euskaljakintza
mar
15

Hitzapasa: telebistako Pasapalabra euskaraz online

Egilea: Maite    euskara, hitz-jokoak       Trackback                                          Idatzia inprimatu Idatzia bidali

Betidanik gustatu izan zaizkit hitzak, eta horiek bezainbeste, ia-ia, hitzekin zerikusia duten lehiaketak, jokoak… Etxean nagoenean, adibidez, askotan pizten dut telebista Pasapalabra programaren azken txanpa ikusteko, non alfabetoko hitzez osatutako erroskoa azaltzen den. Eta beti inbiditan! Euskaraz horrelako zerbait egongo balitz, etekin polita aterako nioke…

Geroago, Gaurko Hitza blogarekin hasi nintzenean, egunez egun ipintzen nituen hitz horiek praktikatzeko hitz-jokoak sortzeari ekin nion. Orduan ere, ditxosozko erroskoa buruan nuela, han eta hemen galdezka hasi nintzen, ea norbaitek ezagutzen ote zuen Pasapalabra sortzeko aplikaziorik edo. Adibide batzuk bidali zizkidaten PowerPoint eta JClic programak erabiliz egindakoak (esker mila, Anibal De La Torre) eta beste bakarren bat ere topatu nuen (Pasapalabra navideño), baina nahiko urrun zeuden nik buruan nuen hartatik. Duela hilabete batzuk, ordea, sarean bi adibide hauek topatu nituen: Pasapalabra eta Pasaconjuro. Horietatik tira eginez, sortzaileekin harremanetan jarri eta jatorrizko artxiboak lortu nituen. Hainbeste denbora atzetik ibili ondoren, gainera, biak egun berean. A ze gauzak!

Kontua da biak ala biak .fla artxiboak zirela. Flasha menperatzen ez nuenez, Twitter bidez laguntza eskatzea otu zitzaidan. Horrela, La Personnalitéko Goiok laguntza eskaini eta hitza hartu nion (bide batez, Diario Vasco.com-eko Kortabitarteri ere eskerrak eman nahi dizkiot, bera ere laguntzeko prest agertu baitzen). Gauzak horrela, Goiori zein aldaketa nahi nituen esan eta abian ipini zen. Bileraren bat, ordu batzuk eta hainbat buruhauste eta gero, azkenean, Larramendik esango lukeen legez: “Ezina ekinez egina”. Goio, hitzak motz geratzen zaizkit eskerrak emateko.

Hitzapasa: Pasapalabra jokoa euskaraz online

Hasierako helburua Gaurko Hitzan azaltzen joan diren hitzak praktikatzea bazen ere, horiek oso zailak zirela ohartuta, maila edo urrats ezberdinetako ariketak sortzea pentsatu nuen, maila guztietako erabiltzaileek euren hiztegia hobetzeko aukera izan zezaten. Oraingoz, 3 urrats ezberdinetan banatutako 6 ale baino ez daude, baina pixkanaka-pixkanaka gehiago sortzen joango naiz.

Jokatzen hasi aurretik, komenigarria litzateke ondorengo oharrak kontuan izatea:

  • Definizioa irakurri eta idatzi hari dagokion hitza laukitxoan. Adi! Erantzuna -a artikulurik gabe eman behar da, mugagabean).
  • Erantzuna idatzi ondoren, erantzun (edo enter) botoia sakatu.
  • Badaezpada ere, erantzun botoia sakatu aurretik bi aldiz begiratu, idatzi duzuna idatzi nahi zenuena dela ziurtatzeko.
  • Erantzunen batean zalantza baduzu, erabili PASO EGIN botoia eta aurrera jarraitu (geroago erantzuteko aukera izango duzu).
  • Kontuz denbora mugarekin!
  • Amaieran, puntuazioa eskuratzeaz gain, erantzunak ikusteko aukera izango duzu (asmatutakoak zein oker erantzundakoen zuzenketa).

Hitzapasa gehiago sortu ahala, Gaurko Hitza eta euskaljakintza blogen eskuineko zutabeetan eskuratu ahal izango dira. Hasteko, baina, hementxe uzten dizuet 1. urratseko adibide bat (egin klik irudiaren gainean jokoari ekiteko). Ea gai zareten hitz guztiak asmatzeko! Zorte on!

Guztiak ikusteko:

mar
12

Bertso-afaria Lazkao Txikiren omenez

Egilea: Maite    ebpn       Trackback                                          Idatzia inprimatu Idatzia bidali

Lazkao Txiki hil zela 17 urte igaro direla eta, Goierriko Euskal Eskola Kultur Elkarteak eta Lazkao-txiki taldeak bertso-afaria antolatu dute hura omendu eta, bide batez, tarte atsegina igaro nahi duen ororentzat. Hementxe dituzue ekimenaren inguruko gorabehera guztiak:

BERTSOLARIAK: Xebastian Lizaso eta Amets Arzallus.Lazkao Txiki (argazkia: bertsoa.com)

MENUA: txorixoa, saiheskia, bakailaoa eta mamia.

NOIZ: martxoaren 26an, ostirala, gaueko 08:30ean.

NON: Lazkaomendiko Lartxai Elkartean.

IZENA EMATEKO EPEA: martxoaren 23a baino lehen. Gerriko Liburudendan (943-88 65 00)

PREZIOA: 22,00 €

ANTOLATZAILEA: GOIERRIKO EUSKAL ESKOLA KULTUR ELKARTEA, LAZKAO-TXIKI TALDEA

mar
10

Gure geneen aurka borrokan

Egilea: izaskungs    arazoak, gizartea       Trackback                                          Idatzia inprimatu Idatzia bidali

Ispilua emakume askoren amesgaizto bihurtu da. Errealitatea erakusten du eta askok urrundu egin nahi dute hortik gorputz argal, zizelatu eta betiko gaztetasunean izoztutakotik oso urrun gaudelako. Ispiluak emakumeok gehien kezkatzen gaituzten inperfekzio horiek agertzen ditu.  Betidanik izan gara zelulitisaren beldur; izterretan sortzen diren mendikate horiek ez agertzeko erregutzen dugu. Eta nork ez ditu inoiz Angelina Jolieren ezpainak desiratu? Baina, dudarik gabe, emakume guztiak adinez gora joan ahala, gehien gorrotatzen dutena zimurrak ateratzea da. Lehenengo, begien ondoan ateratzen hasten dira; gero aurpegi osora zabaltzen dira, eta iraganean izandako azal leuna oroimenean baino ez da geldituko. Beraz, nola gainditu edertasunetik aldentzen gaituzten “huts” hauek?

Soberan ditugun kilo horiek gainetik kentzeko, aldizkarietan ateratzen diren dietak egiten ditugu. Jangaitza izanagatik, emakume eta neska asko gai dira moda-modan dagoen argaltasun hori eskuratzeko. Batzuk obsesionatu egiten dira, eta jaten dutena kontrolatu eta kaloriak kontatzera iristen dira. Bide hau jarraitzeak ez du amaiera onik ekartzen, anorexia edo bulimia hortxe daudelako.

Hala ere, dieta egiteak argaltzea baino ez du ahalbidetzen. Beraz, nola lortu zimurrik gabeko aurpegia, haurdunaldiaren ondoren zintzilik geratutako azala desagertzea, deformidaderik gabeko sudurra edota zure titientzat neurriko bularretako bat eduki ahal izatea? Kirurgiaren bidez. Gero eta jende gehiagok jotzen du irtenbide honetara. Teknikak hobetzen ari dira eta, teknologia berriekin hainbat aurrerapen egin denez, kirurgiak lorpen handiagoak egitea ahalbidetu du. Beraz, orain gehiago dira kirurgian konfiantza osoa jarri dutenak beraien kezka horiek desagerrarazteko.

Famatuak hasi ziren kirurgiarekin gorputzeko atalak hobetzen, gorputzak beraien lanean zerikusi handia zuenez, gainerako pertsonentzat eredu izan behar zutela aitzakiatzat hartuz. Aitzakiak baino ez. Horren atzean, eder eta gazte mantentzeko grina zegoen. Izan ere, nolatan hartuko dute protagonistatzat zimurrak edo izugarrizko sudurra duen aktoresa bat?

Gurekin ere antzeko zerbait gertatzen da. Gaur egungo gizartean, aurreiritzi asko ditugu eta kanpoko itxurak garrantzi handia du. Modako moldetik ateraz gero, denen burla bihur zaitezke. 1,60 m neurtuz gero, txikia izango zara modelo izateko, eskatzen duten 1,’70 m-tik oso urruti zabiltzalako. Sudur handia edukiz gero, gaizki emango duzu pantaila aurrean, gehiegi ikusi eta aurpegi orekatu izatetik urruntzen zarelako. 36 tailan sartzen ez bazara, gizenegi egongo zara. Eta bularretakoaren 85 taila handiegi baduzu, nahiz eta 18 urte izan, oraindik oso gaztea zarela pentsatuko dute. Horregatik, gero eta jende gehiago joaten da inperfekzio horiek konpontzera.

Baina zergatik da horren garrantzitsua gazte eta eder mantentzea? Ezin al dugu garen bezala izan, eta, denborak aurrera egin ahala, naturaltasunez zahartu, biologikoki horrela programatuta gaudenean? Zergatik aldatu goitik behera gure itxura gure geneen kontra? Argi dago kanpoko itxurak beti izan duela garrantzi handia, baina azken hamarkadan gehiago oraindik kirurgiari esker. Horrelako gauzekin ahazten duguna da pertsona egiten gaituena gure barnean dagoela. Eta hori izan beharko litzateke garrantzitsua; izan ere, garrantzitsua esentzia da, ez estaltzen gaituena. Garen bezalakoak izaten jakin behar dugu; gure akatsak onartu eta dohainak indartu behar ditugu.

Hurrengo orrialdea »
top