euskaljakintza
Aza
09

Handien indarra, handien agintea

Egilea: aormazabal    Orokorra       Trackback                                          Idatzia inprimatu Idatzia bidali

Merkataritza-guneaGero eta gehiago dira, eta gero eta jende gehiagok hartzen du bertan erosketak egiteko erabakia. Ez, ez naiz ari auzoko denda txikiei buruz, normalean hiriburuetan edo hiriburuen inguruan kokatzen diren merkataritza-gune handiei buruz ari naiz. Argi dago, noizbait, denok joan garela eta joaten jarraituko dugula pabilioi handi hauetara, baina inoiz pentsatu al dugu horrek denda txikiengan izan ditzakeen ondorioez?

Zalantzarik gabe, ez da burura etortzen zaigun lehen kezka, erakusleihoan ikusten ditugun erdi prezioko prakek hori guztia pentsatzea galarazten baitigute. Baina egia da kaleak ez liratekeela berdinak izango denda txikirik ez balego. Ziurrenik, askoz jende gutxiago ibiliko litzateke hara eta hona, eta hormak batere erakusleiho eta, ondorioz, inongo argirik gabe, karrikak pareta tarte soil bat izatea eragingo zuten.

Onartu beharra dago zentro komertzial hauek aurrera ateratzeko, langile ugarik egin behar dutela lan bertan, hots, langabe kopuru handi batek langabe izateari uzteko aukerak ematen dituztela. Horrez gain, eskaintzen dituzten aukerak anitzak dira: denda ezberdin ugari bata bestearen ondoan, zinema, jatetxe eta horrelako hainbat toki, aukera handia produktuak hautatzeko orduan, hainbat eskaintza, zerbitzu ezberdinak (aparkalekua edo komun publikoak, esate baterako), ordutegi paregabea lanak ordu asko jaten dizkionarentzat… Hala eta guztiz ere, onerako edo txarrerako, aukera anitz horien artean ezin dugu saltzaile eta erosle arteko harremana aipatu, beharbada, merkatal zentroetako aire girotuek hoztu dutelako, edo zentro komertzial hauetako jende kopuru altuak harreman hori posible ez izatea eragin duelako.

Dendak kaleanDena den, eremu erraldoi horiek ez dira enpresa txiki horiek dituzten aurkari bakarrak, kontuan hartu beharrekoa baita mundu hau gero eta globalizatuagoa izatearen eragile nagusia den Internet. Euskal Estatistika Erakundearen arabera 2007an gehien bisitatu ziren orrien artean egunkari digitalak eta mezularitza orriak nagusitu ziren arren, gisa honetako orri ezagunetariko bat ere aipatu beharra dago, rankinean 18. postua lortu zuena, ebay hain zuzen ere. Izan ere, gaur egun gero eta erosketa gehiago egiten dira amaraunean nabigatuz, horretarako bereziki prestatutako orrietan, non bakoitzak bere salmenta eta erosketa propioak egin ditzakeen klik soil bat eginez. Baina ez hori bakarrik, erosketak egiteko erosotasun eta azkartasunaz gain, Internet bidez lan egiten duten enpresa hauek aukera ugari eskaintzen dituzte: beherapen txundigarriak, etxetik mugitu gabe produktuaz gozatzeko aukera…

Baina fidatzen al gara geure ordenagailuan ikusten ditugun saltzaile eta prezioez? Badirudi baietz, gero eta gehiago baitira etxetik bere erosketak egitera animatzen direnak.

Hitz gutxitan esateko, bistakoa da urteak aurrera doazen heinean, gauzak aurrerantz edo atzerantz aldatu egiten direla. Gainera, batzuen onerako eta besteen kalterako, bide beretik jarraituko dutela argi dago. Edonola ere, ahaztu ezinezko zerbait da neurriaren kontua, txikiak ezin ditugulako ahantzi handiek agintzen jarraitu arren.

13 Iruzkin

Iruzkina idatzi
  • a gravatar Egilea: Iñaki

    EGAko ahozko azterketan gai hau tokatu zitzaidan!

    Zorionak Añe!

  • a gravatar Egilea: eagirresarobe

    Ez handi eta ez txiki, ez naiz salerosketa guneen aldeko. Hala ere, kapitalismoaren itzalak ilunpean ere jarraitzen gaituenez, sarritan egin izan ditut erosketak.
    Kasu honetan, ez dut uste arrain handiak arrain txikia jateko beste indar duenik. Egia da oso zaila dela globalizazioaren hatzaparretatik irrist egitea, baina globalizazioak ez dakar konfiantza berarekin eta denok gaude horretaz jabeturik. Nork ez du “konfiantzazko harakinik”?
    Interneteko erosketei dagokienez, ez zait iruditzen sekula denda tradizionalen lekua beteko dutenik; izan ere, mesfidantza pizten dute pertsona askorengan.
    Oso ona aire girotuarena Ane!

  • a gravatar Egilea: Iñaki

    Bai, bai, Estitzen nik badakit kapitalismoaren esklabu zarela..

  • a gravatar Egilea: eagirresarobe

    Kapitalismoa baino gehiago, maitasunaren esklabu!!!

  • a gravatar Egilea: Iñaki

    Sinesten dizut Estitzen! Baina nik uste nuen zu indartsuagoa zinela eta ez zinela erortzen kapitalismoaren eta kontsumismoaren hatzaparretan hain erraz… >:)

  • a gravatar Egilea: eagirresarobe

    Lasai Iñaki!Berehala izango dugu EZTIZENISMOA nahi dugun guztiok hegoak zabaldu eta kapitalismoaren kartzelatik ihes egin ahal izateko!Izan pazientzia apur bat!

  • a gravatar Egilea: Iñaki

    Irakurtzeko irrikatzen nago, badakizu! Agian ESNALISMOAREN jarraitzaileekin borrotxoren bat egi beharko duzu (jarraitzaleak baditu, noski :>)

    Ea laster idazten duzun!

  • a gravatar Egilea: eagirresarobe

    Zin dagizut zu izanen zarela “Eztizenismoaren teoria filosofiko-soziopolitikoa” irakurtzen lehena eta nahiz eta esnalismoak jarraitzaile gutxi batzuk izan ez dudala zurekin bipartitorik osatuko!

  • a gravatar Egilea: Iñaki

    Zorte oneko gizontxoa ni! Besteei utzi beharko diegu idazten ezta? Ane gaixo “saturatu” egingo dugu!

  • a gravatar Egilea: amujika

    Barkatu, baina alfer-alferrik zabiltzate estizenismoa eta esnalismoa sortzeko proiektu antzu horiekin. Honek ez du bueltarik. Noski, ni ere teorian ez nago kapitalismo honekin ados, baina oso eroso bizi gara eta zertarako burua jan? Askotan irten da gai hau argitara “letrero”-en artean eta kontsumismoaren aurkako eztabaidan gero eta denbora gehiago iraun orduan eta argiago daukat gustora gaudela horrekin eta hitzak bihar haizeak eramango dituela. Dena den, seguru nago Aneri momentu agobiante hauetan irribarre bat sortuko diodala eta hor doa zuretzat:
    GAURKO LANA BIHARKO OGIA!!!!!!

  • a gravatar Egilea: Iñaki

    Ja! Gero beste batzuk gara kapitalista hutsak, eta begira nork “defendatzen” duen! Ainhoa Mujika Mendiak, ene bada!

  • a gravatar Egilea: Ane

    Iñaki hemen denak dakigu zeu zarela kapitalista bakarra!
    Ea bada laster sortzen dituzuen Eztizenismoa eta Esnalismoa, baina, Iñaki, uste dut lanean gogor hasi beharko duzula ezer sortuko baduzu, Eztizenek erraz hartuko baitizu aurrea bestela.
    Bai bai Ainhoa, irribarrea eragin zidan zeure ateraldiak. Baina oraindik uste dut OGI GOGORRARI HAGIN ZORROTZEKIN erantzun beharko diodala!

    Eskerik asko zuen iruzkinengatik!

  • a gravatar Egilea: iesnal

    Haizan! Hik agian gehiago ikasi beharko den! >:)

    Eta ez naiz kapitalista, ongi dakizue!

Iruzkinen RSS   TrackBack URL

Iruzkina idatzi

                                               

top