euskaljakintza
Uzt
29

euskaljakintzak urtebete!

Egilea: Maite    Uncategorized       Trackback                                          Idatzia inprimatu Idatzia bidali

Urte bat pasa da gure lehengo artikulua idatzi genuenetik; beraz, ofizialki gaur gure urtebetetzea da. Benetan zaila egiten zait idazten hastea, hainbeste proiektu, jarduera, ariketa, itzulpen, aurkezpen…ez da erraza blogak eman duena esaldi gutxi batzuetan laburtzea, ez. Baina nonbaitetik hasi behar eta hasteko, proiektuaren jaiotzari buruz mintzatuko naiz.

Aurreko urteetan, nire DBHO 2ko euskarako ikasleak ez nituen batere motibatuta ikusten, hobeto esanda, ez nuen nik lortzen beraien euskarekiko jakin-mina piztea inondik ere. Aurreko ikasturtearen helburua EGAko titulua ateratzea izanik, behin hori lortuta (gehiengo batek), eta kontuan izanda hautaprobetan ez dutela eduki aldetik ezer berezirik eskatzen (literatura…), izugarri kostatzen zitzaidan beraien interesa neureganatzea. Zertarako ikasi behar dugu hau gero ez badute selektibitatean galdetu behar? Hauxe izan da azken urteotan gehien entzun dudan galdera. Beraz, zerbait gaizki egiten ari nintzen; nire teoria guztiak azalduta ere, ez nuen beraien pentsamendua aldaraztea lortzen! Arazo hau abiapuntu eta IKTeroon artean hamaika aldiz hitz egindakoari eutsiz, nire gaiaren planteamendua iraultzea erabaki nuen: Euskara eta teknologia berriak uztartzeko asmoz, blog bat sortuko nuen. Artean, helburuak garbi nituen:

  • Euskara jakintzagaian DBHO 2n eman beharreko edukiak teknologia berriek eskaintzen dizkiguten aukerak erabiliz jorratu (sarean dauden baliabideei onura atera).
  • Euskarazko irakurmena, idazketa eta ahozkotasuna kilikatu.
  • Aprendizaia aktiboa bultzatu.
  • Talde lana sustatu (elkarrekin lan egiten ikasi).
  • Ohiko irakasle/ikasle “rolakâ€? aldatu (denok denongandik ikasi: ikasleek irakaslearengandik, ikasleek beste ikasleengandik eta baita irakasleak ikasleengandik ere).
  • Ikasleen ikaskuntza prozesuan euskarri digitalaren erabilera sustatu eta indartu.

Proiektua abian jartzeko hainbat zailtasun izan nuen. Hasteko, nire lankide adituen aldean, informatikako nire ezagutza guztiz urria eta eskasa zen (behin baino gehiagotan pentsatu izan dut ez ote nintzen ur sakonegietan sartzen ari). Halere, prest nengoen ikasteko eta proiektu berriak ematen zidan ilusioa nire ezagutza pobreari gailendu zitzaion. Horrela, udan lanari ekin nion zetozen zailtasunei ahal nuen moduan aurre eginez.

  • Blogak ohiko testu liburuaren papera ordezkatzea nahi nuen. Nola sartu bertan testu liburuko eduki guztiak? Horrek webquestak ezagutzera eraman ninduen. Konturatu nintzen ez nituela eduki guztiak blogean behar, egin behar nuena zela beraien esku jarri informazio iturri ezberdinak eta beraiek bultzatu material hori sortzera. Webquestak tresna erabat egokiak suertatu dira lanketa mota honetarako eta, gainera, aprendizaia askoz ere aktiboagoa bihurtu da. Baliabide honek, gainera, beste hainbat ezagutzeko bidean jarri gaitu (wikiak…).
  • Aurrekontu eta hosting propioa ez izateak ekarri dit buruhauste bat baino gehiago (buruari izugarri eragin behar izan diot dokumentuak, txostenak, bideoak, argazkiak…materiala, azken finean, sarean kokatzeko).
  • Ikasleek nik uste baino gutxiago menperatzen zuten ordenagailua hasiera batean eta proiektuaren berri zein zerbitzuetan alta ematen (posta elektronikoa, writely, blogsome, gravatar…) pentsatzen nuena baino denbora dezente gehiago pasatu genuen.
  • Ikasgaiaren balorazioaz. Gaia modu berritzaile batez fokatu behar banuen,  ezin nuen betiko azterketa sistema erabili. Koherentzia pixka bat eman behar nion planteamenduari. Horrela, baloratzeko sistema aldatu dut eta, nahiz eta hainbat eduki kontzeptualen neurketarako azterketa klasiko bat egin, azken emaitzaren zati txiki bat baino ez da izan (baloratutako besteak: taldean ekoiztutako txosten idatziak, taldean sortutako multimedia aurkezpenak -honen ahozko aurkezpena barne-, gure blogean idatzitako artikuluak…). Honekin nahiko gustura gelditu naiz, denok baitakigu betiko eskemetatik ateratzea zenbat kostatzen zaigun, maila hauetan, batez ere!

Zailtasunak alde batera utziz, aitortu beharrean nago hasieratik proiektuak harrera ona izan zuela ikasle gehienengan (beti dago bat edo beste tramankulu hauekin moldatzen ez dena eta denerako zailtasunak ikusten dituena, noski!).

Bloga tresna bereziki egokia da, nire ustez, hizkuntzak lantzeko. Edukiak jorratzeaz gain, ikasleak idazle-kazetari bihurtu ditu. Beraien artikuluak argitaratu dituzte jakitun izanik kanpotik ere irakurleak badituztela (aurki.com-en azaltzea oso garrantzitsua izan da beraientzat, baita Julen Gabiria idazleak edo Joxe Aranzabal HUHEZIko irakasleak, esaterako, goiari eusteko esateko idatzi zigutenean). Honek, aparteko motibazioa emateaz gain, arduratsuago bihurtu ditu (euskara egokia erabiltzen saiatu dira, blogean sartutako baliabideak hasi dira erabiltzen –hiztegi batua, sinonimoak, euskara-gaztelera hiztegiak, antolatzaileak eta abar). Halere, arlo honetan oraindik badago zer landu eta hobetu!

Gainera, ikasleek proiektua berea egin dute eta hori oso motibagarria izan da niretzat. Partekatzeari garrantzi itzela eman diogu elkarrengandik etengabe ikasiz, aprendizaia askoz ere dinamikoagoa bihurtu da, komunikazio arloak (ikasleen artean eta irakaslearekin) ohiko mugak gainditu ditu (posta elektronikoaren erabilera arrunta denon artean, etxetik, eskola orduz kanpo, idatzi dituzten artikuluetan erantzunak…). Laburtuz, motibazioa piztu da!!!

Ikasturtea amaitu da  eta atzera eginez, hilabete hauetan lanketa interesgarri bezain aberatsak abian jartzeko aukera izan dugula gogoratu nahi dut (informatikako aplikazio ezberdinak itzuli, esamolde eta sinonimoak jorratzeko ariketak sortu, istorio
elkarreragileak
ekoiztu, DBH 1ekoen irakasle bihurtu, sarean zehar barreiatuta dagoen euskara lantzeko materiala bildu…).  Egindako guztia, gainera, gure filosofiarekin bat eginik, denon eskura jarri dugu.

Hurrengo urteari begira, euskaljakintzarekin jarraitzea pentsatzen dut. Dena den, kideak ezberdinak izango direnez (ikasleen profila erabat aldatzen da), plana euren beharretara egokituko dut baina funtsean arestian aipatutako helburuei eutsiz. Honetaz gain, egitasmo anitz dut buruan. Esate baterako, Euskaljakintza (euskara DBHO 2) zein nire beste irakasgaiak (euskara DBHO 1, ekonomia DBHO 1, ingelesa DBH 4 eta tutoretza DBHO 1) Moodle plataforman integratuko ditut bakoitzarentzako ikastaro bat sortuz. Ikasgai hauei dagozkien edukiak, jarduerak, egutegia…sarean jarriko ditut tresna ahaltsu honek eskaintzen dituen aukerei ahal dudan etekina ateraz eta IKTen integrazioan beste urrats txiki bat emanez. Irrati-nobela bat sortu podcast-ak indartuz eta ahozkotasuna landuz eta euskal wikipedia zabaltzen lagundu ere gure helburuen artean kokatuko ditut, besteak beste.

Ilusioz beteta hasi nintzen duela urtebete eta ilusio hori bikoiztua dut une honetan. Garbi daukat  gogo hori esna mantentzearen arrazoia neurri handi batean nire ikasleen jarrera izan dela. Nola eskertu eman duten guztia? Euren interesa, lana, ekinkortasuna, laguntzeko eta partekatzeko prestutasuna…  Baina, gauzak diren bezala, IKTen alor honetan munduko borondate onena izanda ere, aldamenean buruan dituzun ideiak aurrera ateratzeko laguntzarik ez baduzu, egitasmo ugari bertan behera gelditzen dira. Ez da nire kasua izan; izan ere, edonork bere aldamenean nahiko lituzkeen lankideak izan baititut gertu-gertu. Ez dago esan beharrik jolaus eta magic (magic eta jolaus) IKTeroez ari naizela. Euskaljakintzak ez luke urtebetetzea, ez hilabetea ez minutua ospatuko beraien etengabeko laguntzarik gabe eta hori ez da mila esker esanda eskertzen!
:wink:

Aurreko guztiak hasieran finkatutako helburuak gainditzera eraman gaitu. Ikusten duzuen bezala, balorazioa guztiz baikorra da. Halere, ezin dugu ahaztu IKTak gure eguneroko jardunean normaltasun osoz integratzeko oraindik asko dagoela egiteke (duela gutxi jolausek idatzitako artikulu mamitsuan garbi gelditu zen legez), gauza asko ikasteke. Aurreiritzi ugari baztertzen saiatu beharko genuke bai ikasle eta baita irakasleok ere (ordenagailuak jolasteko dira, denbora galtze bat, hezkuntza eredua ezin da aldatu, gurasoen sinesgaiztasuna horrelako proiektuetan…)

Nire uste apalean, berrikuntza baten atzean proiektu serio eta landu bat badago (ez inprobisazio hutsa) eta, batez ere, irakasleak eta zuzendaritzak (gure kasuan gertatu den bezala) erabat sinesten badute berrikuntza horretan urrats handi bat emanda dago. Arriskatu ere (neurri batean) egin beharko genuke. Irakasleoi ahoa betetzen zaigu ditugun zailtasunak eta presioak aipatuz, baina askotan zailtasun horien atzean ezkutatzen gara betikotasunean mantentzeko. Nola aldatu nahi dugu hezkuntza sistema banakakook aurrera pausoak ematen ez baditugu? Administrazioaren zain geldituko gara? Bestalde, hainbestetan aipatu dugun klaustroaren papera guztiz garrantsitsua eta erabakiorra izaten da gure ikastetxeetan. Askotan, gainera, ezkorra izaten da eta zaila da egun batetik bestera ezkortasun hori aldatzea. Niri bururatzen zaidan modu bakarra talde txikietan lanean hastea da: benetan bidea hau dela sinesten dugunok elkarrekin lan eginez, besteen interesa pitz dezakegula pentsatzen dut.

Alde horretatik, Jolausek hainbatetan aipatu duen moduan, gure ikastolan gero eta gehiago gara aurrera begiratu nahi dugunok. Ez bakarrik IKTen integrazioari dagokionean, baita beste hainbat alorretan ere (kanpotarren integrazioa, eleaniztasuna, ikasleen gertuko jarraipena…). Batzuetan ez dugu asmatzen baina garbi daukat ez garela besoak gurutzatuta gelditzen arazoak eta berrikuntzak noiz eta nondik etorriko zain, aurre egiten saiatzen garela.

Amaitzeko, askotan pentsatzen dut hondorik gabeko putzu batean sartu garela/naizela: zenbat eta gehiago ikasi, orduan eta gehiago jakin nahi (eta hori, uneoro gauzak aldatzen doazen teknologia berrien eremuan, zenbaitetan neketsua izan daiteke). Edonola ere, garbi daukat: esparru honetan inongo erraztasun eta ezagutza kaskar honekin honek aurrera badarrai, edonork egin dezake! Beraz, nire jakin-mina ikasleei kutsatzen saiatzeaz gain, beste irakasleak ere horrelako proiektuetan murgiltzera animatu nahi ditut; izan ere, gozoak gaziak baino askoz ere gehiago izan baitira urtebeteko ibilbide honetan…

Uzt
25

Kolosala izango da - JOSEBA SARRIONANDIA

Egilea: iker    Irakurlearen txokoa       Trackback                                          Idatzia inprimatu Idatzia bidali

Joseba SarrionandiaJoseba Sarrionandia Uribelarrea Iurretan jaio zen 1958ko apirilaren 13an. Euskal Filologian lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean eta fonetikako irakasle izan zen Bergarako UNEDen. Anaitasuna, Ibaizabal eta Zeruko Argia aldizkarietan argitaratu zituen bere lanak. Garai hartan, Pott bandaren kideetako bat izan zen. 1980an kartzelaratu egin zuten ETAko kidea izateagatik. Epaitu eta hogeita zortzi urteko espetxe zigorra ezarri zioten. Urte berean hiru sari irabazi zituen, Maggie indazu kamamila eta Enperadore eroa ipuinekin eta Izuen gordelekuan barrena poema bildumarekin.

1985eko uztailaren 7an Martuteneko espetxetik ihes egitea lortu zuen, bertan izan zen kontzertua amaitu ondoren bafle batean sartuta. Ordudanik erbestean bizi da, baina literaturarekin itzultzen da gure artera. Bidaia horietan, Narrazioak (1983), Ni ez naiz hemengoa(1985), Marinel zaharrak (1987), Ainhoari gutunak (1990), Hezurrezko xirulak (1991), Gartzelako poema (1992), Hnuy illa nyha yahoo (1995), Hitzen ondoeza (1997), Lagun izoztua(2001) eta Kolosala izango da (2003) izan dira erabili dituen pasaporterik ezagunetakoak.

Nik irakurri dudan liburua azken hau izan da, Kolosala izango da eta laburpentxo bat egin aurretik gustatu zaidala esan beharra daukat. Bertan narratzen den istorioa 1936ko Espainiako gerra giroan kokatzen da eta Kalaportuko herrian bizi diren 11 urteko ume batzuen begietan islatzen du Espainiako Gerra Zibila.

Liburuko protagonista 11 urteko ume bat da eta bere lagun Joxe Marirekin bizitako momentuak adierazten dira gehienbat istorioan. 1936ko uztailaren 19an, aita “lanera” zihoala esan zuen Ferrolera edo Santanderrera eta ordudanik gauza asko aldatu ziren euren egunerokotasunean. Irratian gerra hasi zela esaten zuten baina bi gaztetxoek ez zuten ulertzen nongo gerra hasi zen, beraiek ez baitzuten ikusi inor hiltzen. Bazekiten, Espainian II. Errepublika zegoela eta azken hauteskundeak Frente Popularrak irabazi zituela, baina beraiek ez zekiten nortzuk ziren errebelatu zirenak.

Herria errepublikarekin zegoen, besteek alde egin baitzuten. Noizbehinka, Karl Marxen irudia zuen kamioi baten atzetik joanda, tiroak praktikatzen ikusten zituzten milizianoak eta, belardian ezkutatuz, beraien tresna xumeekin ere punteria praktikatzen zuten bi umeek.

Hasieran, gerra ez zela inoiz iritsiko pentsatzen zuten baina, egun batean, Nafarrak iritsi ziren oso ondo prestatuta eta herriko errepublikazaleak erresistentziarik gabe errenditu ziren. Orduan, aita iritsi zen eta dena ondo atera zela esanez, Bilbora zihoala adierazi zuen. Herrian gerra amaitu zenean, ohartu zen aita Alzamiento Nazionalekoa zela eta irakasle berriak Falangekoak. Eskoletan jende asko falta zen eta klaseak emateko moduak erabat aldatu ziren. Kaleetan Dios, Patria, Rey entzun zitekeen batzuen ahoetan eta besteenetan Franco, Franco, Franco.

Honela, herriko eta etxeko giroa asko aldatzen da eta, azkenean, kaleetan zeuden falangeetako guardiekin hitz egin ere egiten zuten gaztetxoek. Hauek umeei ea zertaz hitz egiten ari ziren galdetzean, bi umeek Alemaniako Cirque Krone zirkuaz hitz egiten ari zirela zioten eta alemanek, Frantzia okupatuta zutenez, lehenago iritsiko zirela pentsatzen zutela.

Laburpentxo honek grina sortu badizue, eskatu iezadazue liburua eta gustura utziko dizuet. Oso erraz irakurtzen da eta, besterik gabe, gomendatzen dizuet.

Uzt
19

Pantaniren itzulera

Egilea: aalvarezdeeulate    Kirola       Trackback                                          Idatzia inprimatu Idatzia bidali

Pantani hil zela denbora asko igaro delakoan nengoen, baina ez omen da horrela. Bizirik dago eta ez da gugandik oso urruti bizi. Nire kontaktuek esan didatenez, Euskal Herrian bizi da eta Batxilergoko ikasketak bukatu berriak ditu. Ilea motz-motza darama beti bezala. Bizikleta gainean doanean, sekulako indarra erakusten du. Bizirik dagoelako informazioa Gipuzkoako jubenil mailako biran sortu da. Pantani bizi-berritua hasiera-hasieratik egon zen onenen parean, eta nahiz eta gurpil bat zulatu bigarren egunean (ihesaldi ona hartu zuenean), 3 kilometro besterik geratzen ez zirenean, taldeko lan zoragarri baten ostean, Gipuzkoako bira eskuratu zuen laugarren eta azken etapan.

Pantaniren itzulera jubenil mailako birarik garrantzitsuenean eman da eta asko idatzi da onen inguruan. Noticias de Gipuzkoa eta Diario Vascok artikulu bana eskaini diote gertakizun miragarri eta pozgarri honi.

ZORIONAK PETX!!!

(Erreportariak barkamena eskatzen du gertaera hauek hilabete beranduago argitaratzeagatik)

Petxito Pantani podioan

Hi, petx, neska politt hauek noiz aurkeztu behar dizkidak? ;)

Uzt
16

Venezuela, iraultza isilaren hitzak. PAKO ARISTI

Egilea: ibaimendia    Irakurlearen txokoa       Trackback                                          Idatzia inprimatu Idatzia bidali

Pako Aristi Pako Aristi idazle urrestilarra 1963an jaio zen. Rikardo Arregi saria irabazi du bi urtetan jarraian (1992 eta 1993an). Kazetaritzan lizentziatua, idazle anitza dugu, ia genero guztiak landu dituena: artikulugintza (Bezperan entregatu nituenak), ipuingintza (Auto-stopeko ipuinak), nobelagintza (Kcappo, Irene eta Krisalida nobelen trilogia), saiakera (Euskal kantagintza berria), erreportaia (Venezuela, iraultza isilaren hitzak), poesia (Iraileko ipuin eta poemak) eta haur literatura. Bere azkeneko nobela, Urregilearen orduak, (1998) izan zen; azken liburuak, ordea, Libreta horiko poemak (2003) eta Gauza txikien liburua (Beterriko liburua 2005) ditu.

Egun batzuk pasa dira Txalaparta argitaletxeko Pako Aristiren Venezuela, iraultza isilaren hitzak liburua irakurri nuenetik. Aparta da benetan, eta ezin izan nion blog honetan honen inguruko lantxo bat idazteari muzin egin. Beno, egia esan, Maitek esan zigun liburu baten inguruko artikulu bat egiteko, baina horrek ez du esan nahi gogoz kontra egin dudanik edota liburuak liluratu ez nauenik; ezta gutxiagorik ere!

Liburu honek Pako Aristik Mikel Markez abeslariarekin batera eginiko Venezuelako bidaia narratzen du, denboraldi batez venezuelar sentitu zeneko kontuak biltzen dituelarik. Bertako jende, bizimodu eta egoera politikoaz jarduten du nagusiki, eta horretarako, bere esperientzia pertsonalean oinarritzeaz eta bere ikuspegi kritikoa erabiltzeaz gain, bertako jendearen hitzak ere kontuan hartzen ditu. Erreportaiak, beraz, venezuelar iraultzaren inguruan jarduten du, bere iraganetik askatu eta bere etorkizuna erabaki nahi duen herriaz, eta lan horretan, Hugo Chavez gobernuburua du jomuga. Aipatutakoez gain, ondorengo gaiak ere plazaratzen ditu: Venezuela eta Kubaren arteko konparazioa egiten du bertako jendeari euren iritzia eskatuz, venezuelarren izaera biltzen dituen pasartetxoak narratzen ditu, venezuelar hizkeraren eta gertakari politikoen inguruko hiztegiak egiten ditu, berari gertatutako anekdota pertsonalak kontatzen ditu, gai ezberdinen inguruko ikuspuntu anitzak biltzen ditu, euskal errefuxiatuen eta euskal etxearen inguruan mintzo da… Beraz, Aristik liburu honetan denetik egiten duela esan dezakegu, betiere bere helburua guk herri venezuelarra eta bertako egoera ezagutzea delarik. Nik uste, gure herriaren jarrera borrokazalea herri honetan islatua ikusi izanak liluratu duela Aristi, eta hau izan dela liburua idaztera bultzatu duena.

Gatazka politikoa da, ordea, liburuaren ildo nagusia. Bertan bizitzen ari dena iraultza gisa definitzen du berak. Hona hemen bertako egoera historiko-politikoaren laburpentxo bat: Berrogei urtez boterea bi alderdiren esku egon da, herriari baliabideak kendu dizkiotenak etekin pertsonalerako eta honen gainbehera eragin dutenak. Iruzurrean, ustelkerian oinarrituta, gizartea korrupziora bultzatu zuten. Hau ikusirik, militar talde batek estatu kolpe saiakera bat eman zuen, Hugo Chavez hauen artean, baina ez zuten arrakastarik lortu eta espetxeratuak izan ziren. Chavezek, ordea, ez zuen etsi. Espetxetik irten zenean, hauteskundeetara aurkeztu eta herriaren bihotzera heltzearekin batera, lehendakaritzara heldu zen. Egun berak jarraitzen du gobernuburu, herri xehearen alde lanean diharduelarik, baina dirudunak eta hauen menpe dauden hedabideak aurka ditu.

Liburuaren idazkerari dagokionean, honen arintasuna azpimarragarria da. Arintasun hau dela eta, liburua irakurterraza suertatzen da. Liburuak Chavezenganako bidaia eta bertan bizitzen ari den iraultza hari nagusitzat baditu ere, istorio bat ez baina bai eguneroko jardunak sortutako pasarteak narratzen dituenez, ez du horrenbesteko arretarik eskatzen, eta honek arintasuna erantsi eta irakurraldia atsegingarriago egiten du. Aristik berak, bere idazkerarenganako ardura azaltzen du erreportaiaren azken hitzetan, Eduardo Galeanorengana aholku eske joan izana aitortzen duelarik.

Nire iritzi pertsonalari dagokionean, oso liburu atsegin eta interesgarritzat jotzen dut. Hala eta guztiz ere, ez dut uste liburu hau irakurri aurretik Venezuelan izan ez banintz, horrenbeste gustatuko litzaidakeenik. Izan ere, liburu hau irakurtzen nuen heinean, bertan azaltzen ziren gauza asko ezagunak egitean identifikatuta sentitzen nintzen, bihotzeraino heltzen zitzaizkidan. Aldi berean, eta nik uste Pako Aristiren antzera, identifikazio hau euskalduna naizen aldetik ere sumatzen nuen, venezuelarrek bizi duten iraultza egoera dela eta. Konexio hau, gainera, beraien askatzailea den Simon Bolivarrek ziurtatua geratzen da, honen arbasoak euskaldunak baitziren.

Nire esperientzia pertsonalekin jarraiturik, Venezuelara joatean bertako egoera sozio-politikoa nahitaez barneratzen duzula esango nuke. Izan ere, egunero entzuten duzu Chavez kaleko jendeen ahoetan, telebistan, egunkarietan… Gainera, bertako jendeak iritzia eskatzen dizu, politikaz jarduten dute etengabe eta politika ulertzeko edo bizitzeko modu honek guztiz harritzen gaitu, hemen ez baitago horrelakorik. Chavismoan, ordea, arazo larri bat nabari da. Herriak Chavez du buruan, gizon bakarra, lider bat. Zer gertatuko litzateke hau hilko balitz edo hau hilko balute? Herria kinka larrian geratuko litzateke. Hala eta guztiz ere, nik herriarengan, venezuelarrengan sinesten dut, eta aurrera ateratzea lortuko zuteneko ustea dut. Herriak maite du Chavez, bere burua herritartzat jotzen duelako, herri xeheko familia batetik datorrelako, herritarra izanik herriarengatik borrokatzen duelako, eta horregatik, zerbait gertatuko balitzaio, herria altxatuko litzatekeela dudarik ez egin. Eta hau ez da nik diodana soilik, venezuelarrekin jardunean honelako hitzak entzuten baitira:

“Yo no me meto debajo de la cama suplicando. Yo salgo ahí, a las calles, a defender a Chavez, a defender al pueblo! Como si hay que morir en ello!

Kalean topatu genuen gizon baten hitzak ziren hauek. Gizon honek familia osatua zeukan emaztearekin eten eta etxetik alde egin behar izan zuen, bera chavista izanik bere emazteak begien aurrean ikusi ezin zuelako. Honek, antza, inoiz bere emaztea maitatu izan duena baino gehiago maite du lehendakaria. Nire aitaren lagun venezuelar bat ere Chavezekin zoratzen dago. Herri xehekoa da, pobreetan pobre, eta bere bi alaba Kubara joan dira medizina ikastera, gobernuak ikasketak ordaintzen dizkielarik. Honela zioen gizonak:

Cuando iba a imaginar yo, yo que no tengo nada, que mis hijas podrian estudiar medicina?

Honekin guztiarekin, ondorio honetara iristen naiz. Argi dago Venezuela ez litzatekeela horren herrialde erakargarria izango bertako jende, bizipen eta egoera politikorik gabe. Honek guztiak xarma berezi bat ematen baitio naturaz berezko edertasuna duen lurralde bati. Hau Venezuelan izan naizelako esaten dut, eta bertako naturaren edertasun paregabearen gainetik herriak maitemintzen zaituela ziurta dezaket. Zoragarria da. Gauza bera gertatu zitzaion nire aitari lurralde hau ezagutu zuenean, eta baita Pako Aristiri berari ere, horretarako liburua irakurtzea besterik ez duzue. Bertan bizitza beste ikuspuntu batetik hartzen dute, beste lasaitasun batez. Alaiak, irekiak eta hizlari apartak dira denak, politikaz mintzatzea gustuko dutenak, baina, hori bai, ezer baino lehen alperrak eta edarizaleak dira denak, gizonezkoak gehienbat. Hozkailuan janaririk ez dute sekula izango, baina garagardoa edo rona ez da ez sekula faltako. Orainean bizi dira, ez die etorkizunak arduratzen eta bizitzeko beharrezkoaren bila soilik joaten dira, ez dute guk daukagun diruzalekeriarik, ezta guk besteko aberastasunik ere, baina bezain zoriontsu edo zoriontsuago bizi direla dudarik ez egin. Seguruenik, guri ondo etorriko litzaiguke hauengandik zerbait jasotzea. Ritmo Caribeño!

Hau guztia, nola ez, liburuan islatua agertzen da, eta nire Venezuelako superbizipenak kontatzen ez baditu ere, autoreak are interesgarriagoak diren kontakizunak biltzen ditu errepotaje honetan. Orain artekoa gustuko izan baduzue, dudarik ez egin liburua ere gustatuko zaizuela; beraz, badakizue zer egin…

Artikuluari amaiera emanez, liburu hau irakurtzera gomendatzen dizuet, ederra delako, interesgarria delako, ezberdina delako… eta, gainera, irakurraldiaz gozatzearekin batera, lurralde eta mundu berri bat ezagutuko duzuelako. Ez zarete damutuko!

Mikel Markezen poemarik ederrenetako bat irakurri nahi baduzue, klikatu hemen eta Gaztesareak Pako Aristiri eginiko elkarrizketa irakurri nahi baduzue, berriz, sakatu hemen. Jarraian, liburu honetako pasartetxo batzuk doaz:

Ez nago ziur, baina izan liteke. Venezuela da munduan leku bakarra poliziak gauaz semaforoak gorrian pasatzeko agintzen dizuna, malandroek (gaizkileek) semaforo gorriaren geldiunea aprobetxatzen baitute autoak lapurtzeko…

1975ean Chavezek hogei urte zituen. Akademia Militarrean zegoen, eta laster graduatuko zen parakaidista bezala, eta eguneroko bat idazten zuen.
…Gaur larunbata da, eta nire adineko gazteak… beste lekuetan zer ari ote diren egiten galdetzen diot nire buruari. Ziurrenik parrandan ibiliko dira… Beraiek egiten ari garena jakingo balute, erotuta gaudela esango lukete. Baina ni ez nago erotuta. Oso ongi dakit zer bilatzen dudan eta zertan ari naizen eta zer dela eta sakrifikatzen naizen. Une hauetan pentsamendu bat datorkit gogora: El presente es de lucha, el futuro nos pertenece. Oraina borrokarena da, geroa gurea.>

-Musu bat, presidente?
-Bai, morena, zatoz hona.
Emakumea hor ari zaio, eman musu eta eman musu.
Azkenean, Chavezek:
-Ai, morena, musu bat esan eta zortzi eman dizkidazu!
Chavez gustura, eta emakumea zoratzen.

Venezuelako presidente guztiak izan omen dira lapurrak. Behin Romulo Betancourt iritsi zen lehendakaritzara, eta urte batzuen ondoren esan zuen:
-Eskuak erreko al zaizkit estatuaren dirurik lapurtu baldin badut!
Atentatu bat izan zuen. Autotik bere kabuz ateratzea lortu zuen, besoak gora jasota, eta argazki hori agertu zen biharamunean egunkari guztietan: eskuak erre zitzaizkion gizarajoari; ez zuen beste ezer izan.

Simon Bolivarrek, el libertador, idatzia:

Zin egiten dut
gurasoen jainkoagatik,
aberriagatik,
nire ohoreagatik, nire arimak ez duela
lasaitasunik izango
ezta ere nire besoak atsedenik
indartsuen mende dagoen
nire herriaren kateak
hautsita ikusi arte.
Hautaketa herrikoia,
Gizon eta lurralde libreak.
Eta izua oligarkiari.

Yo vengo de Guarenca
Sector de la Barranca
Donde los chamitos
Los billetes te arrancan
Hasta los más pequeños cargan escopeta
Para tratar de robarse
Una patineta…

Gu gara kaletar bakarrak. Mister Bean sentitzen naiz. Chavez guregana dator poliki-poliki, eta ni Mister Beanen atal batekin oroitzen naiz, Ingalaterrako erreginari ongi-etorria eskaintzen dion kamarero talde batean agertzen denarekin. Ni edozer mozorro hartzeko prest nengoen, txofer, soldadu, kazetari, edozein, Chavezengana hurbildu ahal izateko, baina ez nuen uste azkenean Mister Bean bilakatu beharko nuenik. Eta patrikan hamar gramo haxixekin.
Iritsi da gizona niregana eta eskua eman dit. Indarra dauka bai, gizon honek. Robertori begiratu dio orduan.
-Hau ez da beste apaiz bat izango, ezta? –esan dio brometan. Ez daki asko apaiza ez baina organujolea naizela!
-Bera Pako Aristi da –esan dio Robertok-, euskal idazlea da eta Venezuelari buruzko liburu bat ari da idazten.
Orain zorrotzago begiratu dit Chavezek, interes aurpegiarekin. Hala dela esan diot, denboraldi bat pasatzen ari naizela hemen liburu bat idazteko.
-A! Orduan hitz egin behar dugu zuk eta biok!
-Ahal bada, atsegin handiz! –erantzun diot.

Oso ondo. Pozik nago. Euskal idazlea aintzakotzat hartua izan da Venezuelako puntan.
Chavez zer iruditu zaidan? Gizon irekia, irribarretsua, adar jotzailea, gutako bat esateko modan.

Uzt
13

Bilbao Live Festival

Egilea: maitanee    Musika       Trackback                                          Idatzia inprimatu Idatzia bidali

Bilbao LiveUztailaren 13, 14 eta 15ean (hau da, gaur bihar eta etzi) ospatuko den musika jaialdia dugu Bilbao Live Festival. Hau, jakina, Bilbon ospatuko da, Kobetamendin, hain zuzen ere.

Musika oso ezberdina jotzen duten talde ugarik osatzen dute jaialdiaren lehenengo edizioko kartela, ezagunenen artean Deftones, Placebo, Guns ‘n’ Roses, Andres Calamaro edota Pretenders daudelarik. Baina jaialdian ez zaie kanpoko taldeei soilik lekua egin, Gatibu talde euskalduna ere, adibidez, bertan izango da. Dena den, talde hauen kontzertuak ez dira jaialdian musikaz gozatzeko bide bakarrak izango, DJak egongo diren hiru karpa ere antolatu baitira techno musika edo pop musika gustuko dutenentzat.

Gainera, Kobetamendin, erlaxatzeko gune bat, merkatuak (diskografikoa eta modakoa), 2 VIP zona, bazkaltzeko 6 karpa eta hainbat ekintza ezberdin antolatu dira.

Sarrerei dagokienez, alde batetik, jaialdiaren hiru egunetan Kobetamendin egon nahi dutenek hiru eguneko bonoa eros dezakete; horrela, han bertan kanpatzeko eskubidea izanik. Bestalde, egun bakarra pasatzeko asmoa dutenek egun bakar baterako sarrera erosteko aukera izango dute.

Garraio aldetik, eremura iristeko bide bakarrak organizazioak antolatu dituen eta dohain izango diren autobusak edota ordaindu beharreko taxiak hartuz izango dira. Horrela, kotxeak eremura gerturatzeko autobusak hartzen diren leku berean, San Mames zelaiaren atzealdean dagoen erakustazokan, utzi ahal izango dira 3€ ordainduz.

Informazio gehiago nahi izanez gero, klikatu hemen (jaialdiaren webgune ofiziala).

Ea zuetariko norbait animatzen den eta elkar ikusten dugun Bilbon! ;)

Hurrengo orrialdea »
top