euskaljakintza
Aza
23

Kometak, espazioko astro misteriotsuak

Egilea: emartos    orokorra       Trackback

Zer dira kometak?

halebopp7Harri eta izotzez osaturiko zeruko gorputz hauek eguzkiaren inguruan biraka dabiltza orbita eliptikoak jarraituz. Beraien gorputza hauskorra, txikia eta forma irregularrekoa da. Kometek, asteroide, planeta eta sateliteekin batera, eguzki sistema osatzen dute. Zeruko gorputz solido hauek, eguzkitik oso gertu daudenean, sublimatu egiten dira. Eguzki-sistemako astro nagusitik urruti daudenean, bere nukleoa eta materiala izoztuta dute. Kometak “izotzezko bolak” edo “izeberg zikinak” izenez ere ezagunak dira.

Astro hauek eguzkitik gertu daudenean baino ezin ikus daitezke; izan ere, orbita oso luze eta txikiak baitituzte. Gorputz dirdiratsu hauek ikusi nahi baditugu, teleskopio binokular bat erabili beharko dugu. Hala ere, gaur egun ordenagailu eta interneteko konexio batekin ere aurki dezakegu kometa bat; orain dela urte gutxi, esaterako, DVSOko astronomo afizionatuek kometa ugari aurkitu zituzten horrela.

Non sortzen dira?

Astro dirdiratsu hauek nagusiki 2 lekutatik datoz: Oorteko lainotik eta Kuiperreko gerrikotik. Zientzialariek periodo luzeko kometak Oorteko lainoan sortzen direla eta beraien bizitzako denbora gehiena bertan pasatzen dutela pentsatzen dute. Laino horri horrela deitzen zaio Oort izeneko ikerlari batek aurkitu zuelako eta eguzkitik 50.000-100.000 argi urtera dago. Periodo handiko kometek milaka urte behar dituzte eguzkiari buelta emateko, orbital eliptiko oso luzeak jarraitzen dituztelako.

Zientzialarientzat, berriz, horrela sortzen dira periodo motzeko kometak: eguzki-sistematik izar bat pasatzen denean, laino horretan dauden zeruko gorputzen orbitak aldatu egiten dira. Horietako batzuk eguzki sistematik kanporatuak izaten dira eta beste batzuek orbitak laburtzen dituzte. Gerard Kuiperrek, periodo motzeko kometen existentzia esplikatzeko, Kuiperren gerrikoa sortu zuen eta Neptuno baino urrutiago kokatu zuen. Jupiterreko grabitatearen eraginez, gerriko honetan dauden astro txiki hauek handik alde egitera behartuta daude eta Oorteko lainora edo eguzki-sistematik at doaz.

Kometen orbitak etengabe aldatzen ari dira: beraien jatorria eguzki-sistemaren kanpoaldean dagoela pentsatzen da eta beraien orbitek, planeta batera hurbiltzen direnean, aldatzeko joera dute .

Osaketa eta egitura

Kometak urez, izotz lehorrez, amoniakoz, metanoz, burdinaz, magnesioz eta silikatoz osaturik daude. Astro hau osatzen duten substantziak izoztuta daude; izan ere, oso tenperatura baxua baitute egoten diren lekuetan. Izotzez osaturik daudenez, bere dentsitatea 1g/cm3-koa dela pentsatzen da. Zeruko gorputz hauen egiturak anitzak eta dinamikoak dira.

Kometak ulertzeko, hasierako eguzki-sistemara jo behar dugu. Hasierako eguzki-sistemako nukleoan material pisutsuenak, metalak eta harrizko silikatoak, kondentsatuta zeuden. Kanpoaldean hotz handia egiten zuenez, elementu arinenak kondentsatu egin ziren. Izotzezko metanoa, amoniakoa eta ura sortzeaz gain, eguzki sistema estaltzen duen Oorteko hodeia ere sortu zen. Kometak laino horretan eta material horien bidez sortu ziren. Bat-batean izar baten grabitazio-abiadak kometa bat asaldatzen du eta eguzkiaren erakarpenak kometa Oorteko lainotik orbita batera bidaltzen du.

Orbita barnean, kometa berora ohituta ez dagoenez, bere izotza sublimatzen hasten da, eta berak askatutako gas eta hautsek adatsa sortzen dute. Honek nukleoa inguratzeko balio du. Kometak eguzkirantz hurbiltzeko sortutako adats dirdiratsuaren tamaina eta dirdira handitzen joango da bertara iristen doan heinean. Aurrez aipatutako adatsak eta buruak osatzen dute kometa bat. Bi motatako adatsak daude: urdinak, gas ionikoz osatuak, eta, horiak, hautsez osatuak. Astro nagusiko izpi ultramoreek isats urdin fluoreszentea sortzen dute. Gasezkoak beti eguzkiaren aurkako noranzkoa du; hautsezkoa, berriz, gasezkoaren eta kometaren ibilbidean kokatzen da. Astro nagusiko argi izpiek eta eguzkitik botatako partikulek erradiazioan presio bat eragiten dute, eta honek aldi berean kometaren adatsa buruaren aurrean jartzea ahalbidetzen du. Honela, kometak astro handitik alde egiten du adatsik gabe. Eguzkia inguratu ondoren, kometari bi gauza gerta dakizkioke: orbita eliptikoan harrapatuta gelditzea edo eguzki sistematik at joatea.

Kometen orbiten eta ezaugarri fisikoen historia

1577. urte arte kometak gure planetako fenomeno atmosferiko sinpletzat hartzen ziren, baina orduan Tycho Brahe agertu zen eta astro txiki hauek zeruko gorputzak zirela baieztatu zuen. Teleskopioa asmatu eta gero, astronomoak kometak zehatzago ikertzen hasi ziren. Gauzak horrela, XVII. mendean, Isaac Newtonek grabitazioaren Legea formulatu zuen. Teoria honen arabera, grabitateak kometen mugimendua kontrolatu eta planetak bere orbitetan egoteko arrazoia zela frogatu zuen. Urte batzuk beranduago, Edmund Halley 1682an, 1606an eta 1531n agertu zen kometaren ezaugarriak eta orbitak berdinak zirela konturatu zen. Hori ikusita,  Halleyk bi ondorio atera zituen. Alde batetik, hiru data horietan agertu zen kometa bakarra zela ondorioztatu zuen. Bera izan zenez honetaz lehen ohartu zena, bere izena eman zitzaion astro horri, Halley. Bestetik, zeruko gorputz hauen mugimendua periodikoa zela konturatu zen. Horretarako, Newtonen grabitazioaren legea erabili behar izan zuen. Halleyk kometa hura 1759an berriro agertuko zela esan zuen, baita bete-betean asmatu ere.

1821ean, John Enckek beste astro horietako bati orbita periodikoa aurkitu zion. Bere omenez, astro horri bere izena jarri zitzaion, Encke. Kometa honek kometa guztien artean periodorik motzena du, 3,3 urtekoa. Bere orbita grabitazio-indarren menpe ez zegoen lehenengo kometa kontsideratzen da.

XIX. mendearen hasieran, Friedich Bessel matematiko alemaniarrak gorputz solidoak gas egoeran egon zitezkeela baieztatu zuen. Horrela, Besselek azaldu zuen Encke kometaren mugimendu ez grabitatorioak kometa berak sortutako zurrusta batzuen ondorioz jaio zirela. Ideia hau ahaztu egin zen eta 100 urte beranduago, Fred Lawrence Whipple izeneko astronomo estatubatuar batek ideia horixe plazaratu zuen. Freden aburuz, amoniako, karbono dioxido, metano eta hautsarekin nahasitako izotz-zatiek osatzen zuten kometen nukleoa. Beranduago, zientzialariak gizon honek esandakoa aztertzen hasi ziren, eta, kometa askotan hainbat proba egin ondoren, bere teoria zuzena zela frogatu zuten. Gizon honen teoriak bikain deskribatzen zituen orduan ezagutzen ziren kometak, baita haien ezaugarriak ere, eta urte askotan guztiz egiazkotzat jo ziren. Dena den, 1983an, Whipplelek bere teoria zalantzan jarri zuen, zientzialariek kometa batzuk asteroideek bezala, eta alderantziz, jokatzen zutela ikusi baitzuten.

Gure iraganaren giltza

Kometak, asteroideak eta eguzki-sistemako beste astro txikiek dute gure iraganaren giltza. Horregatik, gaur egungo zientzialariek misio ugari martxan jartzen ari dira astro hauek hobeto aztertzeko. Hala ere, ez da lan erraza izango seguru. Lehen esan dugun bezala, ikerketa batzuen arabera, kometa osatzen duten materialak organikoak dira eta bizia determinatzen dute. Gaur egungo zientzialari batzuen hipotesia da kometa batek Lurra planeta jotzearen ondorioz sortu zela bizia guren planetan.

Aza
21

90-60-90: denok berdin?

Egilea: arotegi    orokorra       Trackback

anorexia1Gaur egun emakume guztiak ez gara berdinak; izan ere, ez ditugu gustu berdinak, ezta kargu berdinak ere. Adibide bat jartzearren, lanean, bata ministra izan daiteke, eta, bestea, mekanikaria… Hau emakume guztiok berdin pentsatzen ez dugulako edo berdinak ez garelako gertatzen da. Ondorioz, zergatik emakume guztiok 90-60-90 izan beharra daukagu?, modan dagoelako?,  merezi ote? Pasa gaitezen, bada, gaia atalez atal jorratzera.

90-60-90 askotan entzun ditugun neurriak dira. Tamaina hauek emakume perfektua irudikatzen dutela uste dugu, hala esan digute behintzat. Baina benetan emakume perfektu batek horrelako proportzioak izan behar ote ditu? Zer egiteko gai da emakume bat neurri hauek lortzeko edo gure gizartean gaizki ikusita dagoen gizentasunean ez erortzeko?

Emakume eta, batez ere, neska gazte gehienak edozer gauza egiteko gai dira gizen ez egoteko, besteak beste, dietak. Dieta egoki bat egitea eta honi laguntzeko kirol pixka bat egitea oso egokia da gure osasunerako. Gehiago esango nuke: nire ustez, beharrezkoa da osasuntsu egoteko. Dena den, arazoa ez da dieta egitea; izan ere, buruhaustea dietaren aukeraketan baitago. Neska gazte asko ez dira espezialistengana joaten dieta hasi aurretik, beraien aldetik jartzen dira abian. Honek ondorio larriak izan ditzake, batez ere, neska gazte batek ez dakielako bere gorputzari eta osasunari zer komeni zaion. Espezialista batengana joanez gero, gauzak asko aldatzen dira, berak bai baitaki zer den komenigarriena kasu bakoitzean.

anorexia2Guztiarekin ere, afera hau ez da horren larria; okerragoa baita, dieta hasi ordez, jateari uztea. Honen ondorioz, hainbat eta hainbat gaixotasun sortzen da. Horietan famatuenak, eta zoritxarrez entzutetsuenak, anorexia eta bulimia dira. Aurreko urtean, esaterako, Osakidetzak horrelako 557 kasu ezberdin detektatu zituen. Zifrak oso altuak dira, hala ere, esan daiteke urteak joan urteak etorri, kasu gutxiago daudela, 2004an 640 kasu baitzeuden. Hau horrela izanagatik ere, oso altuak dira zenbakiak eta garbi dago zer edo zer egin beharra dagoela kasu berri gehiago ez egoteko.

Emakume guztiek 90-60-90 neurriak eduki nahi izatearen arrazoi nagusienetakoa moda da. Modan jartze horretan, zalantzarik gabe, TELEBISTAK erru handia du, argi eta garbi baitago gazteengan izugarrizko eragina duela. Hau, batez ere, aktore edo bestelako ospetsuen eraginarengatik gertatzen da. Gehienak oso argalak daudenez eta gazteen eredu direnez, gazte guztiek beraien antza izan nahi dute. Ondorioz, argalak egon nahi izaten dute eta jateari uko egiten diote hori lortzeko.

Aipatutakoa, ordea, ez da janaren erdeinua bultzatzen duen eragile bakarra. Moda da garai honetan gazteengan gehien eragiten duen faktorea. Esan bezala, moda oso garrantzitsua da gaur egun gazteentzat eta, horren haritik, pasarelek eta bertan agertzen diren modeloek eragin zuzena dute. Modelo hauetako asko anorexiak jota daude, eta hori da haiek imitatu nahi dituzten gazteak ere anorexian erortzearen kausa nagusienetako bat. Hona hemen bideo bat ikusteko zer nolako ondorioak ekar ditzakeen jateari uzteak:

Aurreko guztia laburbilduz, esan dezakegu emakume guztiak ez garela berdinak eta, ondorioz, bakoitza den bezala onartzea izango litzatekeela egokiena, batez ere, anorexiaren antzeko gaixotasunak saihesteko eta bizitza osasuntsuagoa izateko. Bide horretan, kirola egitea eta jaki osasungarriak jatea da egokiena, eta EZ JANA UZTEA!!!!

Aza
20

Haur-pornografiari EZ!

Egilea: eagirresarobe    denetarik       Trackback

pornografia_infantil_noAsko eta asko dira egunero umeen bideoen bila sarean ibiltzen diren pederastak. Gaur, azaroak 20, Umearen Egun Unibertsala da, eta anonimotasunaz baliatuz ehunka haurren bizitzak zapuzten dituzten horien aurka egiteko egun aproposa dugu, egunero-egunero borrokatu behar genukeen arren.

Internetek muturren aurrean jartzen die euren irrika sexual gaixoti eta gaitzesgarria asetzeko abagunea. Sareak, ordea, euren aurkako kanpaina bat antolatu du. Blogokanpaina honen xedea ahalik eta blog gehienek “Haur-pornografiari EZ” (Pornografía infantil NO) esaldia idatziz Interneteko bilatzaileak betetzea da. Modu horretan, lotsagarrikeria horrekiko erdeinua argitara emango dugu. Esaldi horretaz gain, pederasta eta pedofiloek bilatzaileetan erabiltzen dituzten “angels”, “lolitas”, “boylover” edo “preteens” moduko terminoak txertatuko ditugu, burugabe horiek aipatutalo bilaketak egiten dituztenean, praktika horiek salatzen dituzten idatziekin topa daitezen.

Euskaljakintzak blogokanpaina honekin bat egin nahi izan du, gizartea astintzen duen errotik moztu beharreko “arazo” horren aitzi, bere hondar aletxoa ipini eta indibiduo lizunen ekintzak salatzeko. Haur-pornografiari EZ! (Pornografía infantil NO)

« Aurreko orrialdea  Hurrengo orrialdea »
top
Who links to my website?