Blogak (IV): estatistikak
Argitaratzen hasiak gara. Baina, aurrekoan esan genuen bezala, argitaratu ondoren, jakin-mina pitz dakiguke. Irakurleak ditugu? Nondik datoz? Zertara? Nola jakin? Hori guztia kudeatu ahal izateko, zerbitzu ezberdinak daude. Guk horietako bat erabiliko dugu: Google Analytics. Doako zerbitzu honek gure guneko estatistika zehatzak emango dizkigu, aukera asko eskainiz. Aipatu beharra dago, ez dagoela zertan gure ordenagailuan instalatu; izan ere, interneten dagoen programa bat da eta guk egin beharko dugun gauza bakarra eskaintzen zaigun kodea gure gunean kokatzea izango da. Beno, gehiagorik gabe, gure kontua egiten hasiko gara. Esan beharra dago hemendik aurrera gauzak zailtzen doazela…
Lehendabiziko urratsa Google Analyticsen gure kontu berria sortzea izango da. Horretarako, nahitaezkoa da Googlen kontu bat izatea. Argitu beharra dago estatistikak aztertzeko zerbitzu hau beste edozein blog plataforman ere erabil daitekeela (ez du zertan Blogger izan). Dena den, esan bezala, zerbitzu hau erabiltzeko bertan kontu bat izan beharko dugu. Kontua lehendik badugu, nahikoa da gure erabiltzaile izena eta pasahitza hemen sartzea. Konturik eduki ezean, klikatu hemen. Kontua sortzeko, register edo registrarse klikatuko dugu. Hurrengo leihoan, gure blogeko helbidea eta bizpahiru gauza gehiago sartuko ditugu. Jarraitu botoia sakatu eta eskatzen zaigun informazioa beteko dugu.

Azken pausoa benetan garrantzitsua izango da; izan ere, hemen kode bat emango digute. Kode hori gure blogean txertatuko dugu gure bisiten jarraipena egingo badugu. Hau egin ondoren, Analytics-en atari nagusian sartuko gara.

Lehen zatia eginda dugu. Orain, gure blogera joango gara. Layout edo diseinu atalera jo eta Edit HTML sakatu. Bertan blogeko kodea aurkituko dugu. Kontuz! Ez aldatu kodea (zer egiten ari zaren ez badakizu, behintzat)! Gure blogaren porrota izan daiteke! Beraz, kontuz, kontuz, kontuz! Analytics-ek emandako kodea, script moduan, orri honen amaieran txertatuko dugu [/body] etiketaren aurrean (etiketa hau azken aurreko lerroan kokatuta dago). Ondoren, txantiloian egindako aldaketak gorde eta listo.

Azkenik, Google Analytics-era itzuliko gara eta status edo comprobar estado botoia sakatuko dugu. Gure lana ondo eginda badago, programak gure guneko informazioa biltzeari ekingo dio. Lasai egon hasieran daturik ikusten ez baduzu, bilketak denbora dezente iraun baitezake (batzuetan, 24 ordu). Dena martxan dagoenean, honelako zerbait ikusi ahal izango duzu (klik egin irudiaren gainean neurri handian ikusteko):
Amaitzeko, aipatu beharra daukat blog guztiek ez dutela sistema bera erabiltzen kodea txertatzeko orduan. Sistema batzuetan, aski da kode zati bat ipintzearekin eta beste batzuetan, aldiz, gauza konplexuagoak eskatzen dira. Kontua da guk hautatu dugun plataformak Html kodea editatzeko aukera ematea. Aukera hori badago, nola edo hala, lortuko dugu kodea txertatzea. Oraingoz, hauxe da guztia. Espero dut azalpen hauek baliagarriak izatea; dena den, zalantzarik baduzue, idatzi lasai. 
























2008-mar-28, 22:17
Artikulu sorta benetan interesgarria, Xabier! Tutorialak noiz edo noiz egin ditugunok ederki asko dakigu gauza sinpleena azaltzea korapilatsu bihur daitekeela maiz. Lau artikulu hauetan, ordea,azalpen garbiak eta zehatzak eman dituzu. Zorionak egindako lanagatik!
2008-mar-29, 21:28
Aupa!
Nabari da lan handia hartu duzula, oso ondo ulertzen da eta argazkiak oso ondo daude. Orain badakit zein izan zen nire akatsa zerbitzu hau jartzen saiatu nintzenean, esango dizut astelehenean… Zorionak!
2008-mar-31, 15:35
Mila esker utzitako iruzkinengatik.
Hauek ikusteak nire lanaren esfortzua zerbaitetarako balio izan duela erakusten dit eta hori asko baloratzen dut.
Egia da lau artikulu hauek egitea zaila iruditu daitekeela, lan handia eman didala, baina niretzat ez da horrela izan hautatutako gaia gustukoa nuelako.
2008-api-07, 15:18
nik uste dut kontatzen diuzten gauzak oso arraroak direla eta gainera zelan jan desake ume chiqui batek hain beste gaixotasunik eduki gabe eta gainera ez diot lojiko ikusten hainbeste jateari.