euskaljakintza
Mai
31

Euskal Y-a

Egilea: Ngarmendia    Orokorra       Trackback                                          Idatzia inprimatu Idatzia bidali

Eusko jaurlaritzak orain gutxi adierazi du Euskal Y-aren obrak aurten hasiko dituztela. Gure kasuan gainera, etxetik oso gertu ezagutuko ditugu berrikuntza hauek, Gipuzkoaren kasuan Ordiziatik Itsasondorako tartean hasiko baitira eraikuntza lanak.

Euskal Y-aren proiektuak izango duen kostua “eskandalagarria” dela esan daiteke, euskal Y-aren kostu osoa 4.178 milioi eurokoa izango baita, horietatik 1.642 miloi euro Gipuzkoako zatia egiteko bideratuko direlarik. Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuarekin egindako hitzarmenean, 2010.urterako AHT martxan jartzeko konpromisoa hartu zuen, bidaiarientzat eta merkantziak garraiatzeko balioko duelarik.

Honen haritik, gure herrietako udaletxeetan erreakzio ezberdinak izan dira, zenbait eragile, alderdi eta sindikatuk kontrako jarrera hartu dutelarik.

Proiektua exekuzio-planean dagoela jakin dugu, eta aurrerantzean gurekin bilduko direla espero dugu, obrak hasten badira zuzenean eragingo gaituelako.

Bestalde, Itsasondoko udalak albistea prentsaren bidez jaso dutela salatu eta proiektua gelditzeko eskatu du abiadura handiko trenak ondorio “txikitzaileak” izango dituelako.

Lotsagarria da egitasmoaren berri prentsaren bidez jakin behar izatea; sekulako desinformazioa dago.

Bestalde, aipagarria iruditzen zait AHT geditzeko mila arrazoi daude: eman zeurea! lemapean abian jarri duten kanpainari buruz berri ematea. Helburua herritarrei, gizarte eragileei eta alderdi politikoei AHT gelditzeko zer egiteko prest dauden galdetzea dela azaldu zuten. Bakoitzak bere arlotik konpromisoak hartzea ezinbestekotzat jo zutelarik.

Bukatzeko, AHTren Aurkako Asanbladak lanean jarraitzen duela argi utzi nahi izan zen, egitasmo antiekologiko eta antisozial horren inposizioaren kontrako mugimendua azkartu nahi dutela esanez. Asanblada honi buruzko informazio gehiago nahi baduzu, sakatu hemen.

Mai
29

Gudari zaharraren gerra galdua, RAMON SAIZARBITORIA

Egilea: AOtegi    Irakurlearen txokoa       Trackback                                          Idatzia inprimatu Idatzia bidali

Ramon Saizarbitoria Donostian jaio zen 1944an. Soziologoa da izatez. Gizarte Zerbitzuen arloan liburu ugari argitaratu ditu eta SIIS Dokumentazio eta Ikerketa zentroko zuzendaria da. Bere ibilbide profesionala dela eta Eusko Jaurlaritzaren I. Sustatu saria eskuratu zuen 1994an. 60. hamarkadako urteetatik honantz, euskal hedabide gehienetan hartu du parte (LUR argitaletxea eta Oh Euzkadi literatur aldizkaria sortzen… Halere, nobelagile gisa ezagunagoa da:
Egunero Hasten Delako (1969), Ehun MetroEuskadi Literatura Saria 2001ean lortua du.

Bere lanik ezagunena ez izan arren, nik irakurririko liburua gomendagarria dela iruditzen zait: Gudari zaharraren gerra galdua. Ondorengoa da liburuaren azalean azaltzen dena:

Udalaitzen atzetik azaldu eta Kanpazar gainetik, Gipuzkoa eta Bizkaiaren arteko mugara, Heinkel 111 eta Junker 52 alemanak itzulian agertu zirenean, trintxeren babesari uko egin eta agerian geratua zen narrazio honetako protagonista. Harrekero egurrezko zangoa zerabilen protagonistak. Egun haietan gerran hanka motz geratzearen ordaina jasotzeko ahaleginak egiten ari zen paperak beteaz. Udaletxetik notarioarenera. Bere ordularia lau t’erdietan geratu egin zen, bonbek Intxorta gainean harrapatu zuten ordu berean. Honek susmo txarra eman zion, baina aurrera jarraitu zuen bere ideiarekin, hau da, Elgetara joatearen eta bere zangoa lurretik ateratzearenarekin. Egia esan protagonistak ere ez du agertzen bere zangoarengana joan nahirik, bertara iritsi eta lurra zulatzen hastean argitzen du. Zuloa egiten eskuekin hasi zen, baina bere burua ezin jarraiturik zebilela ikustean zango motzarekin jarraitu zuen. Hau odoletan hasi zitzaion eta hemen bukatzen dira pertsonaiaren bizitza eta narrazioa bera.

Honela kontaturik narrazio motza eta erraza dela esango luke edonork, baina bere ia ehun orritan hainbat gertaera edo bitxikeria kontatzen ditu flashback moduan eta horrek haria jarraitzea zailtzen du. Gainera, honelako asko agertzen da, protagonista askotan aritzen baita bere buruan biraka, garai bateko gertakizunei hautsa kendu nahian balebil bezala.

Esan bezala, Saizarbitoriak gerra zibileko gertakariak dakarzkigu gogora narrazio honetan, baina hemen ere ageri dira maitasun kontuak. Protagonista bere neska-lagun Miren ikusteagatik zegoen bere trintxeratik at eta ohartzerako airean ikusi zuen burua.

Narrazioan ez da soilik protagonista agertzen, baita bere lagun batzuk ere. Horien denen hitzek oraindik gehiago nahasten dute bat. Nire iritziz, gaia interesgarria da eta istorioaren jarraipena eramangarria da.

Idazleaz gehixeago jakin nahi izanez gero, klikatu hementxe.

Mai
28

Ardilatxaren arrakasta itzela

Egilea: haizea    Orokorra       Trackback                                          Idatzia inprimatu Idatzia bidali

Azkenaldi honetan hain ezagun bilakatu den Ardilatxa Tolosako gazte talde batek Kataluniara egindako bidaia batean sortutako ideia baten gauzatzea da. Denbora oso gutxian ia mundu osoan barrena zabaldu da pegatina bitxia, besteak beste, Polonia, Londres, Maroko eta Argentinaraino helduz.

Dena den, hedatze hau ez da aberastasun seinale. Jendeak tolosarrak dirutza egiten ari direla uste duen arren, gazte hauek pegatinak eta beste hainbat produktu saltzetik ateratako dirua Euskal Kultura bultzatzeko erabiltzen ari dira. Aurten, esaterako, diru horren partida bat Ibarrako Alur dantza taldearentzat izan da, hamargarren urteurreneko liburua argitaratzeko, hain zuzen ere.

Hasiera batean kaleratutako pegatinek izan duten arrakasta dela eta, beste zenbait produktu ateratzea ere erabaki dute. Honela, txiskero, kamiseta zein katiluetan, adibidez, topatu ahal izango dugu ardilatxa ezaguna.

Elkarte honen inguruko informazio gehiago jaso, produkturen bat erosi edo beraiekin harremanetan jarri nahiko bazenu, klikatu hementxe .

Amaitzeko esan, harrituta gelditu naizela bertan, gure antzera, literatur txoko bat dutelako. Bisita ezazu!

Mai
27

ERROSKILAK

Egilea: alonso    Orokorra       Trackback                                          Idatzia inprimatu Idatzia bidali

Azterketaz azterketa gabiltza eta hainbat momentutan pixka bat erlajatzea ere komeni da, ezta? Bada, horretarako, erroskilak nola prestatzen diren azaltzea bururatu zait. Ez da denbora gehiegirik behar; beraz, jarraitu ondorengo pausoak eta garai honetako estresa kentzeko moduko jaki bat dastatzeko aukera izango duzue

OSAGAIAK:

- 50 g gurin
- katilukada bat azukre
- arrautza bat
- bi kikara txiki esne
- gatz pittin bat
- 3 katilukada ogirin
- royal sobre bat

NOLA EGIN?

Hasteko, gurina bigundu eta azukrea, bi kikara esne eta eragindako arraultza nahastu. Ondoren, gatza, royal eta hiru katilukada ogirin bota eta berriro ondo nahastu. Orea biguna gelditzen bada, ogirin gehiago bota, orea eskuetan eransten ez dela geratu arte.

Hau egin ondoren, oreari forma ematea dagokizu. Gero, zartaginan olioa beroa dagoenean bota eta kolore polita hartzen duenean, paperezko serbileta gainean ipini, honek soberan duten olio guztia xurgatu dezan. Amaitzeko, plater polit batean ipini azukretan pasa ondoren.

ON EGIN DAGIZUELA!!!!!!!

Mai
26

Sinestesia

Egilea: maitanee    Orokorra       Trackback                                          Idatzia inprimatu Idatzia bidali

Kasualitate hutsez, behin, ezohiko gaixotasunei buruz hitz egiten zuen artikulu bat aurkitu eta irakurri nuen. Horietako gaixotasun bat bereziki interesgarria iruditu zitzaidan, eta horri buruzko artikulu hau idaztea bururatu zitzaidan.

Pertzepzioarekin zerikusia duten arazoen artean intentsitateari [objektu batekiko pertzepzioaren gehikuntza (hiperestesiak) edo pertzepzioaren gutxipena (hipoestesiak)], fideltasunari [objektu baten deformazioa (ilusioa) edo benetan ez dagoenaren deformazioa (aluzinazioa)] edo integritateari [antzematen den objektuaren distortsioa (dismorfopsia) edo objektuaren eraldaketa (metamorfopsia)] eragiten diotenak daude.

Pertzepzioaren integritateari eragiten dioten arazo sensopertzeptiboen artean, begi bistaz jasotako objektu bat distortsionatu eta horren osagarri bat galdu beharrean, pertzeptzioak eransten dituen bat badago: sinestesia. Ohikoa ez den pertzepzioaren arazo bat dugu hau, zentzumenetako baten kinadaren bitartez, sentsazioa beste zentzumen batean sortzen duena. Sinestesiaren ezaugarriak honako hauek dira:

sinestesia
- Kinada berdinek beti pertzepzio bera eragiten dute.
- Pertzepzioak nahigabekoak dira.
- Pertzepzioak norbanakoak dira: sinestesiko bakoitzak kolore eta forma ezberdinak elkartzen ditu.
- Pertzepzioak asimetrikoak dira, hau da, baliteke 7 zenbakiak kolore urdina gogoraraztea, baina kolore urdinak ez du zertan 7 zenbakia gogorarazi.
- Pertzepzioak etengabeak dira, txiki-txikitatik hasi eta ez direlako inoiz aldatzen.

Sinestesia ohikoenek ikusizko pertzepzioak eta entzumenezkoak nahasten dituzte; horrela, soinuek, hitzek edota musikak koloreen ikusmena sortzen dute. Sinestesia pairatzen dutenak aztertuz, erreakzio ohikoena zenbakiak eta hizkiak erakutsiz, kolore bat edo kolore batez oroitaraztea eramaten dieten soinu bat bururatzea litzateke. Kasu arraro baina posibleen artean soinuak entzutean ukimen sentsazioak edukitzearenak, objektu jakin batzuk ikustean zaporea sentitzearenak edota pertsona ukitzean usaina nabaritzearenak daude.

Arazo hauek sortzen dituzten faktoreak ezezagunak dira, hala ere, genetikoki transmititzen direla sinesten dute ikertzaileek. Gutxi gorabehera 2000 pertsonatatik 1ek duela gaitz hau kalkulatzen da, eta emakumezkoen kasu gehiago ezagutzen dira gizonezkoenak baino. Gainera, datuen arabera, ezkertiek edo homosexualek, eskuinek edo heterosexualek baino gehiago pairatzen duten arazoa da.

Badago pentsatzea sinestesikoak arteen mundutik gertuago daudela sinestesikoak ez direnak baino, baina ez da nahitaez horrela. Hala ere, egia da artista ugarik jasaten duten zerbait dela.

Sinestesiari buruz zerbait gehiago jakin nahi baduzu, klikatu hemen.

Hurrengo orrialdea »
top