euskaljakintza
urt
29

Egun paregabea atzokoa!!!

Egilea: jaizpurua    orokorra       Trackback

Gutako batzuk bazkal ostean

San Juan Bosko izenez ezagutzen den jai berezia ospatu zuten atzo Goierriko ehunka ikaslek. Jakintza Ikastolako ikasle eta irakasleak ez ginen gutxiago izan eta goizean goizetik ospatu genuen.

Goiztiar ibili ginen 08:30ean klase hasiera baikenuen eta lehen hiru klaseak ematea beste erremediorik ez genuen izan. Beste ikastetxe batzuen inbidia ahaztu nahian, atseden ondorengo ekintzek arrakasta itzela izan zutela ezin ukatu: saskibaloia, futbol, eskoba, mus eta beste joko aunitzetan parte hartu genuen ikasle zein irakasleek. Behin ekintza ezberdinak burutuz goiza igarota, sabela bete asmoz, 55 bat lagun elkartu ginen trena hartu eta Ormaiztegi aldera ihes egiteko. Bertan nahikoa jan eta oraindik asmatzeke dauden asmakizun batzuen ondoren, itzuli ginen bide beretik baina aurkako norantzan Ordizia aldera.

Parrandan murgilduta, nork bere bidea hartu zuen eta gutxi batzuek amaitu genuen batera. Argazki mordoa ateratzeaz gain, barre algara franko egin genuen euskarako arauak errepasatuz (izugarria izan zen!!). Gehiagotan egiteko modukoa, bai horixe!!! Berehalakoan ahazten ez diren horietakoa izan baitzen inongo dudarik gabe.

Beraz, lerro hauek idazten ari garenok ez dakigunez denon eguna nola amaitu zen, zuen esperientziak kontatzera animatu nahi zaituztegu (konta daitezkeenak, behintzat!). Besterik gabe, hurrengoaren zain gelditzen gara…

Argazki gehiago ikusi nahi badituzue, Stickam-ean sar zaitezte. Halere, beste argazki guztiak Flickr-en aurkitu ahal izango dituzue hemendik egun batzuetara (ezin izan ditugu gaur sartu hilabeteko megak bukatuta ditugulako).

urt
28

Dragoi Bola

Egilea: aalvarezdeeulate    orokorra       Trackback

Kaixo lagunok! Zuetako nor ez da txikitatik Son Goku heroiaren jarraitzaile izan? Garai politak haiek, memoria kaskar honen arabera arratsaldeko zortzietan hasten zen hasiera batean eta ez zegoen inor nire gelan ordu honetan kutxa tuntunaren aurrean ez zegoena. Askoren ustez, bizitzako telesail onena izan da, da eta izango da.

Txikitatik pagaren zati handi bat kromo eta antzekoak (tazoak, posterrak, txapak…) erosten xahutzen (ge)nituen. Helduxeagoa egin nintzenean, hamar bat urterekin, telebistan Son Goku azaltzen ez zelarik, paga erdiarekin, astero-astero izebaren dendara joan eta “serie amarilla” delakoaren komiki-kolekzioaren faszikulua erosten nuen nire amaren begirada haserrearen pean. Komiki bakoitzak telebistako kapitulu bati zegokion, nire alaitasuna 120. alea jasotzean amaitu zen nire “amatxitok”, bere onetik irtenda, gehiago erostea debekatu baitzidan.

Bost bat urte beranduago, ordea, izebaren dendan nengoela, nire heroi Son Gokuren komikien faszikuloak berriro hasi zirela ikusi nuen , baina oraingoan Japoniako estiloan, hau da, eskubitik ezkerrera, eta gainera lodikoteagoa (hamar bat kapitulu zituen barnean). Bilduma hau ere egiten hasi nintzen eta, momenturik onenean, bidaltzeari utzi zioten. 25. tomoan bilduma bertan behera geratu zen, Freezer-en bigarren metamorfosi eta Son Gokuren sendatzearekin.

Hau guztia ahaztua nuelarik, duela gutxi Planeta de Agostini etxeak serie hau DVD formatuan kaleratzen zuela zioen iragarkia ikusi nuen. Arratsalde horretan bertan joan nintzen izebaren dendara, lehen ez badut esan ere, nire izebaren denda Mujika papertegia da (munduko papertegirik onena :)je je) eta bertan lortu ditut Dragoi Bolako kapitulu gehienak (abuztuan itxi egiten du). Ez zituztela bidali esan zidan. Aste batzuk pasa dira ordundik eta esperantza galdua dut inoiz iritsiko diren ere.

Kuriositatez gaur interneten begira hasi eta Wikipedian Son Gokuri buruzko informazio mordoa dagoela konturatu naiz. Eta benetan poztu nauena bertako link batek eman dit, El mundo de Dragon Ball deritzonak, hain zuzen ere. Bertan bidaltzeari utzi zioten tomo guztiak daude erabiltzaile ororentzat. Argazkiak interesatzen bazaizkizu, egin klik hemen eta milaka izango dituzu. Gainera, jakin dudanez, e-mulen euskarazko lehenengo 28 kapituluak eta gaztelaniazko guztiak eskura daitezke. Euskarazko letra ere lortu dut:


DRAGOI BOLA

Goazen lagunok amets betean
dragoiaren bola bila batera.
Orain badakit nongo zuloan
dagoen altxorrik ederrena.

Gure mundu hau irla haundi bat da
eta hortxe ostenduta altxor eder bat.

Bihotzean badut nik amets on ederrik
eta ez da eguzki dizdiratsuagorik,
goazen bihotza betean aurki dezagun, goazen.

Tximistaren bidetik dragoi bola bila,
itsaso eta lurrez bihotz bete ametsez
eta altxorra geuretzat izango da.

Ekin lagun bideari,
Son Gokurekin ez da beldurrik,
zeru goian nahiz lurrean
hegan eginez laster altxorra dugu.


Letrak, arraroa badirudi ere, Bilbao Basketen orriak duen Dragoi Bolaren sailetik atera ditut.

urt
27

Handi bezain indartsu: H3

Egilea: aitorotegi    autoen txokoa       Trackback

Hummer etxeak kaleraturiko azken hau, lehenagoko hiru autoak (H1, H2 eta H2 SUT) baino txikiagoa da, eta Europa alderako egokiagoa. Hala ere, ez da batere txikia: ia bost metro luze (4’7m), bi metro zabal (1’89m) eta beste hainbeste altu (1.89m). Beste era batera esanda, Nissan Pathfinder eta Toyota Land Cruiser autoen antzeko tamainak ditu, eta honekin adierazi nahi da, ez dela aparkatu ahal izateko arazorik izango, baldin badago non aparkatu behintzat.

Bere hiru aurreko modeloen antz handia du, angelu zuzen askoz osaturiko diseinua, izugarrizko gurpilak, azken hauen arteko tarte handia eta kristal belztu eta txikiak.

Barrualdea Barrualdetik begiratuz:

Errespetua sortzen duen kanpoko itxura militarra ahantziz, luxuzko autoa dirudi barnealdetik. Bere anaiek baino akabaera hobeak ditu, eta, horrez gain, ekipamendu osatuagoa du. Modan jartzen ari diren eserleku berogailudunak ditu, sabaian kristalezko leiho irristatzailea eta luxuzko gehigarri gehiago, larruzko eserlekuak esaterako. Denetan bitxiena, ordea, oso gutxi ikus daitekeen satelite bidezko XM irratia da. Posible da gainera sei hazbete eta erdiko pantaila duen GPS nabigatzailea ezartzea; noski, azken honek garestitu egingo du autoa erostera joateko garaian.


Motorearen xehetasunak:

H3 berriak Vortec 3500 motorea darama, 220 zalditako indarra duena. Gasolinazkoa da eta oraingoz izango duen motore bakarra. Hau da, agian, Europako merkatutik pixka bat aldentzen duen arrazoia, jakina baita diesela dela nagusi gure kontinentean. Motorearen kontsumoa, hala ere, ez da neurriz gainekoa, alderantziz, oso ongi mugatua dago: batez beste 11’8 litro ehun kilometroko.
Gasolinazko 220 zaldik indar asko diruditen arren, 2 tona pasako auto batean (2132 kg), nahiko justu geratzen dira, batik bat autopistetan auto eta kamioiak aurreratzerakoan. Gainera, bere abiadura 158 km/h-ra mugatua dago.

H3 berria Garbi geratzen da, beraz, ez dela errepiderako eginiko autoa. Beraz, mendia dugu Hummer handi honi probetxua ateratzeko leku bakarra. Mendian gabiltzala, oztopo gutxik gera dezakete eta zabalera handia duen arren, merkatuko autorik onenetarikoa da mendian ibiltzeko, oso ongi prestatua baitu azpialdea. Hori dela eta edozein lekutan sar gaitezke beldur handirik gabe.

Prezio aldetik, berriz, oso ondo dago, 48800 eurotik aurrera hasten baita bere balioa. Europako merkatuan aurrera egiten laguntzen dion arrazoia da, beste autoekin alderaturik antzeko balioa baitu. Esan behar da, H3-ak, bere anaien erdia balio duela. Honakoak dira luxuzko 4×4 autoetan ezagunenak:

X5 50600€*
TOUAREG 49420€*
XC90 45400€*
Q7 54860€*

*balio hauek gasolinazko autorik merkeenei dagozkie.

Aurreko balio horiekin alderaturik, H3-ak erraz egin dezake aurrera. Azkenik, esan behar asko ikusiko ez den arren, irailaren erdirako 20 eskaera eginik zeudela, prezioa jakin aurretik. Horrek esan nahi du, geroztik gehiago saldu direla eta, egunen batean, gure herrian bertan ikusteko aukera izango dugula.

« Aurreko orrialdea  Hurrengo orrialdea »
top
Who links to my website?