“Euskararekin zer egin” Hizketaldiko hausnarketa gaia
Joxerra Garzia Garmendia idazle eta EHUko irakasleak “Zer —kristo, arraio, demontre— egin behar dugu euskararekin?” hitzaldia emango du datorren asteazkenean, 19:00etan, Ordiziako Barrena Kultur Etxeko Batzar Aretoan, Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Hitzaro Euskara Elkarteak antolatu ohi duten Hizketaldiak hitzaldi zikloaren barruan. Sarrera irekia izango da.
Azken aspaldian, batetik bestera dabil Garzia, ahozkotasunaz eta jendaurreko hizketari buruzko hitzaldi eta ikastaroak ematen. Otsailean argitaratuko du Alberdaniak Garziak jendaurreko hizketari buruz idatzi duen eskuliburua.
Joxerra Garzia (Legazpi, 1953), Filosofian eta Kazetaritzan lizentziatua da, eta Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Publizitatean doktore. Euskal Herriko Unibertsitatean dihardu azken hamalau urteetan, Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Publizitate Sailean irakasle. Aurrez, Euskal Telebistan egin zituen sei urte, Hitzetik Hortzera programa zuzendu eta aurkezten. Lehenago, Euskadi Irratian aritu zen bost urtez, esatari.
Honako lanak argitaratu ditu: Kurrin-kurrun vitae, Itsasoan euri eta Egonean doazen geziak saiakerak; Tunelaz bestaldean, Gau bat gauekoen artean eta Malen Laberinto Madarikatuan haurrentzako nobelatxoak; Zotal Egunak eta Dena Dela poesia. Hainbat literatur sari eman dizkiote: Irun Hiria eta Espainiako kritikarena poesian, Donostia Hiria narrazioan eta Baporea haur literaturan.























2008-urt-25, 20:12
Kaixo maite, eta aurten euskaljakintzan idazten duzuen guztioi ere.
Noizbehinka sartzen naiz blogean begiradatxo bat ematera, nolabait esateagatik, guk hasi baikenuen blog honen historia, eta nola jarraitzen duen ikusteagatik jakinmina sortzen du.
Ez dut inoiz iruzkinik idatzi, baina oraingoan joxerraren argazkia ikustean animatu egin naiz, nire irakaslea baita! Ez nekien hainbesterainoko izena zuenik (doktorea, telebistan eta irratian denbora luzean aritua…). Hau da kasualitatea duela 3 urte hasi genuen blogan berari buruz mintzo egitea! jaja
Ez dut idaztez amaitu nahi duela denbora gutxi irabazi duzuen sariagatik zoriondu gabe. Zer poza DVko portadan blogari buruz mintzatzen zen notizia azaltzea!
Besterik gabe agurtzen zaituztet eta blogak orain arte bezala (edo hobe) funtzionatzen jarrai dezan espero dut
Muxu bana
2008-urt-26, 12:40
Aupa, Mireia!
A ze poza eman didan zure iruzkinak! Ikusten duzun bezala, zuek hain ederki hasitako lanari jarraipen duina eman nahian gabiltza eta, egia esan, txoratzen nago urtez urte euskaljakintzako ikasle berriak erakusten ari diren maila eta gogoarekin!
Beraz, Joxerra zure irakaslea da??? Ze ona bere curriculuma hemen ezagutzea, ezta? jajaja Hurrengo klasean zerbait esan beharko diozu… Ez nuen aukerarik bere hitzaldira joateko, baina esan zidaten oso ondo egon zela. Penatan gelditu nintzen baina dena ezin da.
Zer moduz ikasketak? Gustura zaude? Imajinatzen dut erabat lanpetuta ibiliko zarela baina ze ondo egongo litzatekeen artikulutxoren bat idaztea, tarte bat duzunean, zure unibertsitateko esperientzia azalduz. Gonbitea luzatuta gelditzen da. Dena den, idatzi edo ez, espero dut euskaljakintzan sartzen jarraitzea eta noizbehinka iruzkinen bat uztea. Muxu handi bat eta ondo segi!