Zu ere EGA prestatzen?
Askotan etortzen zaizkit ikasle ohiak esanez, bere garaian atera ez eta berriz ere EGA gainditu nahian edo beharrean dabiltzala. Gehienetan, agiria lanari begira atera nahi dute eta duela gutxi ikastolatik irtendako ikasleak izan ohi dira. Opor hauetan, dena den, nire lehenengo promozioetako ikasle batekin topo egiteak izugarri poztu ninduen. Besteak beste, esan zidan berak ez duela agiria behar baina penatan dagoela ez zuelako atera. Beste saiakera bat egiteko prest zegoela kontatu eta ea nondik has zitekeen galdetu zidan.
Lehen, horrelako kasuetan, fotokopia mordo bat ematen nizkien. Gaur egun, helbide pare bat eta listo! Zorionez, teknologia berri hauekin gauzak erabat aldatu dira. Baita EGA kontuetan ere! Sarean, klik batera, azterketak (berehalako zuzenketa eta guzti) eta gune interesgarri mordo bat topa ditzakegu zalantzak argitu nahiz zailtasunei aurre egiteko. Hori bai, komeni da beti irakasle bat ez oso urruti izatea sortzen diren kezkei buruz hitz egiteko, arazoak identifikatzeko… eta nire ikasle ohiek badakite ni hemen nagoela. 
Baina gatozen harira. Nonbaitetik hasi behar denez, ondorengo urratsak jarrai ditzazun aholkatzen dizut:
- Ezer baino lehen, azken urte hauetako azterketak egin. Proba ezberdinetan lortutako emaitzak aztertu ondoren, bereziki landu beharko dituzunak identifikatu.
- Arazotsuak gerta dakizkizukeen proba horiek sakontasunez jorratu. Horretarako hona jo besterik ez duzu. Bertan, EGA atalez atal lantzeko material mordoa topatuko duzu. Horretaz gain, azterketari buruzko jakingarriak, baliabide orokor mordoa eta esteka interesgarriak aurkituko dituzu. Ez daukazu hor dagoen guztia egin beharrik, noski. Praktikoa izan: eskaini denbora benetan merezi duenari.
- Horiek guztiak egiten dituzun bitartean, Euskaltzaindiaren arauak ezagutzeko/errepasatzeko ikastaro hau egin (orokorrean, 5 minutu inguru baino ez dira behar arau bakoitza ezagutzeko). Urrats hau ezinbestekoa izango da, zu bezala, urte batzuk euskara landu gabe egondako edonorentzat; izan ere, arauak ondo menperatzea EGA gainditzeko pauso garrantzitsuenetako bat izan baitaiteke.
Hurrengo deialdia noiz eta non izango den eta horri buruzko informazio guztia jasotzeko, egin klik hemen. Eta, ez zaitudanez gehiegi nahastu nahi, oraingoz hauxe da guztia. Zure aurrerapenen berri emango didazu, ezta? 
Amaitzeko, badakit zuetako askok egun hauetan gogor ekingo diozuela EGA prestatzeari; beraz, zuentzat ere badoaz aurreko aholkuak eta, horietaz gain, zaku bete animo.










2008-Urt-09, 11:29
Aupa,
Irakasleek zer gomendatzen duzue, Nafarroan edo EAEn ateratzea EGA?
Zeinetan da errazagoa ateratzea?
Milesker gidagatik.
2008-Urt-09, 14:57
Euskadin edo Nafarroan, Nik Nafarroa aukeratuko nuke ekainean gainditzen dituzun atalak (testa, idazmenak) ez dituzu berriro irailean egin behar. Euskadin eta Nafarroan azterketak desberdinak direla kontuan har ezazu.
2008-Urt-10, 2:21
Nik gomendatzen dizuet EAEko EGA egitea, Europak onartu baitu ebaluazio sistema gisa. Une honetan ez dago garbi zer gertatuko den Hizkuntza Eskola Ofizialeko tituluen balioarekin eta Nafarroako EGA HEOk antolatzen du.
Beste muga bat: Nafarroako azterketan Nafarroako esapideak eta lexikoa sartzen dute eta horretaz ere jakin beharko zenukete ariketak ondo egiteko.
Gainera, Maite bezalako irakasle bikainaren laguntza izanda, nork behar ditu lasterbideak? :>
2008-Urt-10, 10:07
Aupa, hirukote! Hasteko, mila esker, Gorka, galdera botatzeagatik (ziur batek baino gehiagok zuela buruan)eta, Jurgi eta Ainhoari ere esker mila zuen erantzunengatik.
Gure kasuan, ikastolan lantzen dugu EGA (EAEko eredua), matrikulak hemendik kudeatu eta azterketa Donostian egiten dugu; beraz, egia esan, ez zait inoiz burutik pasatu ikasleak Nafarroakoa egitera bultzatzea. Ainhoak esaten duenez, gainera, ez badira baliokideak, bada, nire kasuan garbi daukat nahiago dudala hemengoa egitea.
Dena den, iaz gainditu ez zuten ikasle batzuek aurten Gasteizen egiteko asmoa azaldu dute, errazago aterako dutelakoan. Azterketa, dakigun bezala, berdina da. Halere, atariko proban gaindituen nahitaezko kopurua, gutxienez, erdia izan behar bada, logikoa izan daiteke pentsatzea Gasteizen errazago aterako dutela (suposatuz, betiere, Gipuzkoan azterketarien maila altuagoa dela, eta ez dakit ez ote den gehiegi suposatzea…). Ikusiko dugu zer egiten duten!
Edozein tokitan egiten duzuela ere, zorte on!
2008-Urt-10, 12:30
Aupa,
Ba milesker zuei erantzunengatik.
Gauza da ni Iruñerriakoa naizela eta mobida handiagoa dela EAEko egoitzaren batetara mugitzea: matrikularen paperak jaso, matrikula egin, azterketetara hurbildu, etabar…
Nafarroako EGA ez dago homologatuta?
Buf! a zer nolako nahasmena. Azkenean Gasteiz aldera jo beharko dut egitera…
2008-Urt-10, 12:38
Beno, ez nago guztiz ziur nola geratu den Nafarroako EGAren egoera, ez dut zuzeneko informaziorik.
Seguruagoa da egoera EAEn baina lege-dekretu berriak ikusi beharko dira tituluen baliokidetzak ziurtatzeko. Momentuz informazioa ez da gehiegi zabaldu eta erakunde publikoek ezer gutxi esan dute. Pentsatu beharko da kontrakoa esaten ez den bitartean baliokide direla Nafarroakoa eta EAEkoa.
Ez nioke inori gomendatuko Nafarroara joatea errazagoaren bila, baina nafarra izanda beharbada logikoena da bertan egitea.
Buff, ezer gutxi argitu dut, barka!
2008-Urt-11, 13:13
Nafarroako EGAren gainean makina bat kontu aipatu da bertan, eta argitze aldera, hona hemen zenbait azalpen:
- Nafarroako EGA Nafarroako Gobernuak antolatzen du eta ez Hizkuntza Eskolak. EAEko EGA eta Nafarroako EGA baliokideak dira.
- Nafarroan orain arte iraileko deialdirako ekaineko nota gordetzen bazen ere, hemendik aurrera bi deialdi eginen dira, EAEn egiten denaren antzera. Hortaz, bi matrikula aldi izanen ditu, lehena otsailaren 1etik 15era izanen da. Ekaineko notarik ez da gordeko.
- Nafarroako EGAn agertzen diren esapide eta lexiko “nafarrak” direla eta, egia esan, ez dut uste atal horietan alde handirik dagoenik, baina hala ere, aurreko urteetako azterketak ikus ditzakezue osorik http://www.pnte.cfnavarra.es/eibz/ega/azt_zaharrak.htm helbidean.
- Proba bera dela eta: Nafarroako EGA agiria eskuratzeko 3 proba egin behar dira.
Lehenbizikoa atariko proba da. 90 galderari erantzun behar zaio (70 orokor + 10 entzunaren ulermena neurtzeko + 10 irakurriaren ulermena neurtzeko). Guztira 100 puntu lor daitezke (ulermeneko galderek 1,5 balioa baitute) eta 65 puntu behar dira gainditzeko. EAEn ez bezala, hemen langa finkoa da eta gainditu kopuruaren arabera ez da aldatzen.
Bigarren proba idatzia da. Bi testu idatzi behar dira: bata laburra (100 hitz ingurukoa) eta bestea luzea (300 hitz ingurukoa). Bi testuak gainditu behar dira aurrera egiteko.
Hirugarrena ahozkoa da. Bertan, testu bat laburtu behar da 5 minutuz eta gero eztabaidatu egin behar da gai baten gainean beste 10 minutuz (probara bi lagun sartzen dira).
EGA azterketa non egin edo non ez egin eztabaidan ez naiz hasiko. Ez dago “EGAtxoilorik”, beraz, erosotasunaren izenean, etxetik gertu egin. Txarren-txarrenean (edo onenean), lehenengo deialdia toki batean egin dezakezue eta bigarrena bestean, hala, turismo pixka bat eginen duzue!!
2008-Urt-11, 13:50
Ba milaesker benetan.
Erabakita: Lehen deialdia Iruñean eta bigarrena (izango banu), Gasteizen.
Ondo izan,
2008-Urt-12, 11:48
Mila esker Nafarroako lagunei zuen azalpen garbi eta zehatzengatik! Egia esan, nik ere ez neukan oso argi baliokideak ziren ala ez (aurrekoan esan nuen bezala, guk beti Donostian egin izan dugulako) baina, zuena irakurri ondoren, zalantza izpirik ez zaigu gelditu! Ondo izan eta laster arte!