Archive | abendua, 2005

Gozokiak: jarkiezinezko tentaldia

Inor ez du goibeltzen gozoki batek. Gaur egun, ordea, esaera zahar hau entzutea nahiko zaila da. Izan ere, gero eta jende gehiago arduratzen da bere kanpo itxuraz -baten bat ere bere osasunaz, nola ez- eta gozokia ahoan sartzeak izugarrizko buruhausteak ekartzen ditu. Eta, noski, gabonek ez dute ezertan laguntzen, garai egokiena baita urtean zehar esfortzu handiz galdutako kiloak berreskuratzeko. Datu batzuk ematearren, espainiar estatuan 24 tona turroi eta mazapan eta milaka kilo txokolate, pastel eta beste hainbat gozoki kontsumituko dira garai hauetan. Eta ez hori bakarrik, urtean zehar 2,4 kilo karamelu, txikle, litxarreri, etab. irensteko ohitura omen dago. Alde batetik, osasunean adituek jatorduetatik baztertzeko gonbitea luzatzen dute; baina, bestetik, iragarki eta erakusleihoetan hauek ikustean, tentaldian erori beste irtenbiderik ez dugu aurkitzen. Baina benetan elikagai debekatuen zakuan sartzea bidezkoa al da? Hain kaltegarriak al dira? Bai eta ez.

Gozoak Egia da gozokiak ez direla gure behar elikagarrietan sartzen, eurak gabe lasai asko bizitzeko ahalmena baitugu. Hala ere, baita egia da ere gizakiaren izatea tristeagoa litzatekeela hauek gabe, arraroa baita erosketak egitetik gozoren bat gabe irtetea. Gainera energia handiko elikagaiak dira. Adibidez, turroi biguneko 100 gramo bakoitzak 530 kaloria eskaintzen dizkigu . Horrez gain, jaki osoak direla esan dezakegu, proteina, azukre, gantz azidoz, mineralez eta bitaminaz osatuak baitaude. Ezin dugu esan, ordea, denek propietate berak dituztenik. Litxarrek, esaterako, forma dibertigarri eta zapore atseginagatik ume eta helduak erakartzen dituzte berehala. Baina mantenua ez eta kaloriak besterik ez dituzte. Horrez gain, maiz gozatzen badira eta aho garbiketa egokia ez bada, txantxarraren agerpena segurua da. Hau dela eta, umeak gozotegietatik urrun mantentzea gomendatzen dute, azken urteetan loditasun tasaren gorakada dela eta: espainiar estatuko gazteen %14ak loditasun arazoak ditu. Izan ere, gure organismoak karbohidratoak edo azukreak gantzean bilakatzeko joera du hauen kantitatea gehiegizkoa bada.

Alabaina, ez larritu! Hainbat ikerketak frogatzen duenez, delizia hauen erregeak, txokolateak, baditu txapela kentzeko propietateak ere. Hasteko txokolate beltzak, %70 edo gehiagoko purutasunekoak, hipertentsioa jaisten laguntzen du. Horrela ziurtatu du L´Aquiako italiar unibertsitateak, 15 egunetan zehar gaixo hauei txokolate beltzeko txokolatina bat emanez. Beste alde batetik, Nature aldizkarian agertu zenez, txokolate beltzak odoleko sustantzia antioxidagarrien gehikuntza eragiten du eta honek bihotzeko gaixotasunak edota minbizia ekidin dezake. Azkenik, iaz Helsinkiko unibertsitateak egindako ikerlanak ziurtatzen zuen haurdunaldian zehar gozo hau hartzen zuten emakumeek seme -alaba alaiagoak eta irribarretsuagoak izango zituztela.

Beraz, gabonetan ez pentsatu eta gozatu. Gero gerokoak!!

Honi guztiari buruz zerbait gehiago irakurri nahi izanez gero, klikatu hemen

Comments { 1 }

“Zabalik” astekariaren bukaera

6 urtetan zehar publikatu den El Correo eta El Diarioren euskarazko astekariak, gaur, abenduak 29, aterako du azken zenbakia.

1999ko azaroaren 27an argitaratu zen aisialdiko eta kultura edukiko astekari honen lehen zenbakia. Sortu zenetik, aldaketa ugari izan ditu: hasieran, ostiraletan ateratzen zen El Correo eta El Diario egunkariekin batera, baina urte honetako urtarrilean, ostegunetan jarri zuten salgai.

Astekari honek euskara esparru guztietara eta era guztietako irakurleengana iristeko xedea zuen; aldizkari arin, erabilgarri eta erakargarri moduan sortu zuten.

Sortu zenetik, ezagun askori egin dizkiete erreportajeak, Alex Ubago, eta Iñaki Perurena beste askoren artean.

Astekari honek urtean 52 ale atera izan ditu eta hasieran aipatutako egunkariekin batera 35 zentimotan saltzen zen. Harpidetza eginez gero, bestalde, 1,15 eurotan saltzen zen, opari eta promozio guztiak barne.

Zabalik astekaria formatu digitalean ikusi nahi baduzue, hemen sakatu.

Comments { 1 }

Gabon solidarioak

Egunotan Bilboko Arriaga antzokiko eskailera nagusietan alfonbra gorria ezarri dute. Zertarako? Bada, gaixorik dauden ume afrikarrei laguntzeko.

Merkatari elkarteak antolaturiko kanpaina bat da, non bi euroren truke, joan den astelehenetik hasita eta datorren urteko urtarrilaren 4ra bitartean, egunean ordubetez aho famatu ezberdinetatik hainbat ipuin entzuteko aukera dagoen. Ipuin kontaketa Bilbo Solidarioa, Munduko Gabonak kanpainaren barruan antolatu dute. Horrela, futbolari, idazle, aktore eta pertsonaia famatu askok irakurriko dizkiete egun hauetan ipuinak antzokira hurbiltzen diren etxeko gazteenei. Besteak beste, atzo, hilak 28, Irantzu Castrillo Athletikeko jokalaria izan zen bertan ipuin bat kontatzen.

Honekin batera, aipatu beharra dago Munduko Gabonak programaren barruan kaleko jarduerak, berbaldiak, zinema ikuskizunak, erakusketak eta enparauak antolatu dituztela. Eta guzti-guztia gaixorik dauden Afrikako haurrentzat da; horrela, kanpaina honen bitartez eskuratzen den diruarekin haur horiek Euskal Herrira ekarriko dituzte, hemengo ospitaleetan sendatuak izan daitezen. Ekimen txalogarria, ezta?

Informazio gehiago nahi izanez gero, klik egin hemen eta hemen.

Comments { 0 }
-->