euskaljakintza
mar
05

Fidel Castro: Iraultza hasiberriaren buruzagi (III)

Egilea: eagirre    denetarik       Trackback

Fidel Castro hesteetako gaitzak jota1959an Iraultzak garaipena lortu eta Kubako gobernua eratzeko ardura hartu bazuen ere, lanik gogorrenak ez ziren bertan amaitu. Aitzitik, orduantxe hasi zen gogorrena garaileentzat, Estatu Batuen nahiaren aurka eta sentimendu antikomunista mundial baten erdian, estatu sozialista eta ezkertiar bat eraikitzeari ekin baitzioten, Moncadako erasoa egiterakoan oinarritzat hartu zuten programa berrartuta. Ezaguna da, gaur egun ere, Estatu Batuen blokeoak asko zailtzen duela kubatarren bizitza, eta are gogorragoa izan zen, blokeatuta egon arren, uharte osoa berreraiki beharra. Honen ardura Fidel, Che eta Camilok hartu zuten, besteak beste.

FIDEL CASTRO: IRAULTZA JAIOBERRIAREN BURUZAGI

Behin-behineko gobernua

Batista diktadorea boteretik bota arren, iraultzaileak ez ziren segituan gobernuan sartu. Are gehiago, hasiera batean asmorik ere ez zuten halakorik egiteko. Fidelek nahiago izan zuen ohoretsu jokatu izan eta betidanik diktaduraren aurka egon zen Manuel Urrutia lehen ministro izendatzea, hark hauteskundeak antolatuko zituen trantsizio gobernu bat osatu zezan. Hala ere, iraultzaileek zenbait iniziatiba independente eraman zuten aurrera, garrantzitsuena Auzitegi Iraultzaileena izan zela, hauek arduratu baitziren gerra-krimenak burutu zituzten batistazaleak zigortzeaz. Beste iraultza batzuetan ez bezala, batistazaleak ez ziren epaiketarik gabe zigortuak izan. Bestalde, garai hartan aurre egin behar izan zieten Kubako gizartean sakonki barneratuak zeuden aurreiritzi ezberdinei, hala nola, homosexualenganakoa, matxismoa, arrazismoa…

1959ko otsailaren 16an Fidel Castrok, ordura arte zuen jeneral karguaz gain, lehen ministro kargua ere hartu zuen, eta honekin batera programa iraultzaile bat garatzeko ardura ere bai. Hilabete batzuk beranduago, Parlamentuak Gobernu Batzordeko lehendakari kargua esleitu zion. Postu horretan iraun zuen duela urte pare bat arte.

Lehen urratsak, lehen arazoak

Fidel eta Raul anaiakKuba bezalako nazio bat gobernatzeko orduan topatu zituen arazoak ez ziren nolanahikoak izan Fidelentzat. Estatubatuar ahalguztidunen aurrean 32 urte bete berriak zituen gizon bat jarri zen, zutik, tente, “Hemen gaude!” esanez bezala. Hartu zituen lehen neurrien artean etxeen alokairuen prezioa asko jaistea, jokoa (kasinoak etab.) debekatzea eta gas, ikatz eta turismo egiturak nazionalizatzea izan zen. Bestalde, eta Kuba nekazaritzan oinarritutako herrialde bat dela kontuan izanda, nekazal erreformari ekin zion gobernu iraultzaileak. Hasiera batean Fidel minifundioaren, hau da, lurrak baserritarren artean zati txikitan banatzearen, aldekoa bazen ere, latifundio izugarri haiek zatitzeko arazo handiak ikusi zituzten iraultzaileek. Ondorioz, Fidelek gerora proposatutako eredu kooperatibista onartu zuten azkenean, probintziaka antolatutako latifundioen eredua.

1960ko hasieran Fidel lehen ministroa zen; eta, Urrutia, lehendakaria. Gizartearen egoera hobera egiten ari zela zirudienean, Urrutia bat-bateko jarrera antikomunistak jo zuen eta, horren aurrean, ministroek euren dimisioa aurkeztu zuten. Erreakzio gogor horren aurrean, Urrutiak dimisioa aurkeztu behar izan zuen eta Fidelen gobernuak ez zuen oztoporik izan behar-beharrezkoa zen nekazal erreforma gauzatzeko. Erreforma honexek amaitu zuen multinazional estatubatuarrek Kuban zituzten 10000 zalditeriatako (zalditeria bat=13,4 hektarea) latifundioekin, hauek eskualdeka antolatuta zeuden kooperatiben esku utziz.

Konspirazioak eta Bahía de Cochinosko lehorreratzea

Playa Girónen aginduak ematenEstatu Batuak berehala hasi ziren Kubako gobernu iraultzailearen aurka kanpaina mediatikoa egiten; baita Kubara milizia armatuak eta kontrairaultzaileak bidaltzen ere. Era berean, itsasontzi miamiarrek erasotu egiten zituzten arrantzontzi kubatarrak, behin ehun hildako baino gehiago eraginez. Estatu Batuek eraso hauek guztiak ofizialki onartzen ez zituzten arren, Fidelek, armadako goi-kargudun gisa, jakin bazekien CIA zegoela eraso ia guztien atzean. Ez hori bakarrik, geroago CIA izan zen Giróngo lehorreratzea antolatu zuena, Eissenhower presidentearen aginduz. Orotara, 5750 eraso armatu burutu zituzten kontrairaultzaileek Kuban, 1961-1963 bitartean. Horien artean gehientsuenak instalazio industrialen aurka bideratuak izan ziren, ekonomiaren hazkuntza moteltzeko. Horrez gain, prestakuntza maila ezberdinak zituzten Fidelen aurkako 600 atentatu planen berri izan du Kubako ejertzitoak. Horren haritik, behin baino gehiagotan birus ezezagunen izurriteak jasan dituzte kubatarrek, dengearen aldaera ezezagun bat birritan eta zerrien pestea beste behin.

Giróngo lehorreratzeari dagokionez, 1500 mertzenario kubatar lehorreratu ziren Bahía de Cochinosen, Estatu Batuen babes osoarekin. Izan ere, CIAk prestatu zuen plan osoa, Kubaren aurka zeraman kanpainaren baitan, eta hori garbi islatu zen hegazkin estatubatuarrek egindako bonbardaketetan eta disidenteei emandako entrenamenduan. Bestalde, lehorreratzeko erabili zituzten itsasontziak ere estatubatuarrak izan ziren. Azkenean, 72 orduz borrokan aritu ondoren, Fidel bera buru zela, garaipena lortu zuen armada iraultzaileak, 1200 erasotzaile atxilotu zituztela. Aipagarria da urtebete geroago preso horiek guztiak Miamira bidali zituztela, sendagaiak eta elikagaiak lortzearen truke. Harrigarria bada ere, Fidelen aurkako atentatuetako bat negoziazio horietan gertatu zen. Hain zuzen ere, Estatu Batuak ordezkatzen zituen James Donovan abokatua erabili zuen CIAk Fideli kutsaturik zegoen traje bat emateko.

Misilen krisia

Castro eta KrushtxevEstatu Batuekin izandako arazoen gailurra ez zen, ordea, orduan iritsi. Izan ere, Bahía de Cochinosko inbasio saiakeraren ondoren, Fidelek Sobietar Batasunaren babesa lortu zuen, eta haien babespean ekin zion industrializazioari Kubak. Gainera, Kubak hain beharrezko zituen profesional teknikoen laguntza eskaini zioten sobietarrek Fideli, misil nuklearrak eta balistikoak uhartean kokatzearen truke. Izan ere, Gerra Hotza bere garairik gatazkatsuenetarikoan zegoen eta Sobietar Batasunarentzat interes estrategiko bereziko gunea zen Kuba. Poliki-poliki sobietarrak misilak Kuban sartzen hasi ziren, 1962an, AEBen arreta deitu gabe. Hala ere, Kennedy lehendakariak segituan izan zuen sobietarren mugimenduen berri, Oleg Penkovsky traidoreak misilen inguruan zekien guztia kontatu baitzien estatubatuarrei.

Honen aurrean Estatu Batuek Kuba blokeatzeko erabakia hartu zuten, eraso militar bati ekiteko asmoz, misilak erretiratzen ez bazituzten behintzat. Egoerak itzulerarik gabekoa zirudienean eta mundu guztia gerra atomikoa noiz lehertuko zen itxaroten ari zenean, Jruschovek eta Kennedyk akordioa sinatu zuten, Kubarekin kontsultatu gabe. Akordio honek ez zuen Fidel Castrok egindako eskaera bakar bat ere kontuan hartu, sobietarrek misilak erretiratu baitzituzten amerikarrek Turkiatik eurenak erretiratzearen truk. Honek kubatarren artean haserre nabarmena eragin zuen, uste baitzuten negoziazio haietan atentatuen amaiera eta Guantanamoko basearen itzulera ere lor zitezkeela. Tentsio izugarriko uneak izan baziren ere, gerora iraultza sendotu zuen fenomenoa izan zen Misilen Krisia, Kuba bertako arazoen nazioarteko eragina handia izan zezaketela erakutsi baitzuen.

Sobietar Batasunaren erorketa

Kubak urte luzez, Sobietar Batasunaren laguntzaz, industrializazio prozesuari eta sozialismoan sakontzeari ekin zion. Hainbat buruzagi iraultzailek iraultza “esportatzeko” jarrera hartu bazuten ere, Kongora, Boliviara edota Angolara bidaia internazionalistak burutuz,  Fidel Kuba barneko arazoak konpontzen saiatu zen gehienbat: emigrazioa, langabezia, disidenteen atentatuak… Hala ere, Sobietar Batasunak eskaintzen zien babes logistiko eta militarra ahultzen joan zen, Sobietar Batasuna ahultzen joan zen hein berean. Azkenean, 1991. urtean, lehendik ere eragin oro ia galdurik zuen Sobietar Batasuna zatikatu egin zen, eta errepublika sozialista izateari utzi zion. Honek eragin izugarria izan zuen Kuban, kubatarren eta sobietarren arteko anaitasun hautsia tarteko, jada ez baitzituen erregaiak, elikagaiak eta bestelako produktu ugari prezio merkeetan jasotzen. Horrez gain, ez zuten produzitutako kafea eta azukrea saltzeko tokirik ere. Horregatik, garai gogorrak izan ziren Iraultzarentzat, “Periodo Especial” deitu zen garaia, hain zuzen ere.

Hala ere, eta batez ere herritarrek Iraultzan zuten uste sendoari esker, Kubak egoerari buelta ematea lortu zuen, eta poliki-poliki munduko merkatu berrietara ireki zen, Estatu Batuen blokeoari aurre eginez. Onartu beharrekoa da, baina, zenbait urte benetan latzak izan zirela herritarrentzat, miseria gorria pairatu behar izan baitzuten. Gaur egun egoerak nabarmenki hobera egin badu ere, Venezuela, Brasil eta Bolivian emandako gobernu aldaketei esker bereziki, krisi latzak igaro zituen Kubak 90. hamarkadan. Ulertzekoa da, beraz, ez zirela batere garai samurrak izango Fidel Castrorentzat. Pasarte zail horien artean entzutetsuenetarikoa eta gogorrenetarikoa  Baltseroen Krisia izan zen, 1994an gertatua.

Baltseroen krisia

Balseroen krisiaSobiet Batasuna erori ondoren, elikagaien eta oinarrizko produktuen izugarrizko premia zela eta, hainbat eta hainbat kubatarrek Estatu Batuetarako bidea hartu zuten. Harrigarria bada ere, Estatu Batuek ez zuten normalean disidenteak izan ohi ziren etorkin hauen legezko emigrazioa bultzatu, Kubak eskatu bezala. Aitzitik, urtero 1000 bisa soilik eman zituen garai hartan. Jokabide honen helburua emigrazio ilegala bultzatu eta herrialdea desorekatzea zen. Testuinguru honetan kokatu behar ditugu 1994ko uztailean eta abuztuan La Habanan bizi izan zituzten istiluak. Hauetan eta itsasoan gertatutako zenbait istriputan, baltseroak itsasontzi ahuletan abiatzen baitziren, 40 bat lagun hil ziren. Egoera jasangaitza zela ikusirik, gobernuak atzerriko inbertsioa baimentzeko eta ekimen pribatuak abian jartzeko erabakia hartu zuen. Urteen poderioz, egoerak hobera egin zuen eta azken urte hauetan Sobietar Batasunaren garaian baino ekonomia indartsuagoa du Kubak, harreman komertzialak hainbat herrialderekin ezarri baititu, bereziki Ekuador, Venezuela, Brasil eta Argentinarekin.

Fidelek duela gutxi aurkeztu du bere behin betiko dimisioa lehendakari gisa, baina ezin uka daiteke berak sorrarazten duen interes mediatikoak eta egin dezakeen aholkularitza baliotsuak pisu handia dutela oraindik Kubako gobernuan. Errebelde jaio zena errebelde hilko dela dirudi, eta Estatu Batuek 4-5 aldiz hil dela iragarri badute ere (historia osoan), oraindik Granma egunkarian argitaratzen dituen artikuluekin gozatu ahal izango dugulakoan nago. Eta, batek jakin, agian hain gogoko dituen hitzaldi luzeren batekin ere bai!

Zabal ezazu:
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • FriendFeed
  • Google Bookmarks
  • LinkedIn
  • Identi.ca
  • Meneame
  • Netvibes
  • Tumblr
  • Posterous
  • RSS
  • PDF
  • Print
  • email

5 iruzkin

Iruzkina idatzi
  • a gravatar Egilea: amaius

    Apaaa Agirre! ZORIONAK benetan egin duzun lanagatik =D>
    jaja
    Eskerrik asko Fidel bezalako pertsonai karismatikoaren inguruko bizitza eta borroka azaltzeagatik!
    Aho zabalik utzi gaituzu!

    P.D:Seguru nago Maitek behar den bezela puntuatuko dizula!!Bestela…

    Agur kamarada!!

  • a gravatar Egilea: Maite

    Benetan esaten dizuet, uste dut ikasturte bukaeran ez zaidala tinta iritsi behar hainbeste 10 jartzeko!!!!

    Egia esan, Eñauten “trilogia” honekin hasiera emandako artikulu sorta berriari izugarrizko itxura hartzen diot. Ea horrela den…

    Bestalde, zorionak, Eñaut, egindako lan bikainagatik (biok dakigu zenbat denbora eskaini diozun honi…). Dena den, luzeegia izateagatik zertxobait jaitsi beharko diot, ezta, Amaia?

  • a gravatar Egilea: Bixen

    Aupa Eñaut:
    Lortu dut, azkenean!!beharrezkoa nuen zenbakia. Izan ere, gu ez gara zuek bezain iaioak horretan, eta edozein arazotxo dugunean pottt geratzen gara.Eskerrak, Maitek hemen albotik eskutxo magikoa erabili duenik..!
    ZORIONAK!! egin duzun lan mardulagatik. Esan beharrean nago, neuk ere asko ikasi dudala.Segi horrela!

  • a gravatar Egilea: Mikel Otamendi

    Sobiet Batasunaren desegitearekin batera, itzali ziren ere, sozialismoaren bidez mundu justuago bat lortzeko itxaropen asko. Gutako askok, miresten genuen eredu ura jakin diagu ez zela perfektua, bazituela akatsak eta nolakoak gainera, baina, ondorena ez dut uste hobea denik. Munduari begiratu bat egin bestela, gizakiak inoiz izan ez dituen baliabideak ditu zoriontsu izateko eta gutxi batzuen ase ezina gehiengoak sufritzen du. Lotsagarria da mundu honetan zenbat jende, gosea, gaixotasuna eta gatazka armatuen menpe bizi den. Itsaso beltz honen erdian uharte txiki batek ahaldun moduan eusten dio utopiari. Oso baliabide gutxikin Kubak lortu dituenak beraientzako nahiko lituzkete hainbat “herrialde aurreratuetako” biztanleek eta mundu justu bat posible dela erakusten digute. Zenbait enbatari eutsi behar izan diote hau posible egiteko, blokeo ekonomikoa eta “mundu librearen” buruak bultzatutako inbasio eta ekintza terroristak barne. Gainera, beste blokeo mota bat ere saiatu dira ezartzen herri oni, blokeo ideologikoa, hain zuzen. Demokrazia falta eta giza eskubideen aitzakia erabili dituzte Fidelen kontra. Ez bai daude Kuba baino bazter okerragok, alajaina!.
    Blokeo mota honi aurre egin behar diogu eta saiatu behar gara jendeari ikustarazten errealitate guztiak, batez ere gazteei. Izugarri gustatu zaidak hire lana Eñaut.

  • a gravatar Egilea: eagirre

    Aupa Mikel eta Bixen, eskerrik asko zuen iruzkinengatik! (Baita Amaia eta Maite ere! )
    Agian horixe utzi dut esan gabe, egungo egoeraren azalpena eta iraultzaren erronka berriak XXI. mende honetan zen diren… Nik ezin emango dut nire iritzia Sobiet Batasunaren garaiari buruz, baina irudipena daukat handitasun nahi harrek eraman zuela galerara, superpotentzia izan nahi harrek. Ni askoz gehiago erakartzen naute eredu sozialista txikiek, bertakotuek, eta horien artean erreferentzia ukaezina da Kuba. Arrazoi osoa duzu, Mikel, jendeari errealitatearen beste aldea erakutsi behar diogula esatean, ezbairik gabe gure helburua izan behar luke inperioaren (des)informazio kanpaina apurtu eta kubatarren lorpenak ezagutaraztea. Eta berdin Venezuela, Ecuador, Nicaragua eta abarrekin. Azken egunotan ikusi dugun moduan, FARCen auzia dela eta, kriminalizazio kanpainak etengabeak baitira. Argi dago eredu bakar bat ez dela perfektua, baina gizarte justuago baten bidean pausu handienetarikoak eman dituzten edo ematen ari diren herrialdeak dira. Ea hurrengo batean honen inguruan zer edo zer idazten dudan, edo besteren bat animatzen den (Amaia… ). Hurren arte! Viva la Revolución!

Iruzkinen RSS   TrackBack URL

Iruzkina idatzi

                                               

top
Who links to my website?