla nazioarteko zine-erakusketa honetan. Gainera, aurten ere, aurreko edizioetan gertatu izan den bezela, ikusleen eta epaimahaiaren iritzia ez da bat etorri. Hau dela eta, gero eta gehiago dira sari nagusia ikusleengandik etortzea eskatzen hasi direnak. Hauek zine-jaialdiaren zati garrantzitsu bat izanda, beraien iritzia azaltzea gustatuko litzaiekeela adierazi dute.

Orain balantzea egiteko garaia da. Dena bikain joan da, baina elementu nagusia krisia izan da. Egoera hori azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak Donostiako Zinemadia zoriontzeko garaian:

Balantzea egiteko garaia da, eta datorren urteko edizioan pentsatzekoa. Hori dela eta, Kultura Sailean egiaztatu nahi dugu krisiaren ondorioz proposatutako diru-doikuntzak bat datozela benetan zinemaldiaren egiazko garrantziarekin. Alde horretatik, ezin dugu ahaztu Donostiako Zinemaldiaren errentagarritasuna ekonomia alor hutsetik harago doala. Hiria ekonomia aldetik suspertzeko akuilua ez ezik, Donostia eta Euskal Herria munduan sustatzeko tresna ezin baliagarriagoa dugu Zinemaldia, zeharka etekin positiboak dakarzkiena gainerako kultura-zereginei. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak apustu tinkoa egin nahi du ekitaldi honen alde, bultzatzen jarraitu behar dugun herri-eredu gisa, eta aztertzen ari gara finantzaketan parte hartzen duten erakunde guztiekin bilera bat deitzeko aukera, Donostiako Zinemaldiaren etorkizuna zalantza jar dezakeen egoera ekonomikoa aztertzeko.

Ni Zinemaldiaren aldekoa naiz, baita krisi egoeran egonda ere. Pertsonalki ez naiz zinezale amorratu horietakoa, baina egun horietan Donostian sortzen den giroa oso atsegin dut. Bestalde telebistan, irratian, egunkarietan…hiria azaltzea ere oso garrantzitsua iruditzen zait. Krisiak irauten badu eta Euskal Jaurlaritzak ezinezko badu hainbeste diruz lagundu Zinemaldia, beste erakunde batzuen laguntza bilatu beharko dela uste dut. Ezin dugu Zinemaldia galdu!

Comments { 3 }

Zertzelada txikia, ezberdintasun handia

boluntarioakAurreko ostiralean, hilero bezala, herriko gazte talde bat bildu ginen sendotzarako bidean taxutzeko. Bertan, berak jakin gabe ere, pentsarazi egingo zigun pertsona bat zegoen guri begira, bere esperientzia guri azaltzeko prest, lagungarria izango zelako esperantzaz.

Abdul zuen izena, Senegaletik etorria zen “pateran” duela urte batzuk, eta bere bizitzan pairatutako hainbat zailtasun azaldu zizkigun, uneoro, irribarre zabal batez aurpegian, inongo hasperenik gabe. Bere hitzek eragin handia izan dute nigan, baina gaurko artikuluan berak azaldutako hitz batzuetan oinarrituko naiz: “Oso lagun ona da. Ez nuke mundu osoko diruagatik aldatuko; aurrera ateratzen lagundu dit”. Gure kristautasunaren bidean zuzentzen laguntzen digun “monitoreetako” bati buruz ari zen.

Aurreko abenduan ezagutu zuen Abdul eta, inongo erreparorik gabe, bere etxera gonbidatu zuen Gabonak pasatzera. Geroztik, agertu zaizkion hainbat gorabeheratan egon da presente, bere eskua luzatzeko prest.

Niri horrelako eskuzabaltasunak harritu egin ninduen. Halere, ingurura begiratuz, elkartasun hori oraindik bizirik dagoela senti daiteke bizitzako zenbait egoera ezberdinetan. Egoera hauek erlijioen mugak gainditzen dituzte; izan ere, nahiz eta sarritan borondatezko ekintza hauek zenbait erlijio talderi esker aurrera atera, guztion parte hartzea eskatzen duen gaia da, inongo berezitasunik gabe.

Erosotasunean oinarritutako gizarte honetan, maiz ahaztu egiten zaigu pertsonok dugun garrantzia. Gure aitona-amonen garaian ez zeuden hain lagungarriak suertatu diren zaharren egoitzak, eta ohikoena gurasoak etxean zaintzea zen, edota herriko behartsuei laguntzeko, talde txikietan biltzea jana, arropa… eta gero haien artean banatu.

Gaur egun, ordea, Estatuaren edo zenbait erakunde pribaturen esku uzten ditugu pertsona bezala eratzen gaituzten egiteko hauek. Egia da izugarrizko erritmoa duen sozietate batean gaudela murgildurik, eta denbora ez dela soberan dugun zerbait. Dena den, oraindik ere badaude errekonozimendua merezi duten hainbat pertsona, bueltan ezer espero gabe irribarre batekin astero joaten direnak adineko pertsonei hainbeste eskertzen duten konpainia ematera, ospitaleetara gaixoei beraien egoera latza une batean ahazten laguntzera, behartsuei janaria banatu eta zulo ilun horietatik ateratzeko aukera ezberdinak aurkeztea…

Aipatzekoak dira, halaber, azkenaldian egindako ikerketa batean azaldutako datuak. Hauen arabera, gazte laguntzaileen kopurua azken urte hauetan handitzen joan da, askok aipatzen duten gazteen gizartearekiko inplikazio eza zalantzan jarriz.

Artikulu honen bidez, eskerrak eman nahi dizkiet boluntario horiei guztiei. Bide batez, beste guztiak animatu nahi ditut gehien egokitzen zaizkien horrelako ekintzetan parte hartzera; ziur bainago, besteak lagunduz, bakoitzak ere betetasun handia jasotzen duela.

Ondorengo helbideetan, interesaturik egonez gero, erakunde ezberdinek aurkezten dituzten programak dauzkazue: Hacesfalta, Nagusi, Manos Unidas, Caritas

Comments { 2 }

Arrantzaleen ametsik gaiztoenak

alakranaDuela hilabete batzuk, Somaliako kostaldean, itsaslapurrak Playa de Bakio atunontzia bahitu zuten. Azken egunotan, Bermeoko Alakrana itsasontzia izan da erasoa jasan duena. Zoritxarrez, ez dira izan ontzi bakarrak. Playa de Bakioren kasuan, marinelek berehala itzultzea lortu zuten, baina zer gertatzen ari da Alakranaren kasuan? Atunontziak hamaika egun daramatza piraten eskuetan eta oraindik Somaliako kostaldetik hurbil jarraitzen du. Gainera, badirudi bahiketak luze joko duela. Familia bizitzen ari den momentua loa kentzeko modukoa delakoan nago; izan ere, ez dira informazio gehiegirik jasotzen ari. Hala ere, marinel baten emazteak esan duenez, Euskal Herriko instituzioen aldetik dei asko jasotzen ari dira, batik bat, nola dauden jakiteko eta lasaitzeko.

Indiako Ozeano inguruan dabiltzan piratek, armak erabiliz, bertara iristen diren barkuak bahitzen dituzte dirutza ikaragarriak eskatuz (milioika dolar ) , eta itsasontzien jabeek ontziak berreskuratu ahal izateko diru kantitate horiek ordaindu behar izaten dituzte. Itsaslapurrek, dirua lortu ondoren, armak eta itsasontzi handiagoak erosten dituzte. Bertako gobernuak ez du neurririk hartu kasu gehiago gerta ez daitezen. Nire ustez, azaltzen ez dituzten interes ugari egon daitezke tartean, hala nola dirua, boterea, nazioen arteko interesak…

Euskal Herriko jarduera ekonomiko nagusienetakoa arriskuan jartzen da kasu gehiago gertatzen doazen heinean. Baina ez hori bakarrik, arrantzaleak ere arriskuan egoten dira urrutira joan behar izaten duten guztietan. Horregatik, egunen batean, gerta daiteke gure marinelek lanbidea uztea gobernuak laguntza emango ez dielakoan.

Hau dela eta, argi dago kezkagarria dela arrantzaleen egoera, eta lotsagarria , nire uste apalean, Espainiako gobernua erakusten ari den jarrera. Egoera honen aurrean, Bermeoko biztanleek eta atunontzien jabeek militarren babesa eskatu diote estatuari, baina hauen erantzuna ulergaitza da; izan ere, gauzak dauden bezala egonik, ezin baitaiteke ezetza eman. Komeni da esatea, orain dela hiru hilabete, Frantziako Gobernuak itsasontzietan militarrak egotea baimendu zuela eta, geroztik, frantziar itsasontziek ez dutela erasorik jasan. Antza denez, honek erakusten du eskatzen dena ez dela beste munduko ezer eta, hori baino garrantzitsuena dena, badirudi egiaztatuta dagoela babes militarra duten itsasontziak ez dituztela bahitzen. Erantzun hori jaso ondoren, itsasontzien nagusiek beraien kabuz soldadu espezializatuak jartzea erabaki dute, baina Seychelleetako bandera daramaten ontziek besterik ez dute zorte hori, militar ohiak itsasoratzeko aukera baitute. Espainiar bandera dutenei, berriz, gobernuak ez die baimen hori ematen.

Aurreko guztia laburbilduz, zera esan daiteke: gaia asko politizatzen ari da, eta ez dut uste politika egiteko unea denik, arrantzaleak etxera itzultzekoa baizik. Honekin batera, momentu honetan, gobernua ezin da besoak uztarturik gelditu; baina ez orain, eta ezta marinelak etxera onik itzultzea lortzen dutenean ere, lortzen badute. Kasu gehiago saihesteko, irtenbideak aurkitzen saiatu behar dira. Nire ustez, irtenbide bakarra militarren babesa jartzea da, frogatuta baitago, lehen aipatu dudan bezala, bahiketa gutxiago gertatzen dela.

Comments { 5 }
-->