euskaljakintza
Urt
30

Hor al zaude? Kanpingags konpainiaren azkena Ordizian

Egilea: Maite    Ikuskizunak       Trackback                                          Idatzia inprimatu Idatzia bidali

AfixaKanpingags Konpainiak Javier Daulte antzerkigile argentinarraren Hor al zaude? antzezlana aurkeztuko du ostiralean, otsailaren 1ean, gaueko 22:15ean, Ordiziako Herri Antzokian. Maitasunari buruzko gogoeta egiten du obra honek. Ainhoa Aierbe, Asier Hormaza eta Aitor Gabilondo ariko dira aktore lanetan, Joseba Apaolazaren zuzendaritzapean.

“Antzerti garaia” egitaraua Beasain eta Ordiziako Udaletako Kultura Sailek bultzatu eta antolatu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskadiko Antzerti sarearen lankidetzekin. Goierriko antzerti denboralditxo honen barruan 8 emanaldi egongo dira, urtarriletik apirilera, batzuk Beasaingo Usurbe Antzokian eta beste batzuk Ordiziako Herri Antzokian.

Sarrerak 10 eurokoak izango dira emanaldi bakoitzeko. Ziklo osorako abonoa ere lor daiteke, 60 eurotan. Abonuak dagokion Udaleko Kultura Sailean lor daitezke.

Aipatu den bezala, programa ostiralean hasiko da Ordizian, “Hor al zaude” lanarekin. Javier Daulte dramaturgo argentinarrak sortutako obra oparotik euskaratutako lehen testua estreinatzen du Kanpingags konpainiak, egilearen ¿Estás ahí? jatorrizko testua “Hor al zaude?” izenburuarekin antzeztuko dela. “Hor al zaude?” ikuskizuna Patxi eta Ana elkarrekin bizitzen hasten direnean abiatzen da. Etxea traketsa eta txikia da: lekua kaxaz gainezka dago,
berogailua ez dabil eta auzokoekin problemak dituzte. Guztia gutxi balitz, gizon ikustezin baten presentzia deskubritu dute. Mamu antzeko honek umore txarra izateaz gain, bikotea bere espazioaren inbasoretzat hartzen du.

Asier Hormaza FRANTZISKO dugu, mago hasiberriaren larruan, eta Ainhoa Aierbe berriz, ANA, oftalmologian lizentziatekotan dena. Bien artean eszenatokia erabat betetzen dute, mamuen munduan sartzen gaituzte eta bi pertsonaia baino gehiagoren aurrean gaudela sentiarazten digute.

Bikotea eta izakia badira protagonista nagusiak, “ikusleriak pertsonaia horiek baino gehiagoren aurrean dagoela uste izango du”. Izan ere, Nekane deituriko pertsonaia ere tartekatzen da agerraldian (hau ere Aierbek gorpuztuta), bere asmoa magoaren laguntzaile bilakatzea da eta etxean agertzen denean Patxirekin elkarrizketatzeko asmoa du, “ikuskizunari beste bira bat emanez”…

Amaitzeko, gogorarazi nahi dizuet, aurreko urteetan bezala hamarreko taldea osatuz gero, sarrerak merkexeago aterako zaizkigula. Badakit garai txarra dela (inauteriak, azterketak…); dena den, norbaitek joan nahi badu, jarri lehenbailehen nirekin harremanetan.

Urt
29

Ana Altuna gogoan

Egilea: Maite    Jakintzako berriak       Trackback                                          Idatzia inprimatu Idatzia bidali

Ana AltunadoluGazte gazterik hasitakoa
gure ikastolan lanean
Garagartzako gela handian
dantzan ikasle artean
Ikastolako ospakizunen
ardura beti soinean
Zenbat umore ta alaitasun
Ana hire konpasean
Hire musikak jarraituko din
Jakintzaren bihotzean

Urt
28

EVA ARGIÑANO: “Postreak egitea joko malabarekin ibiltzea bezala da”

Egilea: lgarmendia    Solasean       Trackback                                          Idatzia inprimatu Idatzia bidali

Maitek elkarrizketa egin behar genuela esan zigunean, Eva Argiñanori egitea bururatu zitzaidan. Berarekin geratu eta hortxe joan nintzen, Sara laguntzaile nuela, entrebista egitera. Zarautzen geratuta nengoen ostegun bateko 17:30ean. Trenean gindoazen bitartean, urduritasuna zela eta ez zela, probak egiten, grabatzen, hortaz hitz egiten hasi ginen. Baina bat-batean hara non gelditzen zaigun trena Andoainen! Denbora aurrera zihoan eta trena ez zen mugitzen… Egoera ikusirik, Sara eta nire urduritasuna handiagotu egin zen. Beraz, trenetik jaitsi ginen taxi bat hartzeko asmoz. Taxi geltokia bilatzen geundenean, autobus bat zegoela konturatu ginen. Bi aldiz pentsatu gabe, bertara igo eta Donostiarantz abiatu ginen. Zoritxarrez, oso berandu egin zitzaigun eta eginahalak egin genituen Evarekin hitz egin eta hitzordua bertan behera uzteko. Ikusi behar zenuten Sara 11 8 11 informazio telefonora deitzen Evaren telefono zenbakia lortzeko! Azkenean, ez dakit nola, Evarekin hitz egitea lortu eta elkarrizketa beste egun baterako utzi genuen. A zer komeriak! Gero esan dezatela ez dugula lanik egiten…

Eva eta Leire 3

Kontua da hainbeste komeri ondoren, Evarekin elkartu ginela eta bere agenda bete-betea egon arren, guri txoko bat egin eta benetan oso tratu ona eman zigula. Egia esan, primeran pasa genuen. Elkarrizketa bat izan ordez, betiko lagun batekin hitz egitea bezala izan zen. Hemen duzue bertan hitz egindakoa. Barkatuko dituzue argazki eta bideoaren kalitatea baina horrekin ere denetarik pasa zitzaigun. Dena den, istorio hori beste baterako utzi beharko dugu, luzea da eta…

Zer moduz, Eva?
Oso ondo.

Lehenik eta behin, mila esker etortzeagatik eta elkarrizketa hau posible egiteagatik.
Oso gustura. Beraz, lasai.

Eva eta Leire elkarrizketaz zehar 1Galdeketarekin hasiko gara. Badakigu 16 urte inguru zenituenean hasi zinela zure anaia Karlosi bere jatetxeko sukaldean laguntzen. Txikitatik al zenuen sukaldean ibiltzeko zaletasuna?
Oso txikia nintzenean hasi nintzen etxean, baina ez da egia 16 urterekin hasi nintzela berarekin sukaldean. Berarekin hasi nintzen, baina arraskan, ez sukaldean laguntzen. Ezberdina da. Sukaldean dago baina ez janaria prestatzen.

Zu goiz hasi zinen. Gaur egun, ordea, jendea gero eta beranduago hasten da. Zer esango zenioke gazte bati janaria prestatzera animatzeko?
Nik uste dut gauzak prestatzen hastea asko eskatzea dela. Nire ustez, gero eta jende gehiago dago janariari buruz asko dakiena, baina gero eta gutxiago ibiltzen dena sukaldean. Beraz, esango nioke ez estutzeko, ez larritzeko. Amonak eta amak gauzak egiten badituzte arreta pixka bat jartzeko, garrantzitsua dela.

Jakingo duzun bezala, gaur egun gazte jendeak ez du denbora gehiegi pasatzen sukaldean, dena “prekozinatuta” edo aurrez prestatuta erosten baitute. Zer iritzi duzu “fast food” delako honi buruz?
Txarra dela, baina ez nik esaten dudalako. Prekozinatutako gauzak beti eramaten dituzte kontserbanteak, zaporea altxatzeko produktuak, bitaminak galdu egiten dituzte… Gainera, etxean janaria prestatzeko ez da hainbeste denbora behar; organizazio on bat besterik ez.

Hasieratik hasi al zinen postreak egiten edo aurretik beste platerak prestatzen zenituen? Horrela bada, nondik atera duzu postreak prestatzeko trebetasuna?
Egia esan, gaztea nintzenean, nire amak ez zidan postreak prestatzen uzten. Hori tontakeriak zirela esaten zidan. Beraz, betiko gauzak ikasi nituen: pasta, arroza, babarrunak, porru patatak, saldak eta gauza horiek. Gero, Karlosen jatetxera joan nintzen lan bila. Momentu hartan gozogilea jatetxetik joan zitzaionez eta sukaldean ibiltzeko jende nahikoa zegoenez, anaiak esan zidan: “Zu, pastelerira!” Imajina dezakezunez, nik ez nekien ezer egiten, ezta bizkotxo bat, ez natilak… ezertxo ere ez! Arroz esnea besterik ez. Anaiari beti esaten diot dezente diru gehiago aurreztuko zuela unibertsitateko karrera bat ordaindu izan balit; izan ere, zakarrontzira denetik botatzen nuen ezkutuan, nire artean pentsatzen nuen: “Harrapatzen banau…”

Bai, ezta? Lehenengo txapuzak…
Bai, bai. Baina pixkanaka ikasi nuen. Liburu onak erabiliz… Egia esan, hasieran ez zitzaidan gustatzen, konplikatua ikusten nuen. Baina ez da batere konplikatua, desberdina besterik ez. Trukua harrapatu ondoren, oso erreza da. Eta horrela… pixkanaka.

Eginez eta eginez, ezta?
Bai. Eginez, probatuz, ikusiz zer atera zaidan goxoa eta zer ez, pentsatuz nik egingo nukeena, zer gehiago botako niokeen…

Eva eta Leire 2Normalean, etxeetan emakumeak dira sukaldean aritzen direnak. Profesionalak, berriz, gehienak gizonezkoak dira. Zure ustez zergatik ote da?
Hori gaizki dago. Euskal Herriko sukaldea beti emakumeek eraman dute. Antzina, emakumeak izaten ziren sukaldariak eta gizonezkoak ardoa dastatzen zutenak. Horregatik, taberna edo jatetxe bat irekitzea bururatzen zitzaienean, gizona zen jende aurrean egoten zena eta emakumea sukaldean. Beraz, Euskal Herriko sukalde profesionalak etxekoandreek eraman dituzte aurrera. Gizona tabernan egon arren, emakumeak izan dira sukaldeaz arduratu direnak. Gainera, badakigu sukaldean bezala beste edozein lanetan beti gizona egon dela: ekonomian, abokatutzan, kiroletan… beti gizonak. Izan ere, beraiek orain arte indarrak etxetik kanpo zentratu dituzte. Emakumeek, ordea, familian zentratu dituzte indar hauek. Eta, noski, inork ez badu hartzen familiako errelebo hori, nork egingo du lan hau? Etxekoa ere garrantzitsua da…

Telebistan ateratzeaz gain, Karlos Argiñano jatetxean postreak egiten eta Aiala sukaldaritza eskolan irakasle zara. Horrenbeste eginbeharrekin ba al duzu denborarik zuretzat edo zure familiarentzat?
Oso denbora gutxi nuen eta oso lanpetuta ibili nintzen. Horregatik, aurreko urtea pixka bat erlaxatzeko erabili nuen. Ez zen benetako urte sabatiko bat izan, telebistan jarraitzen bainuen. Baina urte lasaia izan zen. Egia esan, hasieran oso gaizki ibili nintzen. Lan gehiegi, gorputzak pixka bat geratzeko eskatzen zidan. Beraz, aurten paseatzen, aspaldiko lagunei bisitatzen, nire semeei denbora gehiago eskaintzen nabil… Dena lasaiago hartzen.

Zer moduz moldatzen zara telebista aurrean hitz egiteko, jakinda milaka pertsonak ikusten zaituztela? Eroso sentitzen al zara?
Hasieran beldurtu egiten nintzen esaten nituen gauzei garrantzi handia ematen nielako: “Horrenbeste jende ni ikusten, eta hau edo bestea esaten badut … zer pentsatuko dute nitaz? Ikusten banaute nolakoa naizen…”. Baina orain dagoeneko berdin zait. Naizen bezalakoa naiz eta batzuetan konfunditu egiten naiz mundu guztia bezala, beraz, orain disfrutatzen ari naiz gauzei horrenbeste garrantzirik eman gabe.

Eva Orain La Sexta telebista katean Hoy cocinas tú programa egiten ari zara. Bertara jendea joaten da eta zuk plater zehatz bat nola egiten den erakusten diezu. Sukaldaritza egiteaz gain, irakastea gustatzen zaizu?
Bai. Programarekin eta gonbidatuekin asko disfrutatzen ari naiz. Jende asko ezagutzen ari naiz eta denak oso desberdinak: Madrilgoak, Sevillakoak, Galiziakoak… Gainera, oso maila ezberdinetako jendea etortzen da: kale-garbitzaileak, zientifikoak… eta denak oso irekiak, telebista aurrean jartzeko ausarta izan behar baitzara. Eta ez bakarrik beraiek, beraien koadrilakoak eta familiakoak ere bai. Ni harritu egiten naiz. Beraz, gustatzen zait jendearekin sortzen den giro hori. Nik beti galdetu egiten diet, telebistan azaldu aurretik, ea zergatik etortzen diren programara. Askok erantzuten didate: “Ikusten dudalako izugarrizko giroa daukazuela hemen eta ondo pasatzen duzuela”. Eta egia da!! Barre asko egiten dugu. A! Eta aurretik esan dugunari erreferentzia eginez, taldeko ia denak emakumeak gara, oso jende gaztea gainera. Ni naiz zaharrena, baina atzean dagoen taldea oso gaztea da.

Telebistan, beti izan da zure anaia Karlos sukaldaria eta zu, ordea, postreak egiten zenituena. Hla ere, La Sexta telebista katean egiten hasi zaren programan, denetarik prestatzen duzu. Zein arlotan sentitzen zara erosoago sukaldaritzan edo gozogintzan? Zergatik?
Hasieran oso gustura ibiltzen nintzen sukaldaritzan. Orain, ordea, postreak egiten lasaiago, hauei denbora gehiago jarri baitiet. Profesionalki horretan zentratu naiz. Hala ere, biekin ondo moldatzen naiz, baina postreak egitea joko malabarekin ibiltzea bezala da.

Nahi gabe ateratzen zaizu ezta?
Bai, bai. Erraztasun handia dut.

Sukaldaria izan ez bazina, zer gustatuko zitzaizukeen izatea?
Txikitan esaten nuen baleteko dantzari izan nahi nuela. Hala ere, 15-16 urterekin lan munduan aurkituko nuenaren beldur nintzenez, klausurako moja sartzea pentsatu nuen. Neure buruari esaten nion: “Klausurako mojak onak izango dira eta ez naute handik botako. Gainera, mutilekin ere hainbeste buruhauste…”. Horrela, harri batez bi kolpe egingo nituen: lana, mutila… Eta orain eskulana den edozer gauza gustatuko litzaidake egitea. Berdin zait margolari, buztinlari… eskulana den edozer gauza.

Gainera badakit zure familia oso artistikoa dela.
Bai, bai. Eta behar dut eskuekin gauzak ukitu eta ibili. Adibidez, dentista… (Sarari erreferentzia eginez, gurasoak dentistak baititu). Izan daiteke ere, zergatik ez.

Eva postre bat prestatzen

Nahiz eta sukaldari aparta izan, ziur nago noizbait hanka sartzeak ere egingo zenituela, ezta? Konta al dezakezu gertatutako anekdotaren bat?
Aurretik esan dudana, postreak ikasteko zakarrontzira pila bat gauza botatzen nituela, adibidez. Orain kontatuko dudana anekdota serio bat da. Bikote bat jatetxera etorri zen beraien ezkontzarako tarta berezi bat nahi zutelako. Oso berezia, handia eta ondo apaindutakoa. Eta “Santonore” bat aukeratu zuten. “Santonore” petisuz eginiko dorre bat da. Baina beraiek izugarri handia nahi zuten. Nik egin, egin nuen. Baina arkitekturaz ezer ez nekienez, pisua, zentrua, grabitatea… ez nituen kontutan hartu. Ondorioz, dorrea balantzaka hasi zen. Gainera, zementuaren ordez karamelua ipini nion. Imajina dezakezue nola bukatu zuen “Santonore” horrek! Azkenean, tartatxoak jan behar izan zituzten. Goxoa zegoen, baina itsura ez zen beraiek nahi zuten bezalakoa…

Egia esan, Evarekin hitz egiten hasi eta orduak eta orduak eman ditzakezu bere solasaldi atseginarekin, baina hortxe eman genion amaiera gure elkarrizketari. Eskerrak eman nahi dizkiot bihotzez Evari hain ondo portatzeagatik gurekin. Oso ondo pasa genuen eta, bideoan ikus dezakezuen bezala, izugarrizko barre algarak egin genituen. Mila esker, Eva, zure denboraren zati txiki bat guri eskaintzeagatik. Jarraitu horrela!!

Urt
27

Bideojokoak, denbora-pasa egokia?

Egilea: icrehuet    Denetarik       Trackback                                          Idatzia inprimatu Idatzia bidali

bideojokoakGaur egun, bideojokoen erabilera oso zabaldua dago gure gizartean eta ohikoa iruditzen zaigu ume bakoitzak Play Station bat eta horrelakoak edukitzea. Hasiera batean, ordea, hauek denbora-pasa gisa erabiltzen ziren, baina, egun, tendentzia zeharo desberdina da. Jende asko dago kontsola hartu eta ordu asko jolasten igarotzen duena, batez ere, gazte eta umeen artean.

Lehenik eta behin, gurasoez hitz egin beharra dago, beraiek baitira haurrei joko hauek erosten dizkietenak. Aita-ama hauek gehiago kontrolatu beharko lukete beraien seme-alabek makina hauetan solasean ematen duten denbora; izan ere, bestela, kaltegarria izatera irits daiteke haurrentzat. Baina non dago kontrol horren muga? Eta nork ezarri beharko luke?

BIDEOJOKOAK4.jpgBigarrenik, milaka joko mota daude eta honek ere zerikusi handia du. Hauen gaia kontuan hartuta, adinaren baitan sailkapen bat dago: bortitza edota armei buruzkoa bada: +18… Hala ere, adingabeko ume eta gazteek erraz lortzen dituzte, supermerkatuetan edo bideojoko dendetan ez baitago horrelako gauzak kontrolatzen dituenik. Eta honek oso eragin txarra izan dezake haurrengan. Izan ere, armei buruzko jokoak, adituek diotenez, oso oldarkorrak dira eta honek, epe luze batean, ume baten pertsonalitatea eta izaera alda dezake, solasaldia ordu ugaritakoa eta egunerokoa bada.

Ildo beretik jarraituz, bizioa da “dibertimendu makina” hauen beste ondorioetako bat. Solas moduan hasitakoak, gaztetxoengan menpekotasuna sortzen du eta txarrerako joera edo ohiko grina bilakatzen da. Hau gertatzean, pertsona hori uneoro gauza berberan pentsatzen egongo da, eta horrek sor ditzake aldez aurretik aipatutako agresibitatea eta pertsonalitate aldaketa.

Bideojoko batBestalde, egoera hau, orain dela hainbat urtekoarekin alderatuta, zeharo desberdina da. Hasiera batean, kalea edo parkea zen umeen jolasgune nagusia, eta lagun taldeak bertan elkartzen ziren futbolean… jolasteko. Egun, bideojoko eta ordenagailuak merkaturatzen joan diren heinean, joera guztiz aldatzen joan da egoera larri batera iritsi arte: haurrek nahiago dute etxean geratu pantaila karratu baten aurrean, kalera irten edota hainbat ekintza egin baino. Zer gertatuko da hemendik 50 urtera teknologiak horrela eboluzionatzen eta garatzen jarraitzen badu?

Hau guztia dela eta, ondorio honetara iritsiko nintzateke: bideojokoak, modu ezohiko eta gehiegizkoan erabilita, kaltegarriak dira eta arazo oso larriak sortzen dituzte. Horregatik, egunero zabaltzen eta handitzen ari den praktika hau gehiago kontrolatu beharko litzateke, bai erosteko orduan (denda edo komertzioko kontrola), bai jolastean (gurasoen bidez).

Urt
23

Greta - JASONE OSORO

Egilea: imartinez    Irakurlearen txokoa       Trackback                                          Idatzia inprimatu Idatzia bidali

Greta azalaFitxa teknikoaLiburu berezi baten orrialde, esaldi, hitz eta letretan barneratuko ninduen bultzadarik izan gabe nengoen aspaldian. Bazeuden oso gustura irakurri eta asko gustatu ez zitzaizkidanak. Baina oraingoan barne sentimendu eta hausnarketak berpiztuko zizkidan istorio ezberdin eta atseginaren bila nenbilen. Hori dela eta, artikulu honen gai bilakatuko zen liburua hautatzeko, ikertzaile bihurtu nintzen interneten zehar.

Hainbat gune bisitatu ondoren, Elkar argitaletxean egin nuen topo behar nuen informazioarekin. Halako batean, GRETA ( Jasone Osoro) irakurri nuen ezkerraldeko zerrendan, beste izenburu askoren artean. Bere tituluak bezainbeste erakarri ninduten azalak eta atzealdeko laburpenak ere. Lehendabizi, azalari begiratutxo bat eman eta oso modernoa zela iruditu zitzaidan. Gretaren gorri bizi eta karratu itxurako letrak, hauen azpian argazkilari on baten lana zirudien txuri-beltzeko argazkia. Eta azkenik, Jasone Osoro, idazlearen izen-abizenak. Ondoren, laburpena irakurri eta gehienak ez bezalako istorioa izango zela konturatu nintzen. Berezia. Ezberdina. Hauxe zen nik behar nuen liburua eta, beraz, liburutegitik hartu nuen.

1971n jaiotako Jasone Osoro elgoibartarra da. Liburu eta ipuinak argitaratzeaz gain, aldizkari eta egunkari batzuetan egin du lan eta baita zenbait telebista saiotan parte hartu ere aurkezle, erredaktore eta gidoilari lanak eginez: Sorginen Laratza, Hasiberriak, Goenkale eta Wazemanken, besteak beste.

Greta gaztelaniazBere idazlanik garrantzitsu eta irakurrienak Tentazioak eta Korapiloak (narrazioa), Jararen hiru liburuak (gazte literatura) eta nik irakurri dudan Greta (nobela) dira. Lehenengo biekin, ipuin eta poemak biltzen dituzten idazlanekin, sari ugari irabazi ditu. Eta aipatutako beste liburuek ere arrakasta handia izan dute bai gazte eta bai helduen artean ere, ia guztiak behin baino gehiagotan editatuak izan direla. 2007an, Gretaren gaztelaniazko edizioa kaleratu du Jasone Osorok, argitaletxe eta azal berri eta guzti.

Gretak hiru pertsonen arteko erlazio korapilatsuaz hitz egiten digu. Triangelu batez. Triangelu hau osatzen dutenak, Greta, Oskar eta Ana dira, eta eurek kontatzen dizkigute beraien bizipen eta sentimenduak istorioari xarma berezi bat emanez. Hala eta guztiz ere, ezin esan Gretarenak bizipenak direnik, ezta bizi denik ere. Izan ere, Greta maniki bizigabe bat besterik ez da. Oskarrek ematen dio bizia Gretari, egiazkoa balitz bezala tratatzen baitu: baineran bainatuz, arropak aldatuz, makilatuz eta bere tristurak kontatuz.

Jasone Osoro eta GretaBere amona Sararekin bizi izan da Oskar hau hiltzen den arte, amarik gabe. Ondorioz, amona Sararen dendako manikia, berarentzat ez da panpina hutsa, ama baizik, bere babesa. Iragana. Anak, bere emaztegaiak, hasiera batean ulertzen du bien arteko harremana, baina gehiago jasan ezin duen unean, bietako bat aukeratzeko esaten dio. Bera edo Greta.

Hona hemen Oskarren hausnarketa, liburuaren atzealdean azaltzen dena:

Greta ederra zen. Perfektua, ia perfektua. Ana ere bai. Gretaren azala hotza zen, leuna. Ana beltzarana zen. Gretak izter gogorrak zituen, plastikoarekin egindako artelan polita. Anak belaun beteak zituen, haragi mamitsua, erditu den emakume baten bularrak zituen, oparoak. (…) Gretak entzuten zekien. Anak bazekien hitz egiten. Greta konpainia zen. Ana maitalea nuen.”

Oskar gustura bizi da sortu duen munduan, iraganean eta bere etxetik asko irten gabe, lanera joateko ez bada. Koldar eta beldurti samarra da. Norbaiten babesa behar du momenturo, Gretarena askotan, eta izugarri larritzen dute egoera eta bizipen berriek. Ni identifikaturik sentitu naiz pasarte batzuetan, betiko errutinak aspertzen banau ere, aldaketa handiek atzera eragiten baitidate.

Bere beldurrak alde batera utzita, hirira abiatzen da Oskar, Gretarentzat denda bateko erakusleiho egokia bilatzera eta iragana atzean uztera. Ana, bitartean, herrian geratzen da bere zain, nahiz eta azkenean bere bila joango den. Ana protagonistetako bat bada ere, narratzaile bezala ez da agertuko berandu arte. Hortik aurrera biziko dituztenak eta agertuko diren pertsonaia berriak azaltzera ez noa, irakurri nahi dutenei ilusioa kentzea izango bailitzateke.

Jasone OsoroLehenengo orrialdeak irakurri ondoren, ongi aukeratu nuen dudan jarri banintzen ere, asko gustatu zait. Gero eta gehiago irakurri, orduan eta gehiago gustatzen zitzaidan eta murgiltzen nintzen istorioan. Aurretik aipatu dudan moduan, Greta oso bestelako liburua da, ezberdina eta zer gertatuko den inondik inora jakingo ez duzuna. Pertsonaien pentsamendu eta sentimenduetan oinarritzen da gehienbat, honek guztiak irakurketa gertuagotik sentitzera eramaten zaitu. Hala eta guztiz ere, pasarte guztiak ez dira lehengo pertsonan kontatuak eta elkarrizketa ugari ere agertzen dira, erritmoari nolabaiteko bizitasuna emanez.

Horrez gain, perfekzio eta zoriontasun kontzeptuak nahasten ditu, perfekzio absolutua mundu erreal honetan ez dagoela eta zoriontsu izateko ez dela perfekziora jo behar ondorioztatuz: unean unekoa bizi, daukazuna ez gutxietsi eta norbera den bezalakoa onartu. Honen erakusgai da Jasone Osorok idatziriko eta ni erabat ados nagoen esaldia:

“Galtzen ditugun arte ez ditugu gauzak behar beste baloratzen.”

Bizitzako gertaerekin duen antzekotasunak liburuaz gehiago gozatzera eraman nau, fantasiazko (Greta) eta guk gertutik ezagutzen ez ditugun pertsonaiak (trabestia) azaltzen diren arren. Kutsu hauek liburua are ederragoa egiten dute.

Nabari da, idatzi dudan guztiaren ondoren, eleberri hau atsegina egin zaidala eta, noski, zuek ere irakurtzera animatzen zaituztet. Liburuak izan dituen beste kritika batzuk irakurtzeko, sakatu ondorengoak: Javier Rojo eta Maider Ziaurriz

Bukatzeko, gustatu zaidan konparazio batekin uzten zaituztet:

“Orain arte ikusi dudanagatik, yogurrak bezalakoak dira harremanak. Kaduzitate data daramate.”

Hurrengo orrialdea »
top