Txanpon bat eskuratzeko bitarteko ustelak
Edozer egiteko gai izango al zinateke zure seme-alabengatik? Zure bizitzako azken uneak telebistan agertzea onartuko al zenuke bertan irabazitako diru tristearekin zure seme-alabei etorkizuna ziurtatzearren? Hori da, hain zuzen, Jade Goody, Gran Hermanoko parte-hartzaile ohiak, egin duena. Seme-alaben etorkizuna bermatzeko era egokiena al da?
Bollywoodeko izarra den Shilpa Shettyri eginiko komentario arrazistek, besteak beste, egin zuten ospetsu Jade Goody britainiar gaztea Ingalaterrako Big Brother telebista-saio famatuan. 50.000 kexa baino gehiago jaso ziren bere komentario desegoki horiek zirela medio eta bere babesle guztiek bizkarra eman zioten, merkatuan zituen autobiografia eta perfumea merkatutik kenduz. Horretaz gain, saio honen aurreko edizio batean parte hartu zuen eta bertan mozkortu eta biluztu ere egin zen, agerraldi deitoragarriak sortaraziz. Hala eta guztiz ere, britainiarrak barkamena eskatu zion izar indiarrari bere esanengatik, baina hori ez zen nahikoa izan bere ospe beltza deuseztatzeko. Hirugarren aldiz Gran Hermanoko lehiaketan parte hartu zuen 2008. urtean, Indiako edizioan, hain zuzen ere. Bertan, bi egun bakarrik igaro ondoren, minbizia zuela esan zioten eta, ondorioz, lehia alde batera utzi beharrean aurkitu zen 27 urteko gaztea.
Etxera itzuli ondoren, berriro ere eztabaidaren zilborrean bistaratu da Jade Goody. Bere gaixotasunaren aurrerapausoak eta bere bizitzaren azken momentuak telebistan aurkeztea aukeratu du britainiarrak. Zertarako? Bere bi semeen etorkizuna ziurtaturik uzteko, alegia. Etorkizun oparoa utzi nahi die bere bi gaztetxoei, besteak beste, ikasteko aukera izan dezaten, berak izan ez zuen bezala.
![]() |
| Goody berriki ezkondu da |
Baina, zilegi al da zure bizitzaren azken uneak telebistan erakustea dirua irabazteko? Non dago morboaren muga? Eta moralarena? Miseriatik irten zen komunikabide guztietan agertuz eta beste hainbat jarduera aurrera emanez, lehen esan bezala, liburu bat -bere autobiografia-, eta lurrin marka bat plazaratuz hain zuzen ere. Bere patrikak, dirudienez ez oso zabalak, gozo-gozo bete zituen bere kultura eza eta edukazio urriari esker. Ez al zen hori guztia nahikoa?
Living TV da, prezeski, ingeles gaztearen egun gogorrak emititzen dituen kanala. Bidezkoa ote da irudi horiek telebistan agertzen uztea? Hauek ere ez ote dakite non dagoen morboa eta moralaren arteko muga?
Jade Goodyren azken egunak dira. Ez dago atzera bueltarik, ezta irtenbiderik ere. Berak nahi izan duen bezala, dirudienez, 4 eta 5 urteko bere bi semeek etorkizun oparoa izango dute diruari eta ikasketei dagokienez. Hala ere, dirua irabazteko moduak eta moduak daude, eta telebistaren metodoa, nire aburuz, guztiz zikina eta laidogarria da zalantza izpirik gabe. Ezer garrantzitsurik egin gabe eta azken urte hauetan sakelak diruz bete ondoren, bere azkeneko egunak iritsi dira. dena den, ez dira berarekin joango gaur egun arte, eta gaurtik aurrera, izango diren gai honi buruzko eztabaidak.


















2009-mar-17, 9:14
Dudarik gabe, lotsagarria litzateke seme-alabak aurrera ateratzeko horrelako gauzak egitea. Horrek guztiak umeengan izango duen eraginean ez al da pentsatzen jarri? A ze baloreak oraindik bizitzaz ezer gutxi dakiten haur batzuentzat.
Baina barkamenik ez dutenak hori guztia argitaratuko duten telebista katekoak dira, baita atsedenik gabe pantailara itsatsita egongo diren ikusleak ere. Noraino iritsi behar gara?
Artikulu bikaina Iñaki. Zorionak!
2009-mar-18, 9:01
Seme-alaben etorkizuna ziurtatu edo seme-alabei eredu txarra emateaz gain lotsaz akabatu?
Hobe lieke seme-alabei bizitzaren garrantzia eta umiltasunaren esanahia irakatsi, diruarekin hain itsuturik bizi baino. Bestalde, ez da bidezkoa haur batzuen etorkizunaren aitzakiapean bere ospea lortu nahi izatea.
2009-mar-22, 14:13
Oraintxe bertan entzun dut irratian: hil egin da. Ez nator guztiz bat zuekin. Egia da ezmoralak direla Iñakik kontatutako zenbait jokabide. Hala ere, kontuan har dezagun helburua.
Eztizeni: Egia da hobe zuela beste era bateko balioak seme-alabei erakustea, baina hain zuzen ere euren etorkizuna da helburu eta ez ospea zuk diozun bezela. Zuk uste asko inportako zaiola hil ondoren ospea?
Maddiri: Bai arrazoi osoa duzu. Emititzen dutenak eta ikusten dutenak dira errudunik handienak.
Nire ustez ez ezmorala da, baina helburu duin batengatik egindako ekintza ezmorala.
2009-mar-22, 15:25
Helburu duina iruditzen zaizu dirua edozelan lortzea? Dirua zertarako? Diru horrek ez die emango ama baten maitasuna, ezta zoriona ere eta are gutxiago etorkizun paregabea bermatu.
2009-mar-24, 8:37
Duintasunak ere ez die ama baten maitasuna emango, ezta eskolarako libururik ere.