euskaljakintza
mai
30

Auskalo, Luk! – LUIS HARANBURU-ALTUNA

Egilea: nayerza    irakurlearen txokoa       Trackback

Luis Haranburu-AltunaEuskara gaian irakurgai bat aukeratu behar nuela eta, etxeko liburuak begiratu eta ia guztiak irakurriak nituela ohartzean, ikastolako liburutegira jo nuen. Aukeratu nuen, bada, liburu bat eta, zoritxarrez, nire ikaskide bat aurreratu zitzaidan liburu berdinarekin! Ondoren, beste baten laburpenari begirada bat bota eta Auskalo, Luk! aukeratu nuen.

Lan honen idazlea Luis Haranburu-Altuna da. Idazle hau Alegian jaioa da eta sarean berari buruz lortu dudan informazio eskasean, narrazioa, nobela, saiakera, antzerkia eta gutunen bat ere idatziak dituela jakin dut. Lan zabala egin du, beraz, eta kultura arlo gehienetan pausoak eman ditu. Gainera, bere karrera luzeari jarraiki, aurten Kutxak urtero ematen duen Donostia Hiria literatur lehiaketa irabazi du Josafat antzezlanarengatik.

Aipatu dudan bezala, Auskalo, Luk! izan da irakurri dudan liburua. Lehen pertsonan idatzia dago eta Luk Otamendiren istorioa kontatzen du. Hala ere, bere familiartekoen gertakizunek pisu handia dute nobelan eta hau nabaria da kontatzeko orduan. Izan ere, kapituluka bananduak daudenean, Luk eta bere seme Xuk txandakatzen dituzte kontakizunak, bakoitzak bere ikuspuntutik kontatuz. Era honetan, aita eta seme baten ikuspuntu desberdinak ikus ditzakegu eta bakoitzaren bizian berebiziko garrantzia duten gertakizunak oso desberdinak direla ohartzen gara, nahiz eta biak etxe berdinean bizi eta bulego berdinean lan egin.

 Auskalo, LukIstorio honen muina Lukek duen “amodiozko� harreman bat da. Ana da bere neskalaguna eta bera baino ia bi aldiz gazteagoa den neska ederra da. Bestalde, Luk gizon aberatsa da eta bere arazoez ahaztu eta lasaitzeko kokaina du lagungarri. Detaile honekin, eta bere neskalagun Anarekin, ikus dezakegu Lukek kapritxoz eta lizunkeriaz beteriko bizitza daramala. Erritmo hau ez du batere atsegin bere seme Xuk, eta bien arteko komunikazioa familia arazoak direla eta nahiko urria da. Hau, Luken alaba
Fanik izaten duen bat-bateko desagertzean bistan geratzen da. Zaila suertatuko zaio Luki Anarekin asteburu goxo bat igaro edo bere alaba gazteenaren arazoez arduratu eta bere segurtasuna bermatzeko egin beharko duen aukeraketa. Desagertze honekin batera, zenbait gauza arraro gertatuko dira Faniren ingurukoen galderekin, eta bere alabaren bizia Bilbon susmagarria gertatzen ari bada ere, ez da nahikoa izango Luk bere buruaren ongizateaz baino ez arduratzeko.

Egia esan, nobela interesgarria da eta aholkatuko nuke denbora atsegin bat igarotzeko. Gaurkotasun sentsazioa ematen du eta baita gertukoa ere. Narrazioa Donostiako kaleetan zehar kontatzen da eta hauek ezagunak izatean, hurbiltasuna transmititzen du. Deskribapenetan ere egungo janzkera eta ohiturak kontatzen dira, eta baita kartzelako preso batzuei egiten zaien bisita ere. Hemen, egungo politika arazoak ere zerikusia duela ikusten da eta, beraz, sinesgarritasun handiko nobela dela esango nuke.

Amaitzeko, zera aipatuko nuke: liburu hau irakurriz gero, damutuko ez zareten autore bat ezagutuko duzue; izan ere, Luk Otamendiren istorioa gustagarria gertatuko zaizuelakoan bainago.

mai
27

Oroitzapenak eta geroa

Egilea: iusabiaga    orokorra       Trackback

oroitzapenakNeurri handi batean herrietako historia eta historiak ekintzek egiten dute. Istorio eta gertakizunek beti, edo askotan behintzat, errealitate eta fantasia kutsua izan ohi dute. Hainbat aldiz ere tradizioa edo ohiturek izaten dute berebiziko oihartzuna eta haien izenean osatzen dira hainbat pasadizo. Horren lekuko garbi dira gure antzinako kondairak, pertsonaia mitologikoak, aurrekoek utzitako dokumentu grafiko zein ahoz jasotako hainbat zuzeneko bizipen.

Historia. Gure historia. Zure historia. Nire historia. Hona iristean, geldiune bat egin beharrean nago. Ni ere protagonista naiz historia honetan guztian. Historia, letra maiuskulaz idatzitako horretan, agian ez, baina bai nire belaunaldiari dagokion historiako zatian, une horretan parte naizen heinean. Historiako partaide izanik, leku eta denbora jakin bateko protagonista naiz. Euskal Herriko euskalduna naiz eta nire historia, partikularra eta neurea, dut. Igarotako denborari, gaztea izanik, gutxi bada ere, kontuan hartzekoa dela deritzot.

Bi atal nagusi nabarmendu beharren nago. Familiako esparrua eta jakintza esparrukoa, bata besteaz osatzen baita, sehaskatik jasotako oroitzapen eta gogoetak eta haien kanpoko janzkera hezurmamitu duten oinarrizko jokabideak.

Gizarte alorra aipatu behar derrigorrez. Familia eta ni. Haurtzaroko garai hura, hainbatetan gogoan dudana, nire lehen urratsa da nire kontaketa partikularrean, nire historiakoa da. Gozotasuna, begirada, kasketa, haserrea, atsedena, patxada, nekea, negarra, inozokeria, errealitate mugatua, jolasa eta jostailua… Inori ez zaiola axola pentsa dezaket, baina nola ez, bada, niri axola zait eta! Hauek oroitzapenak! Gogoko ditut benetan! Baita askotan aipatu ere!

Harremanak osatzearren, laguntxoak egiten ditut. Eskola garaian ari naiz, noski. Ez dira nire bizilagunak, ezta ezagunak ere, baina herrikoak dira. Batzuk, gutxi batzuk, ni eta gu baino handiagoak dira, helduagoak. Irakasleak dira. Eskola da. Jakintzaren alorraz arduratzen dira. Arrazoiaren eta logikaren mundua lantzen laguntzen didaten pertsonak dira. Hotza badirudi ere, nire haurtzarotik honako denbora gehiena okupatu duen eremu sozial nagusia izan da.

Jakintza eta pertsona izaera uztartzen joan dira niregan. Gorabehera, haserreak, erantzukizuna, betebeharrak, eskubideak, konpromisoa, kontrola… etxea eta kanpoa, lagunak eta eskola, gaztetxoak eta helduak, ikasleak eta irakasleak… nire historia, gure historia, taldeko historia… herriko historia akaso, historiaren historia…

Haurtzaroa, gaztaroa… hemendik aurrera, helduen historia hasiko dut. Helduena diot, bai. Noizbait heldua izango dena, osotasunean, bete-betean. Denbora horren testigu izango da eta zuek ikus dezazuela!

NIREAN, GUREAN
NIREKIN, GUREKIN
GAREN GUZTIAK…
IZAN GAITEZEN !!

mai
26

Euskal taldeen lehia agonikoa

Egilea: aurretabizkaia    kirola       Trackback

AthleticRealaJakingo duzuenez, une larrian daude gure futbol taldeak; izan ere, azken partiduak geratzen zaizkie jolasteko eta Reala eta Athletic mailaz jaisteko arrisku bizian daude. Nola gipuzkoarrek hala bizkaitarrek lehenengo mailan jarraitu nahi dute baina, gure zoritxarrerako, errealitateak erronka neketsua izango dela gogorarazten digu. Reala, esaterako, azkeneko hirugarren tokian dago lehengo jardunaldiko partiduan Celtari irabazi ondoren. Hiru gol sartu zizkion, nahiz eta lehenengo zatian kinka larrian ibili ziren eta galtzen joan. Aste honetan, berriz, Osasunaren aurka du hil ala biziko partidua eta gure mutilak garaipenaren bila joango dira Iruñera. Halere, oraintxe irakurri berri dut Lotinak buruhauste bat baino gehiago duela jokalariak direla eta (esandako guztia entzun nahi izanez gero, egin klik hemen). Athleticek, berriz, Mallorcaren aurka egingo du eta hauek ere garaipena lortu beharra dute.

Edonola ere, txuri-urdinen jarraitzaileak izan dira taldeari bizi-poza eman diotenak; izan ere, partidu guztietara joan baitira Reala animatzera. Osasunak, bestalde, galtzekorik ez du, datorren urtean lehenengo mailan jarraituko duela ziurtatua baitauka. Batzuek diotenez, Realari irabazten utziko dio orain dela urte batzuk honek mesede egin baitzion Osasunari. Ez da hori, ordea, atzo bertan Milosevicek adierazi zuena. Hari beretik, Athletic da hurrengo taldea jaisteko aukera gertuen duena. Dena den, espero dezagun bi euskal taldeek irabaztea eta toki ilun horretatik ateratzea eta, noski, euren aurreko taldeek, Betis eta Levantek, galtzea.

Baina gauzak ez dira errazak izango. Realaren azkeneko jardunaldia Valentziaren aurka izango da. Hauek aurten oso ondo ari dira jolasten eta Europako txapelketan parte hartzeko aukera dute Sevilla, Bartzelona eta Real Madrilekin batera. Izan ere, hauek ere beraien artean lehia bizian dabiltza nork irabazi lehenengo tokia sailkapen orokorrean.

Esanak esan, onena azken hatsa izan arte gure taldeak animatzen jarraitzea izango dela iruditzen zait, jokalariek gure kemen oihuak behar-beharrezkoak baitituzte une latz hauetan. Zuek zer uste duzue, euskal talderen batek jaitsi egin beharko lukeela?

Hurrengo orrialdea »
top
Who links to my website?