Archive | martxoa, 2008

Zain dezagun ura

irudia2.jpgUraz hitz egiten dugunean, hitz egiten badugu, behintzat, bi hizkitako ele arrunt batez mintzatzen gara, hitz honen atzean gu guztion bizitzarako funtsezko osagaia dagoela kontuan hartu gabe; izan ere, hori besterik ez da, bi letretako termino bat.

Hala ere, okerrena ez da hitz egiteko orduan ematen diogun garrantzi eza, ez; akatsik handiena likido garden honi ematen diogun erabilera da. Esate baterako:

  • Hamar minutuko dutxa batean batez besteko 100-200 litro ur gastatzen ditugu. Jarrera arduratsua izango bagenu, 80 litrorekin nahikoa izango genuke.
  • Iturria itxi gabe hortzak garbitzen ditugunean, zazpi litro inguru xahutzen ditugu; behar duguna erabiliko bagenu, berriz, 2 litrorekin moldatuko ginateke.

irudia3.bmpHorrela, makina bat adibide gehi ditzakegu… Beste alde batetik, denok dakigun moduan, ura bizitzari lotuta dagoen baliagai natural bat da. Ezagutzen diren bizi forma guztiek dute beharrezko, eta gorputzeko prozesu metaboliko askotarako ezinbestekoa da. Hala ere, elikadura ura baino errekurtso arazotsuagoa dela pentsa dezakegu hasiera batean; izan ere, gure planetan ur gehiago dago lurra baino, Lurraren %72, hain zuzen ere, ura da.

Aipatu dudan bezala, ura nagusi da Lurran, baina ia guztia gazia da. Bestalde, dagoen ur geza gure planetako biztanle ororentzat nahikoa bada ere, honen banaketa oso irregularra da. Arazo hau ur gehiago lortuz, hobeto banatuz edo gutxiago xahutuz saihets dezakegu.

irudia1.jpgOndoko irudian agertzen den moduan, gure planetan dagoen uraren %97 ozeanoetan dago; beraz, gazia da. Ondorioz, dagoen ur geza ez da asko, %3. Kantitate honetatik %2,4 glaziarretakoa dela kontuan hartuz, erabiltzeko moduan duguna (ibaietan, basoetan…) %0,6 da. Baina hau ez da dena, guztiaren %0,003 bakarrik erabil baitezakegu.

Hori dela eta, likido hau zaintzea ezinbestekoa da guretzat eta gure ondorengoentzat. Lan honetan edonor has daiteke gauza sinpleenetatik abiatuz:

  • Itoginak ekidin.
  • Xaboi biodegradagarriak erabili.
  • Ez utzi iturriak irekita behar ez duzunean.
  • Ez bota zaborrik, komunera, errekara, ibaira, itsasora…
  • Hobe dutxa bainua baino.
  • Garbigailua erabili behar duzunean, ondo bete… 

Hain gai garrantzitsua izanik, aipatzekoa da aurten uraren urtea ospatzen dela. Arrazoi hori dela eta, ekimen ugari antolatu da, hauen artean, Expo Zaragoza 2008. Ekainean, Zaragozako hiria 102 herrialdetako erakusketari hartzeko prestatuko da; horrela, hain garrantzitsua den urari erakusketa unibertsala eskaintzeko. Dena den, honen berri zabalagoa euskaljakintzako Elenak emango digu gure hurrengo artikuluan. Bide batez, gaur uraren eguna dela adierazi nahi dizuet, egun ezin hobea hausnarketa egiteko. Izan gaitezen denok zentzudun eta gure ondorengoek planeta osasuntsu bat jaso dezaten zain dezagun ura.

Gaiaren inguruko eta gure urtegiei buruzko informazio gaurkotua nahi baduzu, klikatu hemen.

Comments { 0 }

Venezia urik gabe?

venezia 2.jpgAzken egun hauetan egunkari eta albistegietan ikusi dugun bezala, Veneziako ubideek ur-eskasia nabaria azaltzen dute hainbat fenomeno meteorologikoren ondorioz. Normalean, urteko garai honetan, Veneziako ubideak metro bateko itsasgora izaten dute, baina aurtengo egoera erabat alderantzizkoa izan da; izan ere, ubideek ohiko tasatik 80 zentimetroko beherakada izan dute. Fenomeno honek izugarrizko arazoak ekarri dizkio Veneziari eta horregatik horri buruz idaztea otu zait.

Ezer baino lehen, aipatu beharra dago, gondolak kanaletako bazterretan hondartuta geratu direnez, herriaren trafikoa bertan behera geratu dela. Beraz, Veneziako funtzio guztiak pausatu egin dira, hala nola, anbulantziak, posta zerbitzuak, suhiltzaileak…

Era berean, ubideetako ur-eskasiaren ondorioz, kaleetan barrena usain nazkagarria dago, eta Veneziako biztanleak kirats hori jasan behar izanean agertzen dira. Horregatik, bertako biztanleak eta gainontzekoak, aurreko egoerara bueltatzeko irrikitaz daude, gehienbat, Venezia urik gabe ez delako Venezia.

Garbi dago Veneziaren egoera honek etorkizunean ondorio larriak ekar ditzakeela turismoaren arloan eta, hori saihesteko, lehenbailehen euri zaparrada ederra bota beharko du. Ea horrela den!

Comments { 1 }

Gorputzaren bitxikeriak. Zergatik horrela?

GIZAKIA2.jpgNoizbait pentsatu duzue zergatik dagoen osatuta giza gorputza osatuta dagoen bezala? Niri, egia esan, jakin-mina piztu eta galdera horren erantzuna bilatzeari ekin nion; horregatik, informazio interesgarria kausitu ondoren, zuei eskaintzea otu zait.

Jakina da gizakion gorputza simetrikoa dela; izan ere, gure gorputzaren eskuineko aldea ezkerrekoaren berdina da, alegia, bi begi, bi belarri, bi beso eta bi hanka dauzkagu bi aldetan banatuta. Baina nolakoa da gure gorputzaren barnealdea? Galdera honi erantzuteko, barnean ditugun organoei erreparatuko diegu. Jakin behar dugu barruko organo batzuk bikoterik ez dutela; beraz, asimetrikoa dela esan daiteke. Gure gorputzaren barruko eraketari erreparatzen badiogu, ezkerraldean bihotza, urdaila, area eta barea ditugula ikus dezakegu. Eskuineko aldean, berriz, gibela eta behazuna. Egia da birikek simetrikoak diruditela; dena den, batak besteak baino lobulu gehiago dituenez, simetria hori ez da betetzen.

Hasiera batean, badirudi horren arrazoia zera dela: naturak horrela sortu gaitu. Baina ez al zaizue iruditzen naturak gu horrela sortzeko, arrazoi batzuk egongo direla? Azter dezagun pixka bat hau. Giza soinaren barneko aldea asimetrikoa izatea ez da inongo kasualitatea, dagoen bezala banatuta egoteak abantaila handiak dauzkalako gorputza ondo funtzionatzeko orduan. Gauzak horrela, bihotza asimetrikoa izanda, odola gorputzean zehar banatzen duenean, elkarrekin zerikusirik ez duten bi sistema eratzen ditu. Honela, batak odola biriketara garraiatzen du, bertan oxigenatzeko; besteak, ordea, odol oxigenatu hori gorputzean zehar banatzen du.

giza gorputza1.pngZergatik gertatzen da, bada, asimetria hau? Hori da nire ustez galdera garrantzitsuena. Enbrioia sortzen denean, substantzia zehatz batzuen ondorioz, gorputzeko atal desberdinen eraketa prozesuak hasten dira. Hasieran, giza gorputzaren organo asimetrikoak simetrikoak eta perfektuak dira. Enbrioiak 10-25 egun dauzkanean, berriz, erreakzio biokimiko batzuen eraginez, giza gorputzaren kanpoaldea simetriko eta barrualdea asimetriko bihurtzen dira. Bestalde, lehenengo simetriak Notch izeneko proteina bati esker eratzen dira eta honen kopurua handiagoa da gorputzaren ezkerreko aldean. Gainera, proteina honek Delta izeneko beste proteina baten beharra dauka, ondo funtzionatu ahal izateko. Bi hauei esker erabakitzen da zein organok joan behar duen eskuineko aldean eta zeinek ezkerreko aldean. Amaitzeko, organo bakoitzak bere kokapena hartzen du gorputzeko alde ezberdinetan eta horregatik guztiarengatik dago osatuta giza gorputza dagoen moduan.

Beraz, laburbilduz, zera aipa daiteke: giza gorputza simetrikoa da kanpotik eta asimetrikoa barrutik. Enbrioi moduan dagoenean, asimetria hori ez da azaltzen 10-25 egun izan arte. Horren zergatia hainbat proteina eta erreakzio biokimikotan dago. Bukatzeko, espero dut artikulu honek daraman informazioak zerbait lagundu izana. Are gehiago, uste dut denok jakin beharko genukeen gaia dela; izan ere, gure gorputzean gertatzen diren fenomenoak dira eta honen berri jakitea garrantzitsua delako ustea dut.

Hona hemen gorputzak osatzen duen atal garrantzitsu baten bideoa, hots, zelulen bideo bat. Ea interesgarria iruditzen zaizuen!

[kml_flashembed movie="http://www.youtube.com/v/_rBnlexdoVE" width="425" height="350" wmode="transparent" /]

Comments { 1 }
-->