EUSKAL HERRIA, EUSKARAREN HERRIA…
Duela aste gutxi ospatu dugu Euskararen Eguna, abenduaren 3an, hain justu. Hau da ofizialki euskararen inguruko hausnarketarako eguna, gure hizkuntzaren bertuteak aldarrikatzeko aukera ematen digun eguna. Dena den, ez dugu ahaztu behar euskara momenturo dagoela gure artean eta, ondorioz, abenduaren 3a ez dela kinka larrian dagoen hizkuntza honen gogoetarako egun bakarra. Horregatik, urteko egun guztiek izan behar lukete euskararen eguna, euskaldunak garelako! Zoritxarrez, baina, halako egunen beharra badugu oraindik ere, euskararen egoeraz ohar gaitezen.
Antzinate zaharrenetik hasita, hizkuntzaren historialariek “Euskal Herria” bezala aipatu ohi den honetan euskaldunen herria eta hizkuntza elkarrekin ikusi izan dituzte. Etniaren hizkuntza propiotzat hartu izan da euskara, gu batzen gaituzten gauza guztien gainetik, euskaldunon oinarri.
Hizkuntza minorizatua da eta horretan eragin zuzena du bere inguruak. Euskal Herria nazio oso txikia dugu, bi estatu indartsuren artean kokatua. Frantzia eta Espainia, frantsesa eta espainola, elementu hauek dira euskara eta Euskal Herria zapaltzen, indargabetzen, ahultzen dutenak. Euskal Herri osoan hizkuntzak nazionala, ofiziala eta lehentasunezkoa izan behar du, Espainiako eta Frantziako estatuen jazarpenik jasan beharrik gabe. Euskal Herria euskalduntzeko, ezinbestekoa da euskarak eskubide berdintasunean “lehiatu” ahal izatea, beste estatuek gaztelaniarentzat eta frantsesarentzat eskatzen dituzten bermeak ukatzen baitizkiote euskarari bere lurraldean. Hizkuntzen erabilera soziala hizkuntza politikaren ondorioa da, hizkuntza politikaren oinarria ofizialtasuna da, eta ofizialtasunaren euskarria legea.
Mundua hizkuntza askoren bizitokia izan da mendeetan zehar, nahiz eta gaur egun horietako asko desagertuta egon. Baina hizkuntzak hiltzea ez da halabeharrak nahitaez dakarren gertaera bat; aitzitik, galbidean jartzen duten arrazoiak aldakorrak dira. Jose Antonio Artzeren hitzek dioten modura, “Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik”. Askotan euskaldunok geure buruari leporatu izan diogu guk ez dugula gure hizkuntza nahikoa erabiltzen, litekeena dela gure utzikeriak euskara dagoen lekura eramatea. Hori izan da erabilpena lehentasunezko ardatz gisa hartzera bultzatu gaituena, beste esparruei behar adina garrantzi eman barik, baina esaterako… zein aukera du pertsona batek euskaraz lan egiteko lanbide horren prestaketa osoa erdaraz egitera behartu badute? Nola mintzatuko da herritar bat euskaraz administrazioko funtzionario batekin, sendagilearekin, postariarekin… hauek ez dakitenean? Bistakoa da anitz garrantzitsua dela euskaraz dakiten horien erabilpena, baina ezinbestekoa da ez dakiten horiek ere ikastea. Tamalgarriena ikasteko beharrik ez sentitzea da, herri honetako jatorrizko hizkuntzaren jabe izateko gogorik ez izatea.
Euskal herritarrok eskubidea dugu euskara Euskal Herriko hizkuntza ofizial bakarra izan dadin, Europako estatuen hogei hizkuntza ofizialek duten pareko ofizialtasunarekin. Hizkuntz politika berriak aintzat hartu behar ditu tokian tokiko baldintza soziolinguistikoak eta beharrezko progresioa bermatu. Asmo hau betetzen bada, Euskal Herria euskal giroan biziko da eta batzuei iruditzen ez bazaie ere, mesedegarria izango da, bai gure herriarentzat, baita gure inguruarentzat ere.
Euskararen egoera hobetu nahi dugunok badugu amets bat, ametsa baino harantzago iristea nahiko genukeena, fikzio izatetik etorkizuneko errealitate izatera iristeko desioa. Edozer egiteko prest gaude hala izan dadin, zenbait egitasmo, erakunde… sortuz, euskararen erabilera sustatzeko. Hezkuntzari dagokionez, Ikastolen Elkartearen festa (Gipuzkoako kasuan kilometroak) eta euskal eskola publikoen jaia. Bestetik, AEK euskaltegiak antolatzen duen Korrikaren festa, Bai Euskarari izenez ezagutzen dugun hizkuntza kontseilua… eta baita hain garrantzitsua den norbanakoaren lana ere, euskaljakintza webgune hau gertueneko adibidea dugula. Ezin esan genezake, beraz, besoak gurutzatuta geratzen garenik gure herriaren hizkuntza den honen galtzeko arriskuaren aurrean.
Azken hamarkadetako menpeko politikaren ezinetik hizkuntza politika berrira jo beharra daukagu, Euskal Herria Estatu euskaldun bilakatu, euskararen garrantzia eta beharra aldarrikatu, pausoak eman, aldarrikapenetik beharrera igaro. Eleaniztasuna bultzatu, inguruko hizkuntzak errespetatu, baina geurea den hori beharrezko bilakatu, behar hori gune orotara zabaldu. Hizkuntza bat hil ez dadin, beharrezko ditu hiztunak eta horretarako ez da aski dakitenek hitz egitea, ez dakitenek ere ikasi beharra dute, hiztun kopuruak gora egin dezan, Euskal Herria euskal hiztunez bete dadin, erabilpenera bultzatuz, era horretan Euskal Herria euskaldun bilakatuz. Guztion borroka da, guztion esku dago, guztiok erein beharreko hazia da, etorkizunean euskal fruiturik jaso nahi badugu, etorkizunean Euskal Herri euskaldun bat nahi badugu.
Jon Maiari duela hilabete batzuk egin nion elkarrizketa probestuz, hona hemen euskararen inguruan botatako bertsoa:

















2008-urt-11, 21:41
Ez duzu ezer asko utzi esateko… Artikulu bikaina Ihintza, eta gaia ere ez da txantxetakoa. Gezurra badirudi ere, oraindik ere4 egia da XXI. mendeko gizarte “zibilizatu” honetan hizkuntz eskubideak hain lotsagabeki zapalduak izatea. Guztiz ados nago denok dugula zer edo zer egiteko diozunean, baina ikusi besterik ez dago orain arteko hizkuntza ereduak (bereziki hezkuntza eredua) ez direla gai izan gizartea denok euskaraz normaltasunez jardun ahal izan dezagun bezainbeste euskalduntzeko. Zer egin honen aurrean? Administrazio arrotzei bultza egin geure propioak eta euskaldunak lortu arte, bultza egin euskara serioski tratatu dezaten arte. Eta, noski, ahalik jende gehienari irakasten saiatu, eta baita erabiltzera animatu ere. Ederra eta erraza (gure ustez
) baita! Ondo izan!