Diru-laguntzak uda ikastaroetara doazen unibertsitarientzat
Urtero bezala, Ordiziako Udalak diru-laguntzak emango dizkie Euskal Herrian kokatuta dauden unibertsitateetako uda ikastaroetara doazen ikasle eta langabetuei; beti ere hartzen dituzten ikastaroak euskaraz badira. Diru-laguntza eskatzaileak honako baldintzak bete beharko ditu: Ordizian erroldatuta egotea eta ikastaroan asistentzia ona izan duela bermatzea ziurtagiri bidez. Aipatu baldintzak betez gero, matrikula kostuaren %50 itzuliko dio Udalak.
Udako ikastaroetarako diru-laguntzak emateko diru-partida berezia dauka Ordiziako Udalak. Beraz, diru-laguntzak partida agortu artekoak izango dira. Partida horretan jasotako diru kopurua baino handiagoa balitz eskaera, laguntzak eskatzaile guztien artean proportzionalki banatuko lirateke.
Eskaerak aurkezteko epea irailaren 15ean amaituko da. Eskaera orriarekin batera honako hauek aurkeztu beharko dira: nortasun agiriaren kopia, asistentzia ziurtagiria, matrikula ordaindu izanaren agiria eta ikasle edo langabetu txartelaren kopia.
Ekainaren 21a arte dago irekita Udako Euskal Unibertsitatean (UEU) matrikula egiteko epea. Maiatzaren 31ra arte eta plazak gelditzen diren bitartean, berriz, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU-UPV) Uda Ikastaroetan izena ematekoa.
Ikastaroen eskaintza
UEUren 35. Ikastaldia Eibarren, Baionan eta Iruñean gauzatuko da. Guztira, 30 ikastaro antolatu dituzte: hamaika Eibarren (uztailaren 2tik 13ra), zortzi Baionan (uztailaren 9tik 13ra) eta 10 Iruñean (uztailaren 16tik 20ra). Ikastaro hauen gaineko informazioa nahi duenak, UEUren webgunean topatuko du.
Ekainetik irailera bitartean izango dira EHUren Uda Ikastaroak, Donostiako Miramar Jauregian, eta 72 ikastaro eskainiko dira guztira; horietatik sei bakarrik izango dira euskaraz. Honakoak: Heriotza eta nahigabearen trataera irakaskuntzan (D zikloa: Bizitzaren Bidaia); Ebaluazioaren oraina eta geroa hezkuntzan (G zikloa: Hezkuntza); Oinarrizko hezkuntza konpetentziak (G zikloa: Hezkuntza); Hizkuntzen ebaluazioa eskolan ikuspegi komunikatiboaren baitan (J zikloa: Hizkuntzalaraitza eta Literatura); Leturiaren egunkari ezkutua eleberriaren ekarpena. XX. mendeko euskal narratibaren testuinguruan (J zikloa: Hizkuntzalaritza eta Literatura); eta, Emozioak (R zikloa: Pentsamendua eta sorkuntza Euskal Herrian). Informazio gehiago nahi izanez gero, jo EHUko webgunera.























2007-mai-23, 9:50
Kaixo!
mila esker Udako Ikastaroen berri zuen blogean emateagatik
animatu UEUren Udako Ikastaroetan parte hartzera!!
ikastaro guztiak euskaraz
langile euskaldunak
giro irekia
4 gune: Eibar, Iruña, Baiona eta Lizarra
gai akademiko eta ez hain akademikoak… uda gozatzeko da!!
informazio gehiago http://www.ueu.org web orria eta ueu365 blogean.
Aupa euskaljakintza!
2007-mai-23, 11:54
Aupa, Ainhoa!
Egia esan, UEUko ikastaro batzuk egin izan ditut eta nire esperientzia beti ona baino hobea izan da. Beraz, unibertsitariak edo ez, denak animatuko nituzke parte hartzera. Ikusita, gainera, zein zabala den eskaintza, ziur nago bakoitzaren interesarekin lotutako zerbait topatuko dugula. :wink: