MEXIKORA EDO VENEZUELARA? (II)
Venezuelako Boliviako Errepublika edo “República Bolivariana de Venezuela� da bere izen osoa, eta oso estatu handia da, ia Espainiaren bikoitza. Hori dela eta, oporraldi batean dena ezagutzea ezinezkoa litzaiguke, baina hilabete eta erdiko bidaia leku zoragarri honen ideia nagusi bat egiteko aukera aproposa izan daiteke.
Venezuelaren edertasunean, bere herriaren apaltasun eta xehetasunaren aurrean naturaren handitasuna eta indarra dugu. Kontrasteen lurra dugu Venezuela. Horren lekuko dira Canaima parke naturaleko ur jauziak, basamortuaren gogortasuna, Orinoco ibaiaren deltaren handitasuna, llanoetako faunaren aberastasuna, basoetako flora dibertsitatea, Karibeko hondartzen edertasuna… Laburbilduz, dena daukan lurraldea dela esan daiteke.
Zerbait bada, ordea, benetan diz-diz egiten duena, hori Orinoco ibaiaren delta da. Bertan indigenak bizi dira, kanpoko mundu zibilizatuaren eraginik apenas jasan ez duten Guaraoak horren lekuko. Txikiak, ile beltz eta lisodunak eta arrasto indigena tipikoenekin, euren hizkuntza eta kultura propioa dute, eta hauek ezagutzea benetan aberasgarria da edonorentzat. Errekaren gainean dituzte euren bizilekuak: ibaian sartutako egurrezko posteak oinarri, egitura ere egurrezkoa eta palmeren hostoekin osatutako teilatua. Enbor bakarretik eraikitako “Kuriara� izeneko kanoa estiloko batzuekin garraiatzen dira ibaian gora eta behera, bertan ez baitago ez errepiderik ezta apenas lur finkorik ere.
Ez dira, ordea, Guaraoak Venezuelako indigena bakarrak, Pemon izenekoak ere badira, Canaima parke nazionalaren barruan topa ditzakegunak, eta hauek ere kultura propioarekin. Auyan-tepuy izeneko tepuy erraldoiaren magalean bizi dira. Tepuyak munduan beste inon aurkitzen ez diren mendi arrokatsuak dira. Flora endemikoa dute eta batzuk 3000 milioi urte baino zaharragoak dira, mundua bera sortu zenekoa, alegia. Bertatik erortzen da El Salto del �ngel edo Karepaku-pa merú bertako etnia indigenaren hizkuntzan, munduko ur-jauzirik garaiena dena (ia 1000 metrokoa). Oihan tropikalez inguratua, aldi berean, Sabana handia edo Gran Sabana deiturikoaren barnean dago, Amazonaseko basoaren bihotz-bihotzean.
Lautadak “Los Llanosâ€? ere ezin ahantz ditzaket. Bertan dago Venezuelako animalia espezie barietate eta kantitate handiena eta, gainera, landaretzaren eskasia eta orografia laua direla eta guztiz ikusterrazak dira; batez ere, urtaro lehorrean, ura metatzearekin batera animaliak ere biltzen baitira. Hemen aurki ditzakegu, besteak beste: Kaimanak (babak), suge mota ezberdinak (anakondak, kobrak…), iguana bezalako musker mota ezberdinak, munduko karraskari handienak diren chiguire edo kapibarak, jaguarrak eta beste hainbat felino, bufaloak bezalako ugaztun erraldoiak, tximinoak, milaka hegazti espezie (guakamaioak, tukanak, arranoak, loroak, perikitoak…) eta baita elefanteak ere!!! Kar, Kar! Azken hau gezurra zen!
Honekin nire artikuluari amaiera ematen diot baina, bukatu baino lehenago, aurreko zatian plazaratutako galderaren erantzunak nahi nituzke. Zein aukeratuko zenukete Mexiko ala Venezuela?
Oharra: Dakizuen bezala, argazkilaria ni neu naiz. Aurrekoan esan nizuen bezala, argazkiak nik ateratakoak izatean, xarma berezi bat dute. Begira itzazue eta goza!




















2006-abu-28, 18:51
Azkenean ongi geratu da eh!