euskaljakintza
urr
07

Gizakiak arrazoia galtzen duenekoa

Egilea: motamendi    orokorra       Trackback

Askok gogoan izango duzue irailaren 25ean Finlandiako Kauhajoki herriko lanbide heziketako zentroan gertatutako sarraskia. Matti Juhani Saari, 22 urteko gaztea, ikasten ari zen zentrora sartu, aurrean harrapatu zuen guztiari tiro egin, inguruari su eman eta bere buruaz beste egin zuen. Emaitza bederatzi ikasle eta irakasle baten heriotza izan zen.

Aurreko egunean, poliziak deklaratzera deitu zuen Matti youtuben zintzilikatu zituen bideo batzuengatik. Bideo horietako batean gazteak tiro egiten dio kamerari ” Hurrengo hildakoa zeu izango zara” esanez. Baina galdekatu zuen poliziari, sarraskiaren ondoren aitortu zuenez, ez zitzaion arriskutsua iruditu eta etxera joaten utzi zion.

Ekintza hori burutzeko zituen arrazoiak hauexek ziren: bizi zen mundua gorroto zuen eta mundu berri bati hasiera emateko bidea gizateriarekin amaitzea zen.

Kontua da, Finlandian aurrez ere gertaturiko kasua dela Mattirena. Hortxe dugu, adibide gisa, Pekka-Eric Auvinen, 18 urteko gaztea, zortzi pertsona hil ostean bere buruaz beste egin zuena. Eta ez Finlandian bakarrik, munduko hainbat tokitan errepikatu den kontuaz hitz egiten ari gara. Zalantzarik gabe Estatu Batuak dugu adibiderik garbiena, eta ez kasualitatez, gainera; izan ere, biztanle bakoitzeko arma kopuruen indize altuena baitu, ehun pertsonako 30 arma. Hala ere, Finlandia ez da atzera geratzen, Yemenen ondoren, hirugarren postuan aurkitzen baita.

Noski, herrialde horietaz hitz egitean, aipatu beharrekoa da edozein armaren jabetza edukitzea legearen barruan sartzen dela. Finlandian, esaterako, ustekabearen ondoren legea aldatzea proposatu badute ere, 15 urterekin lor daiteke edozein armaren lizentzia.

pekka-eric-auvinenGaiaren mamira joanez, hauxe da nire galdera: nola irits daiteke pertsona bat horrelako zentzugabekeria bat egitera? Erantzuna begien bistan daukagu. Egunero horrenbeste ordu telebista aurrean pasatzen duen gazteriak biolentziaren mezuak etengabe jasotzen ari da. Adibide moduan, hortxe ditugu horren modan dauden polizia telesailak. Biolentzia oinarritzat duten bideojokoak ere ez ditugu ahaztu behar.

Aurrez aipatutako horien guztien mezua hauxe da: etsaien batek enbarazu egiten badizu, egiozu tiro; horrela, lasaiago biziko zara. Baina gazte horiek garrantzitsuenaz ahazten dira, ekintza horiek ondorio batzuk dituztela, alegia. Noski, komunikabideek eta bideojokoek aipatzen ez duten faktorea dugu aurrekoa.

Dena dela, ez dugu ahaztu behar kasu batzuetan hiltzaileak buruko arazoren bat izan dezakeela. Honelakoetan, bizi deneko gizarteak dauka errua arma bat horrelako erraztasunaz eskura jartzeagatik. Azken finean, denok dakigu zein ondorio izan dezakeen tximu bati bi pistola eman eta jendez betetako kale batean utzita.

Horretaz guztiaz gain, horren aurka zerbait egitea erabaki duenak ezer gutxi lortu du. Estatu Batuetan, esate baterako, armen aldeko instituzioek berebiziko indarra dute politikan. NRAk (National Rifle Association), esaterako, iazko urtean 14 milioi dolar bideratu zituen kanpaina politikoetara eta beste 22 milioi publizitatera. Armen Indarkeria Saihesteko Bradyren Kanpainak, berriz, hiru milioi dolar bideratu zituen kanpaina politikoetara. Atera kontuak.

Penagarria da, zinez, gizakiak egin dituen aurrerakuntzen ondoren, hori guztia aurrez aipaturiko sarraski baten ondorioz haizea hartzera joatea. Zenbaitetan aurrera pauso bakoitzeko bi atzera egiten ditugula iruditzen zait. Eta zuek zer iritzi duzue honen guztiaren inguruan?

Informazio gehigarria:

Zabal ezazu:
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • FriendFeed
  • Google Bookmarks
  • LinkedIn
  • Identi.ca
  • Meneame
  • Netvibes
  • Tumblr
  • Posterous
  • RSS
  • PDF
  • Print
  • email

9 iruzkin

Iruzkina idatzi
  • a gravatar Egilea: iesnal

    Guztiz sinesgaitza da gertatu zena Finlandian eta baita gaur egun gertatzen ari dena ere armen kontu honekin! Non daude gazte horien familiak? Zer edukazio mota ematen die?

    Zorionak zure lehen lanagatik Chang! Oso interesgarria! =D>

  • a gravatar Egilea: irodriguez

    Zaila egiten da horrelako berriak egi direla sinestea. Poliziaren segurtasun ezak kezkatu egin beharko liguke, eta konponbide bat aurkitu.
    Oso gai ona, zorionak!

  • a gravatar Egilea: eagirresarobe

    Tamalez, gero eta maizago izaten dugu horrelako albisteen berri. Tristea da, baina arrazoirik izan al dezakete mundua gorrotatzeko? Agian bai, ezta?

  • a gravatar Egilea: Maite

    Aztertu egin beharko litzateke sakonago zer dagoen horrelako burugabekeria egiten duen norbaiten buruaren barnean; niri, dena den, kosta egiten zait bere tokian jartzea, urrutitik bada ere, horrelako jokabide bat nondik etor daitekeen ulertzeko. Alde batera utzita hainbat tokitan armak eskuragarriegi daudela, Eztizenek dioenari erreparatu nahi nioke: bururatzen zaizue arrazoiren bat mundua hainbeste gorrotatzeko? Zerk bultza dezake pertsona bat horrelako ekintza batera?

    Maddi, artikulu interesgarria zalantarik gabe. Zorionak!

  • a gravatar Egilea: Maddi

    Eskerrik asko zuen iruzkinengatik!!

    Hala ere, Itsaso, arazoa ez dago poliziaren segurtasun ezan. Aipaturiko estatuetan armen jabetza publikoa debekatzen ez den bitartean, berdin izango du harri bakoitzaren azpian polizia bat jartzen bada ere.

    Berriz ere eskerrik asko!!

  • a gravatar Egilea: mmendia

    Maddi!
    Gaur egun gertatzen den orok gizartea kolokan jartzen duela iruditzen zait, horrelako ekintzei aurre egitea zaila izango da baina irtenbideren bat topa genezake denok zertxobait emanez gero. Ezta?
    Oso interesgarria zure artikulua ere, primeran islatu duzu gertatu zena. Segi horrela!
    Muxu bat.

  • a gravatar Egilea: obidegain

    Noraino iritsi behar dugu?
    Maddi benetan ona!

  • a gravatar Egilea: xzabala

    Armak eskuratzeko hainbat herritan eskaintzen diren erraztasunak ez dira nire ustez arazo honen jatorria, herrialde horietako kultura baizik.
    Suizan soldadutza amaitzen duten gizonezko guztie arma bat oparitzen zaie eta han ez da horrelakorik gertatzen.

  • a gravatar Egilea: Maddi

    xzabalarentzat:

    Arazo honen jatorria bertako kulturan dagoela diozu, eta zer dira ba telebista eta bideo jokoak? Testuan aipatu ez dudan arren, agian txikitatik heldu batek esplikatuko balieke mezu horien esanahia, ez zen horrelakorik gertatuko. Baina, haurren hezkuntza osoa eskolaren gainean jartzen den mende honetan, horrelako sarraskien erruduna gizarteak armak hain eskura jartzean dago.

    Horretaz gain, Suitzako gobernu motan erabat oker zaude. Kontua zera da: adin militarrean aurkitzen diren mutil gazte oro urtean hilabete soldaduska modukoa egitera deitzen da, tarte horretan lanpostua eta hilabeteko ordainsaria mantenduz. 20 urtetik aurrerako mutil gazteei gobernuak armak ematen dizkie edozein momentutan soldaduskara deituz gero, prest egon daitezen. Uste dut armak “oparitzearekin” aldea badagoela.

    Amaitzeko, datuek aurkakoa badiote ere, Suitzan ere gertatzen dira horrelakoak, ez da mundutik isolaturik dagoen lurraldea eta.

    Hala ere, eskerrik asko iruzkinagatik, iritzi desberdinak edukitzea beti baita aberasgarri.

Iruzkinen RSS   TrackBack URL

Iruzkina idatzi

                                               

top
Who links to my website?