euskaljakintza
Abe
21

Galdutako urtea edo bizitzako onena?

Egilea: lgarmendia    denetarik       Trackback

Aurtengo oporrak nire bizitzan eduki ditudan berezienak izan dira niretzat. Zuetako batzuek dakizuen bezala, 3 hilabete Australian igaro ditut ingelesa ikasten. Bertan, familia batean egon naiz eta, horretaz gain, klaseetara ere joan naiz. Hiru hilabete igaro eta beraien bizimodura moldatu eta gero, konturatu naiz oso ohitura ezberdinak ditugula: janaria, festak, parrandak… Dena den, gehien harritu nauen azturetako bat ikasketena izan da. Eskolan sei gai besterik ez dituzte eta, gainera, hauek guztiak hautazkoak dira. Han ikasten dituzten gaiek ez daukate zerikusirik hemengoekin, hauetako asko eta asko Arte Ederretako Batxilergoan topa ditzakegun irakasgaiak baitira; esate baterako, antzerkia, eskulanak, sukaldaritza, diseinua…

Euskaljakintzako Leire eta Sara Australian

Baina, tira, ez dut adarretatik joan nahi. Gauza da, atentzioa eman zidan zerbait, eskolan gauza gehiegi ez egiteaz gain, jendeak normalean urte sabatiko bat hartzen duela unibertsitatea hasi aurretik. Hemen, ordea, eskola bukatu eta denbora galdu gabe unibertsitatera joan edo modulu bat egiten hasten gara. Baina ohitura hau ez da Australian bakarrik ematen, ez. Espainiatik kanpo beste leku askotan ere berdin egiten dute. Urte hori kanpoan, lan egin eta dirua ateratzeko erabiltzen dute. Egia esan, hemen hori ez dago batere ondo ikusita. Agian, urte bat kanpora joatea denbora galtzea dela iruditzen zaigu. Gainera, batzuen ustez, ikasketak urtebetez eteteak betiko uzteko arriskua dakar. Baina, nire uste apalean, ez du zertan horrela izan. Hori pertsonaren baitan dago.

Nire ustez, kanpoan urtebete igarotzea aukera ezin hobea da leku berriak ezagutu eta, batez ere, esperientzia berriak bizi izateko. Urte bat etxetik kanpo pasatzeak asko lagundu dezake heldutasun maila batera iritsi eta norberak bere kontuei bakarrik aurre egiten. Etxean gauden bitartean sortzen zaizkigun arazoei aurre egiteko beste pertsonen laguntza izan ohi dugu, baina kanpoan gaudenean ez dugu horrelako babesik. Geuk bakar-bakarrik aurrera egiten ikasi behar dugu, bizitzan nola jokatu ez baita liburuetan ikasten. Are gehiago, esperientzia ezin hobea behar du izan; bertan ezagututako jendea, lekuak eta bizitako esperientziak oso bereziak izan baitaitezke.

Hala eta guztiz ere, zenbaitzuek ez dituzte aintzat hartzen kanpora ateratzeak ekar ditzakeen abantailak. Nahiz eta aukera izan, jendea ez da ausartzen horrelako irteerak egitera. Gero eta pertsona gehiagok etxetik gertu dauden herri edo hirietan egiten ditu unibertsitateko ikasketak, kanpora ez joateagatik. Horrela, etxean dena eskura dutenez, ez dute egoera berri bati aurre egin beharrik; ezta beharrezko dutena beraien kabuz lortu beharrik ere.

Bukatzeko, jendea kanpora joatera animatu nahi nuke, esperientzia ahaztezinak bizi izaten baitira! Lehenengoz atera ondoren, niri gertatu zaidan legez eta irudietan ikus daitekeen moduan, hor barnean zerbait gelditzen zaizu berriro mundutik bidaiatzera tentatzen edo bultzatzen zaituena. Nik, behintzat, argi daukat: ahal dudan guztietan kanpora joango naiz ingelesa ikasi, ikasketak egin edo lanean hastera. Zuek zer iritzi duzue honen inguruan?

Zabal ezazu:
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • FriendFeed
  • Google Bookmarks
  • LinkedIn
  • Identi.ca
  • Meneame
  • Netvibes
  • Tumblr
  • Posterous
  • RSS
  • PDF
  • Print
  • email

4 iruzkin

Iruzkina idatzi
  • a gravatar Egilea: lbosque

    Kaixo Leire! Zorionak idatzi duzun artikuluagatik! Benetan oso interesgarria iruditu zait. Ni ere zure iritziarekin bat nator, kanpora joateko aukera edukiko banu, segituan maletan egin eta zu bezala atzerrira joango nintzateke.
    Segi horrela idazten. Aio!

  • a gravatar Egilea: mbarreiro

    Aupa Leire! Sarari esan nion bezalaxe, zure bideoa oso politta eta artikulua erraz eta azkar irakurtzekoa; en fin, oso ona garmen! Zorionak eta ea beste batzuek zuek duzuen aukera noizbait izaten dugun. Zorionak berriro ere!!!

    Muxu asko Gar!

  • a gravatar Egilea: Maite

    Aupa, Leire!
    Galdera interesgarria egiten duzuna! Nire ustez ia-ia derrigorrezkoa izan beharko litzateke kanpora joatea urtebetez (edo gehiagoz). Garbi dago etxetik kanpo zaudenean, bizitzari zure kabuz aurre egiten ikasten duzula eta ez dago hori baino ikasketa aberatsagorik (badakizu ikasketa interesgarrienak liburuan ez daudenak direla pentsatzen dudan horietakoa naizela). Ni penatuta nago zuen adinean kanpora joan ez izanagatik (beno, hilabete batzuez Ingalaterran ibilita nago ingelesa ikasten, baina denbora gehiagoz esan nahi dut).
    Gelan hitz egindakoagatik, badakit kanpora joate horrekin ikasketekin zerikusia ez duen zerbait egiteari erreferentzia egiten diozula (beste toki batzuetako gazte askok egiten duten bezala)baina nik horri arrisku txiki bat ikusten diot: beste gauza batzuetan aritu ondoren, askotan zaila egiten da ikasketetara bueltatzea. Bestalde, alde onak ere baditu. Adibidez, kanpoan ibilita eta urte bat gehiago izanda, beste heldutasun maila bat lortzen da jakiteko benetan zer ikasi nahi den eta zer ez. Gaur egun, gainera, erdibideko formula asko daude: etena egin gabe ikastera kanpora joatea, urte batzuk hemen egin eta karrera bukaera kanpoan…
    Hori bai, erabaki bat hartzeko oso garbi izan behar dira alde onak eta txarrak; izan ere, denok ezagutzen baitugu kanpoan karrera osoa egin duen jendea eta gero hona etorri eta mailarengatik edo konbalidazioengatik lana aurkitzeko benetako arazoak izan dituena…
    Laburbilduz, Leire, izugarri interesgarria iruditu zait zure artikuluaren gaia eta, nola ez, argazkien aurkezpena!

  • a gravatar Egilea: alain

    Kaixo Leire! Zure artikulua irakurri dut eta bat nator zure iritziarekin. Ni ere hilabete bat Californian egon naiz eta sekulako esperientzia izan da. Jende asko ez da ausartzen lehen pauso hori ematera, baina eman dugunok argi daukagu dudarik gabe errepikatuko genukeela. Nire ustez tristea da jendeak horrelako esperientziak ez probatzea. Hala ere, badago jendea ez duela batere atsegin hemendik irten eta esperientzia berriak bizitzea eta hori errespetatzen dut. Zorionak zure artikuluagatik!

Iruzkinen RSS   TrackBack URL

Iruzkina idatzi

                                               

top
Who links to my website?