euskaljakintza
Abe
03

Euskararen Nazioarteko Eguna

Egilea: eztimaddi    euskara       Trackback

euskararen_egunaGaur, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen ari gara urtero bezala. Hizkuntza baten bizitza ezin da egun bakar bateko festaz omendu, ordea. Funtsean, egunero-egunero erabiliz egin diezaiekegu gure hizkuntza eta euskaldunei gorazarre onena. Ez da erraza zenbaitetan, baina hor dago gakoa: egunerokotasunean frogatzen da norberak mintzaira zabaltzearren egiten duen saiakera, ez bakarrik gaurko egunean, baita biharkoan ere. Era berean, mapek garbi adierazi ohi dute euskararen egungo egoera. Situazio hori aldatzea, hoberako ahal izanez gero, denon esku dago.

Gure altxorra den mintzairaren izatea ospatzeko hainbat ekimen ospatzen da urtean zehar. Horien artean, Korrika eta Ikastolek antolaturiko hainbat festa ditugu, besteak beste. Lehena, AEK-k antolaturiko Euskal Herri mailako lasterketa da, non lekuko bat eskuz esku igaro ostean, euskaldun ezagun batenganaino iritsi eta honek mezu bat irakurtzen duen. Bestetik, ezinezkoa zaigu euskararen zabalkuntzan Ikastolen parte hartzea aipatu gabe utzi; hain zuzen ere, horien lanagatik izan ez balitz, gutariko askoren hizkuntza euskara ez den beste edozein izango bailitzateke. Gainera, euskararen aldeko zenbait jairen sortzaile ere izan dira: Kilometroak, Nafarroa Oinez, Herri Urrats, Araba Euskaraz eta Ibilaldia, esaterako. Festa hauek guztiek euskararen hedapenari ematen dioten bultzadatxoa eskertzekoa da. Halaber, goresteko modukoa da euskaltegien jarduna. Euskaldun zahar eta berriek denok batera baino ezin baikenezake Euskal Herri euskaldun bat lortu.

Ezin ahantz dezakegu Aitorren hizkuntz zaharra txikienei helarazteko garaian erabilitako pertsonaia maitagarria: Argitxo iratxoa. Ume-umetatik jarri zaigu dir-dira begietan bere izena entzutean. Kriseiluaz erakutsi zigun euskararanzko bidea eta bere txano gorriaren txintxarriaren zaratari segiz, kamino horretan murgildu gara. Haurrei egiteko euskaraz, orain eta gero, eskatzen zien Argitxoren kantuak eta makina bat gara abestiaren hitza betetakoak. Ondorengoak ere ez dira gutxiago izango.

armarriaHala ere, euskaldunon elkartasuna ez da Euskal Herrira bakarrik mugatu. Izan ere, historian zehar hainbat euskaldun arrazoi ezberdinegatik kanpora joan beharrean izan dira, munduan zehar sakabanaturik. Guztiarekin ere, banaketa horrek ez du euren jatorriaren ahaztura ekarri, euren sustraiak non dauden ondotxo baitakite. Horren adibide ditugu hainbat herrialdetan zehar banatuta dauden euskal etxeak.

Gaur Euskal Herrian Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen ari garen bezala, munduko hainbat txokotan ere ekintza honetan parte hartu dute. Adibide garbiena, baina ez bakarra, Bartzelonako euskal etxea dugu, non bai gaurko, eta bai datorren asterako hainbat ekintza antolatu dituzten, besteak beste, euskarazko bideo emanaldiak, Durangoko azokara irteera…

Amaitzeko, gaurkoa bezalako eguna ospatzea hainbat euskaltzaleri zor diegu. Aurrez aipaturiko ekimen guztiez gain, euskaltzale askok eman baitu bere biziaren zati handi bat euskararen normalkuntza ikustearren. Baina, berriz ere, etxeko andre, mediku, musikari, artista, zerbitzari… guztion lana izan da, da eta izango da, euskara bizitzako une guztietan modu normal eta naturalean erabiliz, normalizazio osora ailegatzea. Denok egin dezakegu zerbait, zerbait hori gutxi bada ere. Beraz, gaurko gogoeta izan daitekeen galdera botatzen dugu: nor da euskaldunetan nazioartekoena?

Horretaz gain, euskaljakintzatik euskarari bai emateaz gain, gure hizkuntzarekiko konpromiso batzuk hartzera gonbidatu nahi zaituztegu. Zuek aukeratu zer nolakoak izango diren; hori bai, eguneko joan-etorri guztietan betetzeko modukoak izan daitezela aholkatzen dizuegu. Zer konpromiso hartzeko prest zaude?

Zabal ezazu:
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • FriendFeed
  • Google Bookmarks
  • LinkedIn
  • Identi.ca
  • Meneame
  • Netvibes
  • Tumblr
  • Posterous
  • RSS
  • PDF
  • Print
  • email

7 iruzkin

Iruzkina idatzi
  • a gravatar Egilea: eagirresarobe

    Nire kopromezua: hemendik aurrera, madarikazioak euskaraz esango ditut.

    Euskaldunetan nazioartekoena Berri Txarrak taldea izan daitekeela uste dut.

  • a gravatar Egilea: kabeledo

    ENE eguna iritxi da eta ni konprometitzen naiz nire ahizpa Oihanerekin euskaraz hitz egitea. Euskara gure herriko altxorra baita eta altxorrak mantendu egin behar dira, antzinako piratek esaten zuten bezala.

    Animo eta ENE eguna oso ondo pasatzea opa dizuet.

  • a gravatar Egilea: Maite

    Lan bikaina bikote!
    Euskara egunero erabili behar den arren, abenduaren 3an ospatzea ederki iruditzen zait. Hori bai, ez du balio egun honetan bakarrik euskaraz jardutea e?

    Ni aspaldidanik konprometitu naiz nire Frantziako lehengusuari euskaraz egitea eta bere akatsak zein diren adieraztea jajaja.

    Pertsona euskaldun internaionalena? Muguruza nire ustez ;)

  • a gravatar Egilea: amujika

    Kaixo Eztizen!
    Nire kasua zurearen antzekoa dela esango nuke.
    Gutxi batzuontzat euskara da eguneroko protagonista eta nik nire kasuan ez dut egiteko handiegirik ikusten.
    Egia da gehien saiatzen garenok ere madarikazioak erdaraz egiteko joera dugula. Zuk esaterako, horri aurre egitea erabaki duzu, baina zail samarra deritzot borondate hori aurrera eramateari. Kontrolatuta izango zaitut!
    Gure hizkuntza oso maitea dugun arren, sarritan ahaztu egiten dugula iruditzen zait. Maitasun platonikoa izango da agian. Dena den, prest nago maitasun hori bukaeraraino eramateko; beraz, segundooro bihotzean ez ezik buruan eta ahal bada ahoan ere eramaten saiatuko naiz.
    Eta… euskaldunik nazioartekoena? kokoteraino banago ere, Urdaneta esango dut.

  • a gravatar Egilea: Iñaki

    Aupa pitxones! Lan eta lan zabiltzate eh…

    Nire konpromezua euskara gehiago erabiltzea izango da, zenbait unetan gaztelaniara jotzen baitut :S

    Halere, bertan zaudete zuek niri abisua ematen!

    Lan bikaina eztimaddi!

  • a gravatar Egilea: Maite

    Aupa, bikote! Nik sarean euskararen presentzia zabaltzen jarraitzeko asmoa dut; beraz, horixe litzateke nire konpromisoa (horretan zuen laguntza izango dudala espero dut, gainera).

    Bestalde, euskaldun unibertsalenarena ez dut horren garbi eta izen batzuk botako ditut: Elkano, Chillida, Balenciaga, Luis Mariano, Indurain…

    Jarraitu hain sutsuki lanean, bikote!!!

  • a gravatar Egilea: Baztango haizegoa

    Kaixo nik ere, sarean , kalean eta leku guztietan euskara erabiltzen segitzea izango da nire kompromisua.
    bertze aldetik abendua 3 ere Nafarroko eguna da ze koinzidentzia nafarroa eta euskara, horregatik deitzen zaio lengua navarrorum

Iruzkinen RSS   TrackBack URL

Iruzkina idatzi

                                               

top
Who links to my website?