Hondamendia uste baino gertuago?
Egun batzuk igaro dira telebistan dokumental bat ikusi nuenetik. Bertan, galdera bat: salbu al gaude hondamendietatik? Erantzuna sinplea: ez, zoritxarrez, ez.
La Palmako sumendiak pitzadura bat izango duelako alarma piztu da. Honek olatu ikaragarria sortu eta milioika pertsonengan eragin lazgarria izango duela diote zientzialari askok, megatsunami hau Amerika, Afrika eta Europara irits baitaiteke. Nahiz eta berehalakoa ez izan, jendearen kezka handitzen ari da, batez ere, dokumentalen ondorioz eta, zientzialarien akordio eza ikusita, igarleek egoera aprobetxatzen ari dira, Jucelino Nobrega da Luz ospetsua bereziki. Zientzialariek Jucelinoren aurreikuspenaren aurka egin dute, beraien iritziz, gaur egungo teknologiarekin ezin baita zehaztu noiz gertatuko den horrelako fenomeno bat.
Zer gertatzen zaio, bada, sumendiari?
Cumbre Vieja sumendiaren albo bat ozeanorantz desplazatzen ari da eta honen erorketak itsasoan meteorito baten antzeko eragina izango luke. Olatua 650 metrokoa izatera iritsi daitekeela adierazi dute eta 720 km/h-ko abiadura lortuko luke. Ondoren, lurra ukitzean, 20 kilometrora aurkitzen duen guztia irentsiko luke megatsunamiak. Hau zientzialari europar eta amerikarrak modelo informatiko baten bitartez egiaztatu dute. Guztira, 100 milioi pertsona kaltetuak aterako lirateke Afrika, Amerika eta Europan. Haustura hori gertatzeko, erupzio batekin soilik nahikoa ez dela diote askok, azken laba irteerak 1677-78, 1712, 1730-1736, 1824 eta 1949an izan baitira. Hala ere, sumendiko zatia hurrengo erupzioan hautsiko litzatekeela kontuan hartuta, 2017 eta 2214 urteen artean kokatu dute hondamena. Beste batzuek bitarte hori 5.000 urtera luzatzen dute. Begi-bistakoa da egoera ez dela zientzia ziurra egun ditugun teknologiaz baliatuz.
Zabalkunde handia
Historia kanalak, BBC, The Guardian eta National Geographic izan dira, besteak beste, albiste hau zabaldu dutenak. Azken honek, zehazki, munduaren amaieraren 5 kausen artean kokatu du gertakari hau. Beste batzuek, ordea, espekulazio sinple bat baino ez dela adierazi dute. The Guardianek, esaterako, Hollywoodeko pelikulekin alderatu du, gionistentzat ideia ona izango zela aldarrikatuz. Delfteko (Holandan) Dutch Technical University ospetsuak ere egoera hau kritikatu du, sumendi horren eraginaren frogapen gutxi daudela aldarri eginez.
Dena den, Jucelino Nobrega da Luz igarleak gai honi buruzko kezka handiagotu egin du. Brasildar hau ospetsu egin da 11S, 11M, 2004ko Asiako tsunamia eta Italiak irabazitako mundiala iragarri ondoren. Bere ustez, megatsunamia 2013ko azaroan sortuko da. Zientziaren ziurtasun eza ikusita, jende askok beregan sinestea lortu du.
Zientzialari eta igarleez gain, komunikabideek ere eragin handia izan dute eta izaten ari dira hondamendi honen zabalkundean. Baina ez dokumentalen eta egunkarien ondorioz bakarrik, Estatu Batuetan jada nobela eta guzti atera dute. Bertan terroristek, misilen bidez, sumendia pitzatzea lortzen dute olatu ikaragarria sortzea helburu dutela. CSI: Miamik ere gai hau erabili du bere sailetan.
Baina zer egin?
Kaltetuak izango diren herrialde askok neurriak hartzen hasiak dira. Estatu Batuetan tsunamien alerta sistema hobetu da eta Espainiak sismografo berriak erosi ditu. Hala ere, Hegoaldeko Amerikak eta Karibeko lurraldeek ez dute honelako sistemarik eta ebakuazioak denbora barruan burutzea ezinezkoa egiten zaie. Ebakuazioaren arazoa konpontzeko, Kuba alerta sistema berri baten proiektua bultzatu nahian ari da lanean.
Oraingoz, ziurtasun osora iristea ez da lortu, baina nabaria da kezka handiagotzen ari dela. Beraz, badaezpadako neurriak hartzea beti onerako izango denez, kalteturik izan daitezkeen herrialdeak gehiago inbertitu beharko lukete zientzia arlo honetan.

















2008-urt-23, 13:24
Artikulu interesgarria benetan Novo. Agian, jadanik beranduegi dela ondorioztatzen dut. Hilda gaude…
2008-urt-23, 13:57
Egia osoa, novo. Mundua jadanik izorratuta dago (gure erruz) eta orain larri-larri gabiltza soluzio baten bila…
2008-urt-23, 14:07
Badakigu ezbehar hau gertatuko dela, ez dakigu zehatz-mehatz noiz baina seguru nago gertatzen denean herrialde txiroek izango direla kaltetuenak, beti bezela. Eta herrialde aurreratuek txiroei lagundu beharrean beraien burua salbu edukitzen kezkatuko dira.
Artikulu ona, Novo!